Hizkuntza gutxituetako ordezkariek mobilizazioa egingo dute azaroaren 30ean Parisen

2019-11-22

Euskal Konfederazioak deitu du elkarretaratzea eta Hezkuntza Ministerioaren aurrean egingo dute. Sustatzaileek ohartarazi dutenez, hizkuntza gutxituak “desagertzeko arriskuan” daude Frantziako agintariak indarrean jartzen ari diren politiken ondorioz, eta “ezinbestekoak” dira neurri erangikorrak hizkuntzak hauspotzeko eta defendatzeko.

 
 
Hizkuntza gutxituetako ordezkariek mobilizazioa egingo dute azaroaren 30ean Parisen

“Ikasgaien erreforma lizeoetan, Batxilergoaren erreforma, brebeta azterketa osorik euskaraz egin ezina…”. Euskalgintzako eragileen arabera, horiek adibide batzuk besterik ez dira, baina, oro har, Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministro karguan Jean-Michel Blanquer denetik, “gogortu” egin dira estatu osoan “lurralde hizkuntzen” kontrako erasoak. Horiek salatzeko Euskal Konfederazioak dei egin du beste hainbat hizkuntza gutxitutako ordezkariekin batera hilaren 30ean Parisen egingo den mobilizaziora. Hezkuntza Ministerioaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan hasita. Sustatzaileek ohartarazi dutenez, hizkuntza gutxituak “desagertzeko arriskuan” daude Frantziako agintariak indarrean jartzen ari diren politiken ondorioz, eta “ezinbestekoak” dira neurri erangikorrak hizkuntzak hauspotzeko eta defendatzeko.

Mobilizazioan parte hartzeko, Ipar Euskal Herri osotik aterako dira autobusak. Zehazki, Hendaiatik, Donibane Lohizunetik, Lartzabaletik, Kanbotik eta Baionatik.

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak sinadura bilketa bat du martxan, Parisen hedatuko dituzten aldarrien aldeko atxikimenduak jasotzeko. Change.org-en ari dira egiten sinadura bilketa.

Albistearen inguruko informazio gehiago Berria egunkarian. Argazkiaren iturria: Berria egunkaria.