Eskola kirola, Herri Hezitzailearen ikuspegitik

2019-09-05

Duela bi urtetik, Azpeitia Herri Hezitzailea ekimenaren baitan, balioen hezkuntzan sakontzea helburu duen filosofia herrian txertatzeko helburuarekin ari dira hainbat eragile lanean.

 
 
Eskola kirola, Herri Hezitzailearen ikuspegitik

Ekimen hori herriko ikastetxeak, udala eta herrigintzako eragileak barnebiltzen dituen hezkuntza proiektua da: "Lan horretan, pasa den urtean, herri mailako diagnostiko bat burutu genuen, gaur egun, balioen hezkuntzan ditugun indargune eta ahulguneen inguruko hausnarketa konpartitua egin genuen. Diagnostiko hartan hainbat erronka jaso genituen, eta horietako bati helduko diogu irailaren 14an", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Diagnostikoaren emaitzak aztertzeko antolatu zen jardunaldian, non herriko eragile ugarik parte hartu zuten, sarri azpimarratu zen Eskola Kirolak balioak lantzeko duen indarra eta gaitasuna: "Ondorioz, beharrezkoa iruditu zaigu jardunaldia hau antolatzea, besteak beste, esparru horri gure aldetik bultzada eman nahi diogulako eta, orain arte, egin duen ibilbidearen aitortza egiteko", azpimarratu du.

Jardunaldi horrekin, Eskola kirolak herriko ikastetxeen, udalaren eta gurasoen arteko elkarlanarekin haurren garapenean izan dezakeen garrantzia azpimarratu nahi da: "Kirolaren bidez, guztiok elkarbanatzen dugun norabidea finkatu eta elkarrekin lan egiteko oinarriak sendotu nahi ditugu balioen hezkuntzan sakontzeko. Beraz, jardunaldi hauetara gonbidatu nahi ditugu eskola kirola posible egiten duten persona oro: hezitzaileak, ikastetxeak, gurasoak,teknikariak, kirol elkartetako kideak eta nola ez gaian interesa duen edonor", zehaztu du Egoitz Arrutu Kiroletako zinegotziak.

Soreasu antzokian, irailak 14an, goizeko 10:00tatik 13:00tara egingo den jardunaldian gaian sakontzeko hainbat adituren testigantzak eta esperientziak entzuteko aukera izango da.

Bertan, hizlari gisa arituko dira Udaleko ordezkariak, ikastetxeetako zuzendariak, Azpeitia Herri Hezitzaileko talde eragileko kideak, Kirol Kontseiluko ordezkariak, Alex Astigarraga Eskola Kirolean hainbat urtez Foru Aldundiarentzako lanean aritu den profesionala eta Uxua Gainza psikomotrizitatean aditua.

 

Irekia eta dohakoa

Jardunaldietarako sarrera irekia eta dohakoa izango da eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Norbaitek zaintza zerbitzua beharko balu edota informazio gehiago nahiko balu, idatzi herrihezitzaile@azpeitia.eus helbidera.

 

ESKOLA KIROLA, HERRI HEZITZAILEAREN IKUSPEGITIK

10:00etan, Udaleko ordezkariak. Ongi etorria eta jardunaldien aurkezpena.

10:30ean, herriko hiru ikastetxetako zuzendariak. Eskola kirola eta bere garrantzia hezkuntzan.

11:00etan, Azpeitia Herri Hezitzailea ekimeneko kidea. Herri Hezitzailea filosofiaren aurkezpena eta eskola kirolarekin lotura.

11:30ean, atsedenaldia

11:45ean, Uxua Gainza eta Alex Astigarraga adituekin mahai ingurua.

13:00etan, galderentzako tartea eta amaiera