Film proposamen oparoa osatu du Tinko euskara elkarteak 2018-2019 ikasturterako ere

2018-09-06

25 urte bete ditu Tinko Euskara Elkarteak, eta urteurren berezi honen harira, film eskaintza oparoa egin die ikastetxe, hornitzaile, udal eta banatzaileei. 2018-2019 ikasturterako hauxe da eskaintza: HHrako Grufaloa eta A zer nolako heroiak; LH1, 2 eta 3rako Albert eta Sagu&Pagu; LH 4, 5 eta 6rako Zipi&Zape (Kapitainaren irla) eta Asterix&Obelix (Jainkoaren Egoitza); eta DBHrako Peter (Levi Miller) eta Handia.

 
 
Film proposamen oparoa osatu du Tinko euskara elkarteak 2018-2019 ikasturterako ere

Tinko Euskara Elkarteak 1993. urtean hasi zuen bere ibilbidea areto komertzialetan zegoen euskarazko zine eskaintza gabeziari erantzunez.

Hasiera hasieratik, 3 eta 16 urte bitarteko haur eta eskola umeek beraien gustuko diren film erakargarri eta arrakastatsuak euskaraz pantaila handian ikustea izan du Tinkok helburu. Haurrek zinema euskaraz ikusteko aukera izatea eta ohiturak hartzea ezinbestekoa da hizkuntzaren normalizazio prozesurako eta horretarako filmak banatzeko eskubideak lortu eta hauek bikoiztu, material didaktikoa sortu eta banatu du 25 urteetan zehar jositako ikastetxe, hornitzaile, udal eta banatzaile sare zabal bati esker, Euskara Zinema Aretoetara programaren baitan.

Urte hauetan egindako lan onaren adierazle, sortu zenetik 1,6 miloi ikaslek ikusi dituzte Tinkok euskarara bikoiztu eta banatutako filmak.

2017/18. ikasturtean 82.000 ikusle izan dituzte Euskal Herrian eta Euskara Zinema Aretoetara programa Nafarroan eskaini dute lehen aldiz, 5.000 ikusle bilduz.

Ikasturte hau berezia izanagatik ere, urteroko ilusio eta gogo betez ekin diote lanari eta film proposamen oparoa osatu dute:

  • HHrako Grufaloa eta A zer nolako heroiak
  • LH1, 2 eta 3rako Albert eta Sagu&Pagu
  • LH 4, 5 eta 6rako Zipi&Zape (Kapitainaren irla) eta Asterix&Obelix (Jainkoaren Egoitza)
  • DBHrako Peter (Levi Miller) eta Handia.