"Bizilore, egia bihurtutako ametsa" jardunaldi pedagogikoak

2018-01-15

Urtarrilaren 27an, 9:30etik 17:30era, Azkoitiako Bizilore eskola aktiboan egingo da jardunaldia.

Badira 5 urte Bizilorek lehen urratsak eman zituenetik eta lehen pauso haiei esker iritsi da gaur dena izatera. Ibilbide sakona izan da, joan–etorri desberdinak izan dituena, bidean izerdi tanta asko isuri dituguna. Sinesten genuen zerbaitean jarduteak ematen duen indarrak mugituta gaur esan dezakegu ametsak egia bihur daitezkeela, ortzian dauden izar eta astroak bat egiten dutenean posible dela. Gure proiektuak jakin-mina sortzen duela adierazten digu egunerokotasunean jasotzen dugun harrerak.

Izena emateko: http:/bizilore.eus/

Informazio gehiagorako: formazioa@bizilore.eus

 
 
"Bizilore, egia bihurtutako ametsa" jardunaldi pedagogikoak

BIZILOREn inguruan galdera ugari jasotzen dugu egunerokoan: Nola sortu zen? Zergatik zaudete eraikin honetan? Zuek erosia da? Zenbat ume daude eskolan? Zein adinetakoak? Eskolak ze izaera du? Nola egiten duzue egunerokoan umeekin? Zer aurkituko du umeak eskolan? Zergatik deitzen diezue irakasleei bidelagun? Zenbat bidelagun daude? Zein espazio eta material eskaintzen dituzue? Zergatik horiek? …. Eta eskaera ugari ere jasotzen ditugu, eskola bisitatzeko eta batez ere umeak eskolan daudenean behatzeko.

Horrengatik guztiarengatik erabaki dugu guk egiten duguna jaso eta interesatuta dagoen ororekin partekatzea. Horretarako jardunaldi pedagogikoak antolatu ditugu, bertan, nor garen eta nola antolatzen garen azaltzeaz gain, hezkuntzaz dugun begirada eta ikuskera azalduko dugu eta Bizilore eskola egunerokoan zer den erakutsiko dugu. Guztion artean hezkuntzaz hausnartu eta egoera berriak irudikatzeko egun ederra izango da, amets egiteko eguna izango da, bai eta eguneroko errealitatea ametsetara nola hurbildu zubiak eraikitzeko eguna ere.

 

LANDUKO DIREN GAIAK

- Biziloreren sorrera eta egungo egitura edo antolatzeko modua azalduko dugu. Hausnarketan, parte hartzean, lankidetzan eta komunitatean egin dugun prozesua aurkeztuko dugu.

- Bizilore eskola zein oinarrien gainean eraikitzen ari garen azalduko dugu, hezkuntza proiektuan eta egunerokotasunean eskola nola antolatzen dugun azalduz.

- Biziloren egun bat nolakoa den azaldu eta ikusiko dugu.

- Eskolako espazioetan zehar bisita gidatua edo azaldua egingo dugu.

 

EGITARAUA

9:30. Harrera
9:45. Bizilore: sorrera eta egitura
10:30. Bizilore eskolaren oinarriak eta antolaketa
11:30. Atsedena eta hamaiketakoa
12:00. Egun bat Biziloren
13:30. Bazkaria
15:00. Bisita azaldua
17:00. Itxiera
 
 
NORI ZUZENDUA

Hezkuntza profesionalei, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei, haurrekin harremanetan dagoenari, gurasoei, prozesu eta antolaketa eredu parte hartzaileetan dihardutenei eta Bizilorez, hezkuntzaz, eraldaketa sozialaz, e.a. interesa duen pertsona orori.