'Eskola aldiriak' proiektuaren deialdia ireki du Donostiako Tabakalerak

2020-06-01

Hezkuntza komunitateari zuzendutako deialdi honek artea eta hezkuntza lotzen dituzten proiektuak garatzeko laguntza ematen du. Donostiako Tabakalerak sustatuko deialdia da eta 6. edizioa du aurtengoa. Eskola Aldiriak deialdian aurkezten diren proposamenek honako erronka hauek izan behar dituzte oinarrian: elkarbizitza, espazio publikoa erabiltzea, auzoarekiko harremana, hezkuntza-proiektuan hezkuntza-komunitatea inplikatzea (familiak, ikastetxeko langileak…) eta metodologia pedagogiko berriak praktikan jartzea.

Gipuzkoako bost proiektu izango dira aukeratuak gehienez. Tabakaleratik proiektu bakoitzari jarraipena egingo zaio eta bitarte horretan proiektu guztiak elkartuko dituen topagune bat sortuko da urtean zehar finkatutako saio ezberdinen bidez. Proiektu bakoitzeko ordezkariz osatutako topagune honekin elkarrengandik ikasteko espazioa sortu nahi da, une berean garatzen ari diren tokian tokiko proiektuen arteko esperientzia trukea emanez, elkar erlikatuz eta elkarrengantik ikasiz.

Eskola aldiriak deialdian aurkezteko epea ekainaren 25ean bukatzen da. Lotura honetan aurki daiteke informazio gehiago.

 
 
'Eskola aldiriak' proiektuaren deialdia ireki du Donostiako Tabakalerak