Hezkuntza Publikoan aritzeko lan eskaintzak iragarri dituzte 2020rako EAEn eta Nafarroan

2019-12-02

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzat deituko ditu plazak. Nafarroako Gobernuak unibertsitatez kanpoko irakasleentzakoak eta Administrazio Guneari dagozkionak izango dira.

 
 
Hezkuntza Publikoan aritzeko lan eskaintzak iragarri dituzte 2020rako EAEn eta Nafarroan

2020. urtean 1.707 lanpostu publiko eskainiko dira EAEn eta Nafarroan hezkuntza publikoan aritzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publiko bat egingo du 2020an Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzat. Guztira 1.148 postu izango dira. Horietatik 1.021 lanpostu izango dira Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat eta 127 Lanbide Heziketakoentzat. Lanpostu gehien Matematikan (147) Geografia eta Historian (116) eta Gaztelanian (115) eskainiko dute. Hurrena Fisikan eta Kimikan (81), Euskaran (55) eta Filosofian (45). Horrez gain, Hezkuntzako Ikuskarien Kidegorako 28 plaza eskaintzen dituen deialdia ere argitaratu da. Karrerako irakasle funtzionarioei zuzenduriko deialdiaren hautaketa probak 2020ko udaberrian burutuko dira.

Hezkuntza Sailak 2020. urte hasieran egingo du deialdia, eta bertan zehaztuko dira izena emateko epeak, proben egunak eta ezaugarriak, programazio didaktikoa aurkezteko egunak, eta abar.

Nafarroako Gobernuak ere bi foru dekretu onartu ditu, 559 plazako lan eskaintza publiko bat argitaratzeko. Horietatik 337 unibertsitatez kanpoko irakasleei dagozkie, eta 169, berriz, Administrazio Guneari. Gainera, 53 plaza erreserbatzeko txanda dago, 46 desgaitasuna duten pertsonentzat (34 Hezkuntzan eta 12 Gune Administrazioan) eta beste 7 plaza genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat (guztiak Gune Administrazioan).