Erika Lagoma: Inuzente

2020-04-03

Zutabea: Teorizariorik ez. Aipurik ez. Juzkurik ez. Abenduaren 28 batean egin nintzen ama. Bortz minuturen aldearekin jaio ziren bi umeren ama. Haurdunaldian zehar ez nuen umeen hazkuntzari buruzko ezer irakurri, eta ez nintzen erditze aurreko prestakuntzetara joan. Ez zen hautu kontziente bat izan. Horrela suertatu zen. Jaioberrien unitateko gailuen zaratak jasangaitzak egin zitzaizkidan hamabortzgarren egunaz geroztik. Eta bitartean, oraindik umerik gabeko etxearen isiltasunean hartu nuen arnas. Zortzi hilabeteren ostean, zaintzaz gaindiko lanetara bueltatzea erregutu nion neure buruari, buru hori bera bertan aurkituko nuelakoan. Ez zegoen han.

 
 
Erika Lagoma: Inuzente

Moztu dizkiezu azazkalak. Titia estali duzu kamisetarekin. Bukatu duzu bigarren karrera. Aldatu dituzu pixoihalak. Irri egin duzu. Klaustroa. Irri egin dizu. Fini graduondoko azken lana. Paretan purea dago. Jarri duzu eguneko bigarren labadora. Nafarroako txapelketa. Zuzendu dituzu ikasleen idazlanak. Jo du iratzargailuak. Sukarra du. Euskal Herriko Txapelketa. Mukiak berde-berdeak dira. Hesteetako koliko bat eduki duzu. Migrainak. 

 

Saltoka ari zara, zalapartaka. Keinuka ari zatzaizkio iraganeko bizitza hari, baina ez zara ageri nonbait. Jolastu zinen haien umeekin, eta zureekin noiz jolastuko zain… zaude mahaiaren bueltan, zuk kafea lasai har dezazun. Umeak zer moduz dauden galdetu dizu, hark ere umeengatik.

 

Geltokian zaude haur bana eskuetan, eta pasatzen dira trenak, bata bertzearen atzetik, bi norabideetan. Pasa dira hartu ez dituzun hainbertze tren, ezen bat-batean konturatu baitzara tren batean zoazela. Zuk hautatu duzun trenean. Txalo jotzen ez duten trenean. Begizuloak modan dauden trenean.

 

Ez zeunden eroso zure gogo bakarra tapoiak jarri eta ohean bakarrik sartzea zenean. Plazera da isiltasuna aukeratua denean. Ez zeunden eroso batzarretara joan ezin zenuenean. Egia erran ez zeneukan batere gogorik. Kantatu gabeko bertsoz beteta zeneukan sakela.

 

Eta pasatzen dira urteak, bat, bi... zortzi, eta konturatu zara superheroi bati legez begiratzen dizuten lau begi dauzkazula gerriari lotuta. Eta joaten zara jardunaldi feministetako Amatasun errealak Euskal Herrian tailerrera, eta bertan dagoen ausardiak, umiltasunak eta inteligentziak ukabilkada batez esnatzen zaitu. Eta konturatzen zara, parkean, liburuetan, iragarkietan, twitterren, kalean... dagoen hori guztia zure iragazkitik pasata jasotzen dutela gerrira itsatsita dauzkazun lau belarriek. Entzun nahi zaituzte, zurekin jolastu, zurekin solastu, zurekin justua ez dena arbuiatu, zurekin piezak bata bertzearen gainean jarri eta dorrea eraiki... eta bota.

 

Amatasunak egin nau feministago eta antikapitalistago. Amatasunak, gurasotasunak...deitu nahi duzun bezala. Eta galdera bat eta bakarra da: norentzako aldatu nahi dugu mundua?

 

Ez hobe, ez txarrago. Ezer ez da berdin. Gorputza da poligrafo bakarra.