Lanbide Heziketako ikasleek badakite enpresak sortzen

2019-06-14

Ikasenpresa, ikasi eta enpresa. Ikasketak eta lan-mundua lotzen dituen programa honek hogei urteko ibilbidea egin du, eta, aurten ere, zer emaitza izan dituen ikusi ahal izan zen otsailean, Eibarren ospatu zen VIII. Ikasenpresa Azokan. EAEko 81 Lanbide Eskolatako 2.000 ikaslek erakutsi zituzten azokan euren produktuak, asmakizunak eta esperimentuak. Hiru karpa handitan banatuta, guztira 376 enpresa-proiektu aurkeztu ziren azoka-egunean.

 

 
 
Lanbide Heziketako ikasleek badakite enpresak sortzen

 

Eusko Jaurlaritzako Hezkun-tza Sailak Tknikaren bitartez erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleei zuzendutako programa da Ikasenpresa. Hezkuntza-programa honen bitartez, ikasleek enpresa bat sortu eta martxan jartzen dute ikasgelan, horretarako behar diren jarduera guztiak aurrera eramanez: irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketak eta abar. Horrela, produktu edo zerbitzu errealak garatzen, ekoizten eta merkaturatzen dituzte. Merkataritza-harremanetarako, beste eskola-enpresa bat esleitzen zaie, eta bien artean egiten dituzte salerosketak; besteak beste, produktuen katalogoa bidaltzen diote elkarri, gero salerosketa egiteko. Daukaten berezitasuna zera da: hezkuntzako enpresak direla, hau da, ez direla benetakoak, ez dutela IFKrik. 2018-2019 ikasturtean, EAEko 5.400 ikaslek hartu dute parte, eta 889 ikasenpresa-proiektu sortu dituzte.

Azoka: produktu eta zerbitzuen erakusleiho

Ikasenpresa Azokak ikasleei euren produktuak edo zerbitzuak erakusteko eta saltzeko aukera ematen die. Mahaietan, katalogoak ikusten dira, produktuak uki edota dasta daitezke; tresna askotarikoak ikusteko eta probatzeko aukera izaten da, eta, nola ez, guztiari buruzko informazioa eta xehetasunak emateko prest egoten dira gazteak. Horietako bi dira Lisa Aibar eta Yerai Vega. Bilboko San Inazio auzoko Elorrieta Errekamari lanbide-eskolako ikasleok “Eskularru ikusezinak” promozionatzen dituzte. Kimikako erdi-mailako zikloa ikasi bitartean izan dute ideia: “Egunero babestu behar ditugu eskuak, eta batzuetan, egunean bi edo hiru eskularru erabiltzen ditugu. Kontsumo handia dakar horrek, eta, hori saihesteko, gel edo xaboi bat erabiltzea proposatzen dugu guk. Horrela, gure eskuak eta ingurumena, biak, babesten ditugu” azaldu du Yeraik. “Beste herrialde batzuetan, erabiltzen dute jada xaboi hori; hemen, oraindik ez. Horregatik, gure enpresaren egitekoa xaboi hori promozionatzea, ezagutaraztea eta merkaturatzea da”.

Iurreta lanbide-eskolako bost lagunek Etxeon arreta-zerbitzuko enpresa sortu dute. Hirugarren adineko pertsonentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat eguneroko jardueretan laguntzeko arreta eskaintzen dute: dutxatzeko, erosketak egiteko, eta abar. “Enpresa sortzeko, hainbat gauza pentsatu eta erabaki behar izan ditugu” azaldu dute. “Nola egingo dugun etxeetara joateko garraio-zerbitzua, zer arreta eskaini, prezioak erabaki... eta konpetentzia ezagutu ere bai. Uste genuena baino konpetentzia handiagoa dago”. Etorkizuna izan dezakeen enpresa dela iruditzen zaie, baina dirua behar da, eta hori da zailena, gazteen iritziz.

Laudioalde lanbide-eskolako Alex Pellok eta Mikel Angulok Farolux izeneko farolaren proiektua aurkeztu dute azokan. “Eguzki-energia hartu, biltegiratu, eta gauez mugimendua detektatzen duenean pizten den farola da” dio Alexek. “Mugimendurik ez badago, itzali egiten da. Horrela, ez dago gau osoan piztuta, eta energia aurrezten da”. Elektrizitatearen zikloa ikasi dute, eta gai horren bueltan bururatu zitzaien ideia. “Herriko farola guztiak gau osoan piztuta zeudela konturatu ginen, eta, gure ustez, ez da beharrezkoa” dio Mikelek. “Gainera, kable bidezko elektrizitatea kontsumitzen dute denek. Alegia, instalazio elektrikoa beharrezkoa dute, funtziona dezaten. Guk, ordea, eguzki energiaren bidez pizten den farola proposatzen dugu, kablerik behar ez duena. Beraz, gure farola egokia da kablerik iristen ez den lekuan jartzeko, mendialdeko borda batean, esaterako”. Ideia garatu eta produktua egiteko ibilbidean, farola bat egiteko prozesu osoa ikasi dute. Badakite produktu garestia proposatzen dutela, baina argi ikusten dute aldaketa egin beharra dagoela, energia berriztagarriak erabiltzeko.

Santurtziko San Jose Calasanz lanbide-eskolako boskote batek marketin eta publizitatea ikasi du, eta hainbat produktu sortu eta saldu dituzte: oihalezko poltsak, giltzatakoak, entzungailuentzako zorroak eta orri-markatzaileak. Gelako ikaskideek eta irakasleek emandako oihalekin josi dituzte, eta, ondoren, produktuak ezagutarazi eta saldu dituzte. “Publizitatea eta marketina ikasi dugunez, produktuak ezagutaraztea izan da gure lana. Horretarako, sare sozialak erabili ditugu batez ere. Instagramen eta Twiterren, produktu guztien argazkiak jarri ditugu”. Eskaera asko jaso dituztela diote, baina ez dutela enpresarekin aurrera jarraitzeko asmorik. “Asko saldu dugu, baina etorkizunerako ez dela produktu ona ikusten dugu. Une honetarako bai, ideia ona izan da, baina horretan geratuko da”.

Hernani Lanbide Heziketako Endika, Ane eta Xabierrek ez dute bukatutzat ematen euren esperientzia. Fabrikazio mekanikoko diseinua ikasi dute, eta birziklatzeko zaborrontzi bat diseinatu dute, baina berezitasun batekin: herri edo enpresa baten identitatearekin lotuta dagoen zaborrontzia. “3Eko izena jarri diogu gure enpresari, eta zaborrontziak diseinatzen ditugu. Edozein herri edo enpresatatik etortzen bazaizkigu eta beren identitatea zein den esaten badigute, horren arabera diseinatzen dugu zaborrontzia, lau alderdi aintzat hartuta: organikoa, errefusa, papera eta plastikoa”. Hala, lanbide-eskola Hernanin dagoenez, handik abiatu dira lehen diseinua egiteko: “Errugbia indarrean dagoen herria izanik, eta atez atekoa duenez, errugbiko baloi itxura duen lau edukiontziko zaborrontzia diseinatu dugu” azaldu du Endikak.

Enpresaren egitekoa zaborrontziak diseinatzea da, eta ikasleek diseinatzen ikasi dute. Baina hori gero mekanizatu egin behar da; alegia, planotik produktu errealera pasatu behar da. Eta egokitzapenak egin behar izaten dira hor. “Gerta liteke gure ideia ona izatea, baina fabrikatzeko garaian zailtasunak sortzea. Orduan, gure egitekoa da diseinua aldatzea eta produktua egiteko modua bilatzea”. Planoaren eta produktuaren arteko lotura behar dela konturatu dira, diseinatzailearen eta lantegikoen arteko harremana ezinbestekoa dela.

Ideiak arrakasta duela eta funtziona dezakeela ikusten badute, enpresarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute. “Bada Urratsbat izeneko proiektu bat, eta, horren bitartez, eskolak aholkatu eta lagundu egingo liguke” diote gazteek. “Gai burokratikoak egiten, estatutuak idazten eta horrelako lanetan lagunduko liguke lanbide-eskolako irakasle batek, eta, horrez gain, eskolako gela bat utziko ligukete bulego gisa lehenbiziko urtean”. Hartara, ez dute diru-inbertsio handirik egin behar lehen urtean.

Tolosako lanbide-eskolako Markel eta Ikarok Informatika ikasi dute, eta 3 dimensionals enpresa sortu dute, beste ikaskide batzuekin batera. Programa informatikoak eta 3D-ko inprimagailuak erabiliz, puzzle didaktikoak egin dituzte. “Berez, proiektuak, irekiak direnak, Internetetik jaitsi ditugu, eta haiekin egin dugu lan. 3D-ko inprimagailuetan kargatzeko, tenperatura, dentsitatea eta beste hainbat elementu neurtu behar dira, eta hori egiten ikasi dugu; inprimagailuek dituzten programa bereziak erabiltzen, alegia”.

Gabonen aurretik, 8-10 urteko umeentzako moduko puzzle didaktiko eder horiek saldu zituzten, baina enpresak aurrera jarraitzeko inbertsio handia egin beharko luketela aurreikusten dute: “Alde batetik, dendatxo edo lantegi bat beharko genuke gure muntaia egiteko. Eta, bestetik, 3D-ko inprimagailuak erostea eta mantentzea garestia da”.

Ekintzailetasuna helburu

Enpresa bat sortzeko lana jartzen die Ikasenpresak gazteei, eta, horrekin, ikasleen ekintzailetasuna bultzatu nahi da. Enpresa bat sortzea zer den esperimentatzen dute, eta zer urrats egin behar diren ikasi. Aldi berean, norberak bere enpresa sortzea aukera bat izan daitekeela konturatzen dira. Azken finean, programaren helburua ikasleen hainbat konpetentzia gara-tzea da, langile eta profesional onak izan daitezen. Jon Labaka Tknikako arlo teknologikoko zuzendaria da, eta aspalditxotik ezagutzen du Ikasenpresa programa eta abantaila asko ikusten dizkio: “Esate baterako, irakasle gisa, gelan apunteak emanez esplika dezakezu zer enpresa mota dauden: sozietate mugatua, sozietate anonimoa, kooperatiba, lan-sozietatea eta abar. Edo esan: ‘Enpresa bat sortu behar duzue. Bilatu informazioa zer enpresa mota dauden, eta hautatu zuentzat egokiena dena’. Bigarren erak motibatu egiten du, eta hori da ekimenaren muina”.

Horrez gain, azokak beste dimentsio bat ematen du: bakoitza bere ikastetxean baldin badago, han egiten dena bakarrik ikusten du. Azokan, ordea, gainerako enpresak ezagutzeko aukera zabaltzen da. Bakoitzaren atzean dagoen jendea, ekimena, lana, sormena...

Aurtengo azokan ikusi diren 376 enpresetatik, askok ez dute jarraituko, ez dira enpresa bihurtuko. Baina heziketa-zikloko 2. maila bukatu ondoren benetako enpresa bat sortu nahi dutenak Urratsbat izeneko programaz balia daitezke. Ikasenpresa ikasketen barruan txertaturik dago, eta Urratsbat hortik kanpo. Ikasketak amaituta, urtebeteko laguntza ematen zaie enpresa bat sortzeko. Zer motatako laguntza? Eskolan bertan gela bat uzten zaie bulego modura, eta hainbat tramite burokratiko egiten laguntzen die eskolako irakasle batek. Labakak dioenez, “2005etik hona 800 enpresa baino gehiago sortu dira Urratsbat-ekin, eta horietatik 750 inguruk bizirik jarraitzen dute. Urtero, 60 enpresa inguru sortzen dira. Txikiak dira, 1,5 langilekoak batez beste, eta, jarduera aldetik, denetik dago. Urratsbat ekimena oso ondo ari da funtzionatzen”.

Pausorik zailena Ikasenpresatik Urratsbaterakoa ematea dela dio Labakak. “Ideia bat izan dezakezu, baina jada zure denbora jarri behar duzunean... Kuriosoa da, baina, krisi garaietan, lan gutxi dagoenean, irtenbidetzat ikusten dute gazte batzuek. Aldiz, ikasketak bukatu eta lana baldin badaukate, irtenbide hau gogorragoa da; politagoa baina gogorragoa”.

Lan-merkatuaren beharrak

Lanbide Heziketako familia batzue-tan, errazagoa da lan-munduan sar-tzea, eta beste batzuetan, zailagoa.

Baina Labakak beste gauza bat ere ikusten du: gazte falta. “Biztanleria zahartzen ari da. Dagoen egoerarekin, hazkunde handirik gabe eta lanpostu gehiago sortu gabe, ez daukagu nahiko gazte lanpostuetan erretiratzen den jendea ordezkatzeko. Arazo horrekin topo egingo dugula ikusten ari gara. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, hasi da matrikula jaisten, eta jaitsiera hori Lanbide Heziketara ere iritsiko da, eta handik enpresetara”. Beraz, gazteak behar dira, ongi prestatuko gazteak. Eta ongi prestatuta egotea hiru ezaugarrirekin lotzen du Labakak:

  1. Ekintzailea izatea: enpresa baten barruan ekimenak, ideiak... sor-tzeko gai izatea.
  2. Teknikoki maila ona edukitzea: behar handia dago ikasketa teknikoetan. Lehen, adibidez, zapatariak prozesu osoa ezagutu eta egiten zuen. Orain prozesuak atal txikitan banatuta daude, eta atal horietako bakoitzerako, ezagutza handia eta sakona behar da: informatika, automatizazioa, kudeaketa, fakturazioa, nazioarteko kudeaketa... Jende askorekin egin behar da lan, eta beste konpetentzia batzuk sartzen dira hor: talde-lanean jarduten jakitea, entzuten jakitea, komunikatzen jakitea... Alderdi horiek garrantzi handia hartzen ari dira, benetan makinak ondo funtziona dezan.
  3. Bigarren edo hirugarren hiz-kuntza bat jakitea, bidaiatzeko prestasuna edukitzea...

“Hiru ezaugarri horiek dituen per-tsona batek lana badauka gaur egun” dio ziur Labakak.