SOINU LABORATEGIA. Aupa Quartet sokazko laukotearen eskutik

2019-04-08

Aupa Quartet sokazko laukote klasikoak batere klasikoa ez den ikuskizun bat prestatu du 6-12 urteko gaztetxoentzat. Musika mota desberdinak nahastuz ikuskizun alaia, erakargarria eta parte-hartzailea osatu du. Gaztetxoak dantzan, txaloka, txistuka edo erritmoa markatuz jartzen dituen ikuskizun bizia.

 
 
SOINU LABORATEGIA. Aupa Quartet sokazko laukotearen eskutik

 

Aretoaren goialdeko ikusleen artetik behera dator gazte itxurako heldu bat, kaskoak belarrietan, musika entzunez eta erdi dantzatuz, eta maletatxo bat zintzilik. Agertokira iritsi eta maleta irekitzen hasi da. Beste bat sartu da agertokiaren eskuinaldetik, patinete gainean. Buelta pare bat eman, patinetea aparkatu eta hura ere maletatxoa irekitzen hasi da. Hirugarrena ikusleen artetik atera da, mugikorrarekin jolastuz. Agertokiaren gainera igo eta maletatxoa irekitzeko utzi du mugikorra. Lehenengoak biolina atera du, bigarrenak biola eta hirugarrenak biolontxeloa. Eta jotzen hasi dira. Erritmo bizian, kutsakorrean; ikusleak mugitzen hasi dira segituan. Eta horrela, bata bestearen atzetik zortzi abesti jo dituzte. Abesti bakoitzarekin artelan baten irudia ikusi da agertokiaren atzealdean. Hori da Aupa Quartek taldeak prestatu duen Soinu laborategia ikuskizuna.

6-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ikuskizun honek berritzailea, puskatzailea, bizia eta erakargarria izateko osagai guztiak biltzen ditu: ikuskizun parte-hartzailea da, ikusleek perkusioa jotzen dute gorputzarekin, erritmoa eta entonazioa lantzen dituzte, dinamika ugari egiten dituzte, elkarrizketak sortzen dituzte instrumentuekin eta zuzenean konposatzen dute.

Berritzailea eta puskatzailea da, esate baterako, sokazko instrumentuekin ez direlako musika klasikoa egitera mugatzen. Rock-a, funky-a, jazz-a eta rap-a nahasten dituzte. Asier Suberbiola taldekideak azal-tzen digunez, “saxofoiarekin edota gitarrarekin jotzen diren musikak transkribatu eta sokazko instrumentuekin jotzeko moduan jartzen ditugu. Edo bateria, baxua... imitatzen hasten gara eta horrekin gure soinua sortzen dugu”. Horrela, ikusleengana iristea lortzen dute, gazteak dantzan eta mugimenduan jartzen dituzte. “Eta jaso dezatela guk jaso ez genuen mezu bat: sokazko instrumentuak ez direla musika klasikoa jotzeko bakarrik. Instrumentuak ez dira estilo batera mugatzen. Instrumentuak dira eta horiekin egiten dena norberaren menpe dago. Instrumentu asko dago, musika mota pila bat, eta nahi dena egin daiteke. Hori da adierazi edo transmititu nahi dieguna gazteei: natural ikustea Michael Jacksonen abesti bat biolontxelo batekin jotzea”.

Inprobisatuz parte hartu

Horregatik da ikuskizun bizia eta erakargarria. Dinamika polita sortzen dute ikusleekiko elkarreraginean. Esate baterako, piano bat zabaltzen dute lurrean, alfonbra bat bailitzan, eta gazteak gainetik pasatzen direnean teklak zapalduz, notak entzuten dira. Nota horiekin inprobisatzen hasten da musikarietako bat eta abesti bat sortzen du. “Momentuan sortzen dugu abestia beraiek piano gainean jotako notekin. Horrela, beraiek ere partaide bihurtzen dira, sortu egiten dute eta sortutako hori ikusi”, dio Suberbiolak. Beste abesti batean ikusleen artetik ateratako boluntarioei “gomazko txurro” pare bat ematen dizkiete eta musikariak biolinarekin egiten dutena errepikatzen hasten dira txurro horiekin.

“Boluntarioak aukeratzeko ere modu berri bat sortu dugu” azaltzen digu Suberbiolak. “Hasieran pelota bat botatzea pentsatu genuen, eta pelota hartzen zuena boluntario ateratzea. Baina, zer pelota? Futboleko baloi bat? Ez, futbola oso ikusia dago. Pin-poneko bat? Teniseko bat? Saskibaloiko bat? Bada, ez. Zergatik ez barazki batzuk? Eta azkenean hori erabaki genuen. Barazki batzuk bota-tzen ditugu eta haiek hartzen dituztenak ateratzen dira boluntario. Azken batean, pentsarazi egin nahi diegu. Zeren ikusten dugu korrontea oso-oso markatuta dagoela beraientzat; jada badaukate futbola, mugikorra eta musika mota bat. Eta guk musika mota gehiago erakusten dizkiegu”.

Ikuskizuna gertuko sentitzen dute gaztetxoek eta berehala hasten dira dantzan. “Hori lorpen bat da guretzat; hau da, arrotza ez sentitzea”, dio Suberbiolak. “Guk erritmoa jartzen dugu eta gorputza mugitzen dute. Dena hain intelektuala den garai hauetan gorputza mugimenduan jartzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Burutik gorputzera eta emozioetara pasatzea, alegia. Gazteak informal izan daitezen eta ondo pasa dezaten nahi dugu. Eta baita helduok ere. Helduak izateagatik ez dugu aspergarriak izan behar. Gu helduak gara eta ondo pasatzen dugu musika joz, dantza eginez, an-tzerkia eginez... Azken batean, arteak aukera hori ematen du eta horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa gaur egun artea”.

Inprobisazioa erabiltzen dute hori lortzeko. Abestien hasiera eta bukaera finkatuta dauzkate, baina tarteko guztia inprobisatu egiten dute, bai musika eta baita mugimenduak ere. Eta, noski, ateratzen diren boluntarioak beti desberdinak direnez eta desberdin erreakzionatzen dutenez, saio bakoitza desberdin ateratzen da.

-----------------------------------

Harremanetarako
Asier Suberbiola
Tel.: 635 753 344
E-posta: asiersuberbiola@gmail.com
Webguneak:
    www.asiersuberbiola.com
    www.aupaquartet.com

Soinu laborategia ikuskizunaren link-a
https://www.youtube.com/watch?v=ikU87tANWv8