Kontaktua, mugitzeko indar

2020-05-14

Emmi Piklerren Mugimendu Autonomo Librearen filosofia eta umeak soinean eramatea bateragarriak direla frogatzeko hainbat arikulu idatzi dituzte esparru ugaritako adituek, tartean Beatriz M. Muñozek; mugimendu autonomoaren jatorrizko postura zalantzan jartzeaz gain, amaren sabeletik mundura,
ume-eramaileek egokitzapena errespetuzkoa izaten laguntzen dutela dio. 

 
 
Kontaktua,  mugitzeko indar

Mugimendu Autonomo Librearen inguruan ekarpen garrantzitsua egin zuen Emmi Pikler pediatra hungariarrak, eta haurraren zainketen garrantziaz ere inork gutxik eman du Piklerrek adina argi. HAZI HEZI aldizkarian artikulu bat baino gehiago argitaratu dira bi ildoetan Piklerrek egin dituen ekarpenen inguruan. Era berean, haurra soinean eramatearen onurez ere idatzi da HAZI HEZIn. Piklerren ikusmoldearen arabera, ordea, haurra soinean eramatea, hamakan edo takatakan ibiltzearen parekoa da. Haatik, haurra ume-eramaileetan ibili izan duten guraso askok euren begiz ikusi izan dute zer-nolako mesedea egin dion haurrari, gurasoen eta haurraren arteko harremanari eta baita haurraren mugimenduari ere.
 
Alor anitzetako adituek Piklerrek haurra soinean eramateaz esandakoa berrikusteko premia izan dute, eta hainbat egile batu dira haurrak soinean eramatea eta Mugimendu Autonomo Librea zeinen bateragarriak diren azaltzeko artikulu-bilduma bat egiteko. Haurra ume-eramaile ergonomikoan eta era seguruan garraiatzea haurraren oinarrizko premia den neurrian mugimendu librearen praktikaren osagarri gisa defendatzen dute artikuluen egileek, haurraren garapen psikologikoan, edota autonomiaren garapenean oztoporik ezartzen ez duena —Piklerrek kritikatzen dituen hamakek edota takatakek ez bezala—: “Haurra soinean modu ergonomiko eta seguruan eramatea haziera garapen osasuntsu bat laguntzen duen praktika gisa ulertzen dugu, eta Mugimendu Libre Autonomoarekin zeinen koherentea eta bateragarria den azaldu nahi dugu, haurraren beharrei erantzuteko baliabide aparta baita”, adierazi dute artikuluen egileek.

Beatriz M. Muñoz Montessori gida, Diziplina Positiboko aditua eta hainbat libururen egilea (besteak beste Montessorizate, criar siguiendo los principios Montessori) da bildumako artikulu baten egilea. Muñozek asko balioesten du Piklerren ekarpena, eta ados dago haurrak ez direla jarri behar bere kabuz iritsi ezin dituen jarreretan, ez eserita, ezta oinez eskutik emanda ere. Baina Piklerrek abiapuntuko posturatzat proposatzen duena zalantzan jartzen du: ez du uste buruz gorako postura denik beti lehenetsi behar dena, Piklerrek hobesten duen gisan. “Haurra jaiotzen denean bere amaren sabelean babestua eta kontenitua egotetik ordubetera izaki guztiz ezberdina izatera pasatzen al da, umetokian zegoenean zeukan guztia behar ez duena? Ez dut uste. Haurraren postura naturala, nire ustez, nire senaren eta nire esperientziaren arabera [lau alaba ditu] bere amaren bularrean dago. Haur jaioberriari uzten badiogu, arrastaka amaren sabeletik bularrean modu naturalean lotzera mugituko da. Horregatik uste dut hori dela haurraren postura naturala, bere bizitzako lehen orduan, uzten badiogu, hartuko duena”.

Haurra soinean eramateari Piklerrek ikusten dion eragozpenetako bat haurraren postura behartzea da. Haatik, haurra ume eramaile ergonomiko batean ongi ezarrita baldin badoa, jarrera ez dela behartzen ikusi du Muñozek: "Bizkarra umetokian zegoenean bezala dauka okertuta, ez dago eserita. Beraz, ez da haurraren postura behartzen, ez da horizontaltasunetik bertikaltasunera, helduaren nahieran, azkar aldatzen. Kontrakoa: haurrari denbora ematen zaio umetokitik lurrera igarotzeko gurasoaren besoetan behar duen denboran egonez”.

Gloria Urkola Meitaimaitieko kideak eta ume-eramaileetan adituak gakoa hor jartzen du: “Kontua ongi eramatea da, haurraren gorputza eta haren garapena errespetatuko dituen ume-eramailea erabili behar da, oso desberdina baita haur txikiaren eta urtebete edo bi dituen haurraren gorputza, eta beraz, harekin erabiliko dugun ume-eramailea ere desberdina izango da".

Muñozek dio umea soinean eramateak haur txikiari ez diola kentzen autonomia —ikuspegi piklerianoak kritikatzen duen eran—: “Ez dago autonomiarik ez badago desiorik, eta haur txiki baten desioa, biziraute hutsagatik, bere gurasoari lotuta egotea da”.Uste berekoa da Miren Camison, haziera ekologikoan eta prebentzio psikosozialean espezialista: "Jaio eta ondoren haurrak behar handia dauka bere gurasoaren presentzia lasaia eta arreta maitekorra ongi sentitzeko: besoetan goxo egotea, edoskitzea, elkarri begietara begiratzea, komunikatzea eta emozionalki erregulatzen duen behar epidermikoa asetzea; azala-azalarekin egoten denean erlaxatzen da". Haurtxoa handitzen doan heinean, oinarrizko bi behar orokor garrantzitsu ditu bere garapen osasuntsurako, Camisonen arabera: "Kontaktu fisiko eta afektibo goxoa zein autonomia sentsorial eta mugimendu librerako espazio egokia".
Camisonek gogoratzen du, gainera, mundu osoko jatorrizko herrien usadioetan umetxoak soinean eraman direla, "honek haurra eta gurasoen arteko kontaktua, ziurtasuna, babesa, begirada, edoskitzea, harreman afektibo eta soziala errazten dituelako. Ume handiagoek ere ume txikitxoak naturaltasunez soinean eramaten dituzte oihalean bilduak, ez bakarrik helduek. Komunitate osoa dago umeak zaintzeko eta begirunez tratatzeko".

Beste kulturetan ez eze, beste garaietan ere hemen umea soinean eraman izan da. Maria Montessorik duela mende bete idatzi zituen hitzak ekartzen ditu Muñozek gogora haurra soinean eramateak dituen mesedeez informatzeko; haurra ingurunera egokitzeko gurasoaren soinean egoteak egokitzapena modu naturalean egiten laguntzen diola idatzi zuen Montessorik: “Hainbat herrialdetan haurrak ez dituzte Mendebaldeko herrialdeetan bezala naturaren exijentziekin kontrastean hazten. Herrialde horietan haurra amarekin doa, ama eta haurra gauza bera dira, gorputz bakarra. Kalean, amak hitz egiten duenean haurrak entzun egiten du. Haurrak amak esaten eta egiten duen guztia ikusten du, eta haurraren egokitzapen-garai guztia irauten du ikasketa-prozesu honek. Horrela egokitzen dira haurrak ingurunenera, modu naturalean”.

Haurra gurasoaren soinean doanean sentitzen duen babesak eta segurtasunak ematen dion konfiantza mugimendu autonomo libreari ekiteko motorra da Muñozen arabera. Presentzia deitzen dio horri Camisonek. "Gaur egun, continuum-aren ikuspegitik ohartzen joan gara haurrak soinean eramatearen onurak asko direla, baina umea eramaten duen helduaren presentzia ere garrantzitsua dela. Ondoan eramateak ez baitu beti ziurtatzen heldua presentziarekin eta kontaktuarekin egoten denik".Urkolak eransten dio umearegandik gertu egoteak, haurraren beharrei azkar erantzutea dakarrela, eta beraz, haurraren zainketari laguntzen diola. “Kontaktua ia arnasa bezainbeste behar du haur jaioberriak. Esneak adina elikatzen du haur txikia gurasoaren larruazala ukitzeak. Urduritasuna baretzen, negarra lasaitzen du. Eta beraz, negarra eta aztoramendua saihesten ditu”. Kolikoak saihesteko ere ona da haurrarentzat; postura bertikalak, batetik eta gurasoaren berotasunak bestetik, haurraren diafragma gogor jar ez dadin laguntzen baitute"

Baina jaioberritan ez eze, haurra soinean eramateak haren ongizate fisikoari nola emozionalari mesede egiten dio, Urkolaren arabera. Hori bai, haurrak etapa bakoitzean dauzkan beharrak kontuan izateko eta errespetatzeko, haurrari eta berau soinean eramango duen helduari ongien egokitzen zaien ume-eramailea erabili behar da garai bakoitzean, izan fularra, fular elastikoa, meitaia edo motxila. Eta aholku orokor batzuk ematen ditu: "Arnas-bideak irekita daudela bermatu; ez eraman umea aurrera begira; haurraren bizkar hezurraren C forma errespetatu; M forman edo igelaren posturan ezarri, ipurdi osoaren gainean eseri behar da haurra ez ipurtezurraren edo genitalen gainean; ez egin mugimendu bortitzik, ez korrikarik, haurraren lepoa, bizkarrezurra edo burmuina mindu baitaiteke".