Oinherriren manifestua: Gora haurtzaroa!

2020-04-20

Bizi dugun egoera ikusita eta aurrera begira haurtzaroa kontuan hartzea nahi dugulako, Oinherri osatzen dugun eragileok —tartean Hik Hasik— manifestu bat plazaratu dugu. Manifestu honetako ideia edo aldarrikapenekin bat egiten baduzu, lotura honetan izena eman eta batu gurera. Horrez gain, datorren igandean haur eta nerabeei esker ona adierazteko eta kalera atera ahal izango dutela ospatzeko, txalo zaparrada eta festara deitzen zaituzte Oihnerrik, 12:00etan.

 

 
 
Oinherriren manifestua: Gora haurtzaroa!

GORA HAURTZAROA! MANIFESTUA
1-HAURRAK IKUSGAI BIHURTU BEHARRA DAGO.

Larrialdi egoerarekin, ez dira kontuan hartu haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak, ezta beraien osasun integralerako beharrezkoak diren neurriak ere.
Onartezina da eskolak itxi eta haurrak etxeetan giltzapetu genituenetik, inongo organo instituzionalek aipamenik txikiena ere ez egitea. Haurren eskubideak zapaldu ditugu. Haur eta nerabeak, helduokin batera, gizarte hau osatzen duten subjektu aktiboak dira eta erabaki horien parte dira.

2-Haurren Eskubideen Adierazpena dugu oinarri haurren defentsarako.

Nazio Batuek eginiko Haurren Eskubideen Adierazpenarekin bat egiten dugu. Orokorrean, Haurtza- roaren Babeserako, Prebentziorako eta Promoziorako aritzen dira. Eta aldi berean, partaidetza alda- rrikatzen du: haurrak, gizaki oso bezala jaso behar ditugu, eskubide osoekin. Bereziki, haien bizimo- duari dagozkien erabakietan. Eta Haurtzaroaren kultura horretatik entzute aktiboa proposatzen dugu haurren behar eta eskaerei kasu egiteko.

Haurren Eskubideen Adierazpen horretan, 29. artikuluan, heziketaren aldeko aldarrikapena egiten da. 31. artikuluan, berriz, jolasaren aldekoa. Argi ikus daiteke, nahiz eta pisu bera izan eskubide gisa, jolasaren eskubideak ez duela gure gizartean indar berbera. Jolasa ezinbestekoa da haurren ongizate fisikoa eta psikologikoa garatzeko.

3-Haurtzaroa eta nerabezaroa ez dira soilik etorkizuna, ORAINA ere badira.

Etorkizunerako prestatzen ditugu haurrak, oraindik osorik ez baleude bezala, oraindik balioko ez balute bezala. Alabaina, haurrek sentitu egiten dute, pentsatu egiten dute eta horren arabera jokatzen dute, helduok egiten dugun bide bera eginez. Nahikoa da haurrekin denbora pixka bat elkarbanatzea etorkizunaz gain, oraina ere badirela ohartzeko; ondorioz, orain da haiei hitza emateko momentua. Haur eta nerabeak subjektu aktiboak dira eta haien beharrak, sentimenduak, iritziak eta ikuspegiak kontuan hartu behar dira beti, are gehiago, alarma egoerak sortzen dituen galera eta zaurgarritasun motak saihestu nahi badira.

4-NATURAREN PRESENTZIA ezinbestekoa da, haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako.

Gizartea erabat “urbanizatuta” dago eta gure umeek “biofobia” (naturari beldurra) barneratuta daukate. Ondorioz, gabeziak izan ditzakete ingurune natural batean moldatzeko. Ezinbesteko beharra dago umeak naturarekin konektatzeko eta geroz eta gehiago ematen ari den “Natura defizitaren nahas- tea”ren aurka aritzeko.

Haurrek, gizaki guztiok bezala, behar beharrezkoa dute naturarekin kontaktua izatea, defentsak indartzeko, mundua behatzeko, eskuak zikintzeko eskubidea, putzuetan salto egitekoa, zuhaitz zaharren barren hutsetan ezkutatzeko eskubidea. Are gehiago, eskubidea baino gehiago beharra da, mundua ulertzeko gai izango bagara, denak baikara natura.

5-UMEEN HITZA ENTZUN eta UMEEI HITZA EMAN

Haurrak ikusgai bihurtzeak haurren izateari eta adierazpenei benetako garrantzia eta lekua ematea esan nahi du: haurrek esateko dutena entzun, haurrei hitza eman, haien parte hartzea sustatu eta haien gaitasunetan konfiantza eduki. Haien ondoan errespetuz egoten ikasi, haien duintasuna eta nortasuna oztopatu gabe.

Parte hartzeak aniztasuna errespetatzea eskatzen du, botere harremanak orekatzea eskatzen du, ho- rizontaltasuna eskatzen du eta eskatzen du. Helduok haurren altuerara begirada jaisteko benetako saiakera egitea. Baldintza horiek betetzen direnean, gizartea guztiontzat bidezkoago eta demokrati- koago bihurtuko da.

6-Haurrek herri eta hirietan kalea hartu behar dute.

Hirietako lan erritmo azeleratuak, garraio ugari eta frenetikoak ekarri ditu. Trafikoak hiriaren bihotza hartu du eta oinezkoen mugikortasuna geroz eta gehiago murrizten joan da. Horrek haurrak kaleetan barna ziurtasunez mugitzeko eta jolasteko arazoak eragin ditu. Haurrak herri eta hirietako kaleetan konfiantzaz ibili eta jolastea ziurtatzen dugunean, hiritar guztiontzako espazio ziurra bermatuko dugu.

Hormigoia lehenengo, kautxoa edo goma ondoren, partxisaren koloretako kolunpioak gero, eta, amaitzeko, hesi bat eta gurasoentzako bankuak inguruan. Haurrak parkeetan izan ditugu konfinatuta etxeetan konfinatu aurretik. Hiriekiko ikuspegia aldatu behar dugu, hiriak eraldatu behar ditugu, gure osasuna lehenetsiz, ekonomia eta errentagarritasuna lehenetsi beharrean.

Saretu dezagun komunitatea gure haurrak erdigunean jarrita. Gure haurren zaintzak eta oinarrizko beharrak denon artean asetzen ditugun neurrian, ongizatea komunitate osoaren eremura hedatzea lortuko da.

Saretu dezagun komunitatea gure haurrak erdigunean jarrita. Gure haurren zaintzak eta oinarrizko beharrak denon artean asetzen ditugun neurrian, ongizatea komunitate osoaren eremura hedatzea lortuko da.

7-Ikuspegi inklusiboa erdigunean jarrita, haurrek bizi dituzten egoera askori egin behar diegu kasu. HAUR eta NERABEEN ERRONKAK komunitatearen ardura dira.

Helduon ardura da haur eta nerabeek bizi dituzten hainbat egoera eta erronkari arreta jartzea. Alarma egoerak haur eta nerabeei sortu dien eskubide urraketa eta egoera latzari arreta jartzea eta komunitate bezala irtenbideak bilatzen saiatzea, besteak beste.

Gure herri eta hirietan, zapalduak ahaldundu nahi ditugu, bazterrean daudenak erdigunera ekarri, eta hortik, errespetuzko harremanen kultura abegitsuagoa eraikitzen hasi. Ikuspegi inklusiboa komunitatearen erdigunean jartzea, denontzako onurak ekartzen dituelako.

Denok sartzen gara edo ez da inor sartzen!

8- HAURRAREN ESKOLA: MUNDUA.

Eskola ez da haur eta nerabeen eremu bakarra. Harrigarria egiten zaigu haurrak hizpide izan ditugun aldiro eskolak sartu ditugula ekuazio horretan, eskolarik gabe haurrik izango ez balitz bezala: haurra da subjektua eta mundua haren ingurune naturala eta soziala. Beraz, haurrak gizarteko eremu eta as- pektu guztietan presente egon behar duela aldarrikatzearekin batera, azpimarratu nahi dugu eskolaz kanpoak ere ─senideek, lagunek, jolas libreak eta aisialdiak, harreman sare herritarrak eta komunita- tean parte hartzeak─ txikitatik gure garapenean berebiziko garrantzia duela.

Eskola Herritarra eta Herri Hezitzailea nahi ditugu!