Euskal Herri osoko ikastetxe guztiak itxiko dituzte, koronabirusagatik

2020-03-12

Eusko Jaurlaritzak Koronabirusari aurre egiteko neurri gisa, Arabakoez gain, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeak ixteko erabakia hartu ostean, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxeak astelehenean, martxoaren 16an, itxiko dituzte. Haur Hezkuntzatik unibertsitatera arteko hezkuntza zentroak itxiko dituzte, hasiera batean bi asterako.

 
 
Euskal Herri osoko ikastetxe guztiak itxiko dituzte, koronabirusagatik

Hona Eusko Jaurlaritzak igorri duen agiri ofiziala:

Hezkuntza-komunitateko kide agurgarriok:

COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean, eta Eusko
Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, zirkular honen bidez jakinarazten dizuegu
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako
eteteko hartutako erabakiaren berri.

Etenaldi horrek 15 eguneko iraupena izango du bihartik aurrera, martxoaren 13tik aurrera.

Ondorioz, bertan behera geratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru lurralde
historikoetako ikastetxeetan aurrez aurreko eskola-jarduera guztia, bai eta Haurreskolak
Partzuergoaren mendeko haur eskoletan ere.

Nolanahi ere, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat
hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi
diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da.

Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal
den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak
alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du.

Horrez gain, Osasun Sailak gomendatzen du, nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin
dezaketen, ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan
egotea. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatzen dizuegu, hartutako
neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan.

Ikasleekin edo irakasleekin egiten diren mota guztietako irteerei dagokienez, Osasun Sailaren
jarraibideak bete behar dira. Une honetan horiek saihestea gomendatzen du Sail horrek.

Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, horri buruzko
informazio eguneratu guztia helarazteko.

Informazio eguneratua eta jarraibide operatibo gehigarriak izateko, sailaren webgunearen
barruan atal bat gaitu da, gomendioak eta mezu berriak aldizka helarazteko.
https://www.euskadi.eus/koronabirusari-buruzko-informazioa/web01-s2hhome/eu/
Hezkuntza-komunitateko kide guztien erantzunkidetasuna eskatzen dugu, salbuespenezko eta
ezohiko aldi hau behar bezala kudeatzeko, aldi berean, lankidetza ere eskertzen dugularik.