COVID-19aren irakaspenak eskola hobetzeko

2020-09-07

Koronabirusaren osasun larrialdiak eragindako itxialdian egindako Hik Hasi Laborategiari bukaera emateko, uztailaren 1ean hezkuntzako bi aditu —Ane Ablanedo eta Nora Salbotx— eta bost ikastetxeko zuzendariak eta irakasleak bildu zituen Hik Hasik Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko lorategian COVID-19ak utzitako irakaspenetatik hausnarketa kolektiboa egiteko. Irailerako gako asko eman zituzten hizlari eta parte-hartzaileek. 

Uztailaren 1eko hausnarketa kolektiboko gakoak jaso ditugu HIK HASI aldizkariko gai nagusian eta baita Yotubueko gure kanaleko bideo honetan ere. 

 

 
 
COVID-19aren irakaspenak eskola hobetzeko

Ez da erraza izan. Martxoaren 13an eskolak itxi eta irakasle zein ikasleak etxetik lanean hasi zirenetik, bidea ez da erraza izan. Alarmaren larritasunean, inprobisatuz hasieran; zurrunbiloaren erdian, erabaki potoloak hartuz gero... ikastetxeak bidea egiten joan dira ekainera bitartean, familien laguntzarekin. COVID-19aren krisiak gauza asko jarri ditu mahai gainean, positiboak batzuk, ez hainbeste, beste batzuk. Hilabete zail hauetako irakaspenak mahai gainean jarri nahi izan ditu Hik Hasik urgentziaz sortu zuen Laborategiari amaiera emanaz uztailaren 1ean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko lorategian egindako hausnarketa kolektiboan, irailean presente izan beharko genukeen markoa zedarritzeko batetik, eta praktika zehatzak hobetzeko bestetik. Aurrez aurre, aire librean.

COVID-19aren pandemiak hezkuntzara ere krisia ekarri du. Krisietatik gauza onak atera daitezkeela sinetsita, eta une gaitzetan bizi izandako irakaspenak baliatu eta daukagun eskola hobetzeko helburuarekin, martxoaren 13az geroztik hezkuntza-komunitatean bizi izan dituzten esperientziak partekatzera gonbidatu ditu Hik Hasi egitasmoak bost ikastetxetako zuzendariak: Hernaniko Langile ikastolako Rosa Aierza, Debagoienako Arizmendi ikastolako zuzendari orokor Iñaki Etxezarreta, Hernaniko Aratz ikastetxeko Maiteder Requejo, Oiongo Ramiro de Maeztu herri eskolako Alicia Fernandez eta Tolosako Herrikide ikastetxeko DBH eta Batxilergoko Gartxot Agirre. Nork bere esperientziatik, zintzotasun handiz eta eskuzabaltasunez, Euskal Herri luze zabaleko ikastetxeei iraileko agertoki ziurgabean —non ziurrenik eskola presentziala eta telematikoa uztartu beharko dela aurreikusten duten guztiek—, lagungarri izan dakizkiekeen gakoak azaldu zituzten bost ikastetxeetako zuzendariek. Aurretik, Hik Hasi Laborategian parte hartu zuten bi adituk, Ane Ablanedok eta Nora Salbotxek, COVID-19ak eskola hobetzeko utzi dizkigun lezioetatik abiaturik marko bat marraztu zuten. Ikasle eta familiekiko komunikazioa; pertsona erdigunean jartzeko beharra; bizitzari leku egitea; elkar zaintzearen garrantzia; euskarari eusteko premia, familia-eskola binomioa sendotzeko nahia; markoaren garrantzia edota eduki curricularren aurrean konpetentziak sustatzeko premia nabarmendu zituzten parte-hartzaileek, eta bertaratutako irakasleek, besteak beste.

Krisiak erroetara begira jarri du Ane Ablanedo, pedagogia berritzaileetan aditua eta Baionako unibertsitateko eta institutu publikoko irakaslea. Hiru hilabeteotan ateratako lezio nabarmenena, Ane Ablanedorentzat eskola bizitzatik zeinen urrun dagoen hain nabarmen ikustea izan da. Beraz, irailari begira, krisia eskola hobetzeko baliatuko badugu, gaurko eskolaren erroak eurak zalantzan jartzen hasi beharko genuke, zimenduak sendotzeko: “Nik gaur dakardan diskurtsoa da krisi honek eman digula aukera irakurri nahi duenarentzat —irakurri nahi ez duenak ez du hori ikusiko— eskola —eta are gehiago institutua— pertsonek bizitzeko behar ditugun ikasketetatik zeinen urrun dagoen. Bizitzan, bizirik gaudelako eta munduarekin harremanetan gaudelako, ikasi egiten dugu; eskola bizitza horren luzapen bat balitz, prestatuago egongo litzateke birus honek ekarri duen krisiari erantzuteko. Kontua da urrun dagoela; oso agerian gelditu da”.

Bizitza erantsi behar zaio eskolari, eta eduki akademiko eta curricularra kendu. Hain zuzen ere, krisiak ebatsi diona (harremanak, sozializazioa, jolasa, dibertimendua...) erantsi, eta alderantziz, krisian sustatu dena (etxerako lanak, edukiak...) kendu. “Konfinamendu-garaian eskola tramite bat izan da —azaldu zuen penaturik Ablanedok—. Irakasleok etengabe aritu gara lanak bidaltzen, materiala banatzen... eta lan horiek esanguratsuak izan al dira ikasleentzako? Irakasleon lanetik harago, ikasleek bizipen batzuk izan dituzte konfinamenduan, eta bizipen horiei loturiko ikasketa batzuk izan dituzte, bizirik zeudelako. Bizipen eta ikasketa horietatik urrun egon da eskola”.
 
Ane Ablanedoren aburuz, krisia ez dugu baliatu behar eskola COVID-19aren testuingurura egokitzeko, baizik eta eskola bera hobetzeko eta eraldatzeko baliatu behar dugu abagunea. “Beste eskola bat behar dugu; ez koronabirusaren aurrean bakarrik, beste eskola bat behar dugu gizakiok, eta bereziki haurrek, bizitzan hasten ari diren neurrian”. Bizitzari lekua egiten badio eskolak orduan izango da haurraren eta nerabearen ikasketa esanguratsua. “Bizitzan nola ikasten dugu gizakiok? Eta aldiz, zertan ari da eskola? Zer ari gara egiten? Zer egin behar dugu eskola bizitokia izan dadin? Zer-nolako bizitza nahi dugu gizakiok? Zer-nolako bizitza eskaintzen diegu haurrei? Eskolan batez ere sozializatzen ikasten dute haurrek, baina zer sozializazio-mota barneratzen dute? Zer-nolako balioak?”
Bizitzan ikasten duen bezala, bere jakin-minetik abiaturik ikasiko badu haurrak eskolan, irakaslearen rola ere aldatu beharko litzateke: “Haurrak etxeko testuinguruan bizipenetatik, etxeko gauzekin eta lagunekin ikasten duen bezala ikasi beharko luke eskolan, eta irakasleok bidelagun izan beharko genuke, haurrari bere prozesuan lagunduko liokeena eskainiz, proposamenak, materialak eskura jarriz, eta harremanak zainduz”. Ablanedoren aburuz, erdigunean zer balore ezarri nahi ditugun planteatzeko unea da: “Nik proposatzen dudana da pertsona erdigunean jarriko duen bizitza bat, eta pertsona horri bere potentzialtasun guztiarekin eta integralki garatzen lagunduko dion eskola bat. Hori jarri behar dugu erdigunean, eta prozesu horretan ikasketa egongo da, sozializazioarena, edukiena eta gaitasunena, eta garapena egongo da”.

Hiru irakaspen eta galdera bat

Komunikazioa, zaintza eta curriculuma. Nora Salbotx Amaiurko herri eskolako maistra eta zuzendariak irailean aurrez aurreko eskolak eta telematikoak uztartu behar izango ditugun agertokian kontuan izan beharreko hiru gako nabarmendu zituen, osasun-krisi honek hiru hilabeteotan mahai gainean jarri dizkigun hiru lezio garrantzitsu. “Lehendik ere hausnarketarako gako diren irakaspenak dira, baina kasu askotan krisiak zenbait gauza ezinbertzeko gisa planteatu dizkigu”.

Komunikazioari loturiko irakaspena nabarmendu zuen lehenik: “Komunikazioa, telekomunikazioa, hezkuntza, tele-hezkuntza, komunikazio interaktiboa, softwarea, hardwarea… ikaskuntza eta irakaskuntza-prozesuak mediatizatu diren neurrian, honi guztiari buruz hausnarketa kritiko bat egin beharko genukeela uste dut —adierazi zuen—. Komunikazio interaktiboa, horizontala eta demokratikoa bermatzea jarrera politiko bat da, eta ez da baliabide teknologiko kopuruarekin zerikusia daukan ariketa bat”. Roberto Aparici hezkuntza digitalean aditua den irakaslearen hitzak ekarri zituen Salbotxek: “Aparicik esaten du hezitzaileok nahiko garbi daukagula hizkuntzaren eta komunikazioaren bitartez egiten dugula gure lana. Baina orain zer gertatu zaigu? Gure praxi fisikoan, ikastetxeetan gaudenean, nahiko garbi izan dugu hori guztia eta horregatik gure jarduerak eta egiteko moduak gero eta interaktiboagoak izaten saiatu gara, gelak geroz eta dinamikoagoak, ikasleen arteko elkarrekintzak gero eta gehiago saiatu gara errazten eta aukerak ematen... Baina, aldiz, ikasketak mediatizatu direnean eta pantaila bat tarteko jarri zaigunean, ez dugu hausnarketa hau plano telematikora eraman”. Horrek kezkatu egiten du Salbotx; “Koronabirusaren krisiagatik eskolak itxi eta handik bi egunerako sekulako inboluzio metodologikoa ikusi nuen; non zeuden elkarrekintza horiek guztiak? Non zegoen taldea? Nola ari ginen komunikatzen?” Irakaskuntza telegrafoaren komunikazioaren eskemara itzultzeko arriskua ikusi du Amaiurko irakasleak: “Emaile bat alde batean, hartzaile bat bertze aldean. Gure borondate on guztiarekin jokatu dugu irakasleok, eta hau azpimarratu nahi dut, egin dugu ahal izan duguna eta ahalik eta hoberen, baina medioa neutroa balitz bezala jokatu dugu, eta [Marshall] McLuhanek esaten zuen bezala, medioa mezua ere bada”. Hausnarketara gonbidatzen gaitu Salbotxek: “Zer mezu da Googlerena? Zer mezu da Microsoftena? Hori dena ez da neutroa, horrek badu ideologia bat”. Datorren ikasturtean ziur aski bizi izan dugun agertokiaren antzekoren bat egokituko zaigula aurreikusirik, non berriz eskolak modu telematikoan eman behar izango ditugun, edo gutxienik aurrez aurrekoa eta online testuingurukoa konbinatu beharko ditugun, baliabide teknologikoak modu kritiko batean begiratzeko premia ikusten du Salbotxek: “Modu kritiko batean hausnartu beharko genuke zer tresna eta zer baliabide eta nola eta zertarako erabiltzen ditugun; goazen politizatzera, ez baitira neutroak”. Silvia Federiciren ideiak ekarrita eta eskolak komuna bat izan behar badu, filosofo feministak planteatzen duen gisan eskolak oinarrian darabilzkien tresnak ere horrelakoak izan beharko lirateke: komunitarioak, publikoak, ez jabedunak eta negozioa egitea helburu ez dutenak. “Gure ikasleek, pasa diren hiru hilabete hauen ondorioz, Googlek eta abarrek, bezero bezala ikusten dituzte; eta nahiko beldurgarria da gaia”.

Bigarren hausnarketa, bizitza erdigunean jartzen duen ikusmoldetik dator, Federici bera edota Amaia Perez Orozco eta ekonomia feministatik. Salbotxek eskola-bizitza sustengatzen duten funtsezko lanak eta zaintzaren bistaratzea premiazkotzat jotzen du eskola itzuleraren lehen eginkizun gisara. “Bizitza erdigunean jartzeaz ari garenean, krisi honek sekulako parada ona eskaini digu ikusteko bizitza erdigunean jartzeak zer erran nahi duen ikastetxeetan edo hezkuntzara ekarrita. Hezkuntza izebergaren muturrean legoken hiruki didaktikoa zerk sustengatzen duen kontuan hartuko duen eta ongi azalduko duten jarduerak ezartzea justizia sozialean eta feminismoan aitzinerat egitea da”. Eskolaren egunerokoa problematizatzea proposatzen du “kontzientzia hartzea, ibiltzen ditugun pasilloen garbiketa eta mantenua, jangelan bazkaltzen dugun horren prestaketa, jatorria eta ekoizpena, eskolako atariraino ailega gaitezen gertatu behar izan diren zaintza-lan eta ardura horiek denak ikusarazi beharko ditugu, haiek gabe ez baita, bertzeak bertze, matematikako eskola posible egiterik, ez eta, ondorioz, biderketak nola ebazten diren ikasterik ere”. Eguneroko bizitzan ikaskuntza handi bat ikusten du Salbotxek: zaintzaren pedagogiaren ingurukoa. “Zaintza balioan jartzea, politizatzea eta curriculumera ekartzea garrantzitsua litzateke. Zaintzan eta elkarbizitzan bilatu eta aurkituko ditugu eduki eta gaitasun asko badirela aski baliagarriak zaizkigunak gure ikasleek ezagutza eraiki dezaten, aurrera egin dezaten, pertsona bezala gara daitezen”.

Krisiak mahai gainean jarri duen hirugarren irakaspenak, Salbotxen aburuz, edukiekin eta curriculumarekin du zerikusia. “Oso hasieratik ikusi da krisian edukietan zentraturiko curriculuma daukagula, eta ezbaian jarri beharko genuke. Eskola-edukiak, oinarri entziklopediko nabarmenekoak dira eta konplexutasuna bilatuz birpentsatu beharko ditugu”. Curriculum guztiek sistemaren nahiak eta grinak islatzen dituztenez, “gutxien-gutxienez susmopean” jarri beharko genuke darabilgun curriculuma: “Ezagutzak —akaso lehen herri ondasuna zena— gaurko hezkuntza sisteman daukan jitea birpentsatzeko arrazoi berriak eman dizkigu krisi honek. Sistemaren posizio ideologikoa, hezkuntza arautuan ikasleek ikas dezaten bilatzen den horretan hautematea badagoela uste dugu, eta ondorioz, gure kasuan, eduki horiek gutxienik susmopean paratzeko arrazoiak ez genituzke faltan”.

Irailari begira, galdera bat proposatu zien bertaratutakoei Salbotxek: “Ikasturte amaiera honetan eskatzen ari zaigu balora dezagun gure ikasleek zer galdu duten hilabete hauetan etxean egoteagatik, eta hezitzaileok buelta eman beharko genioke galdera horri, eta abia gaitezen zer irabazi duten galdetzetik, hor sekulako oinarri ona baitigu irailean zeozer berria eraikitzen hasteko”.

 

Bost esperientzia irailean hobeto hasteko

Rosa Aierza, Hernaniko Langile ikastolako zuzendaria:
“Haur guztiak nola datozen behatuz hasiko dugu iraila”

Komunikazioa, horra hitz gakoa. Langile ikastetxeak ikasle eta familiekiko komunikazioa kudeaketaren erdigunean jarri du hiru hilabete kritiko hauetan. Haur eta Lehen Hezkuntzako 700 ikasle izanik, “erronka handia izan da familia guztiengana iritsi eta nola zeuden jakitea”, azaldu zuen Aierzak, aitortuaz hiru hilabete zail bizi izan dituztela. Hain zuzen ere, komunikazio hori ezarri zuten lehen helburutzat, eta bigarren helburua irakasleen arteko gutxieneko koordinazioa izan zen, “antzeko zerbaitetan aritzea irakasle guztiok”.

Edukien atala martxoan bukatzat eman zuen ikastetxeak, ikasturtearen bi heren eginda gainerakoa irailetik aurrera egokitzea erabaki zuten. Maiatz erdian ikasturte bukaerako ebaluazioak martxan jarri zituzten, konfinamendu garaian familiek euren seme-alabak nola ikusi zituzten ezagutu nahi zuen ikastetxeak, eta ekainarekin hausnartzeko garaia iritsi zen: irailari begira erabakiak hartu behar ziren, baina nola? “Gu ez gara inoiz bizi izan honelako egoera batean, eta nola bueltatu behar gara? Oso landua dugu eskolan heriotza eta doluaren gaia, baina hau, zer da?”. Orduan Nora Salbotxekin harremanetan jarri ziren, kanpoko laguntza behar baitzuen klaustroak iparra argitzeko. Salbotxen begiradarekin eta familietatik jasotako informazioarekin, erabaki batzuk hartu zituzten klaustroan irailari begira:
- Behaketarekin hasiko dute iraila. “Ikusi behar dugu nola bueltatzen diren haur guztiak bai alderdi emozionalari nola curricularrari begira”.
- Maila guztietan itzulera landu egingo dute.
- Maila guztietan talde-kohesioko ariketak egingo dituzte.

Irailean aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera eta telematikoa, bi agertokiak aurreikusiz nola jokatuko luketen erabaki batzuk hartu dituzte. Ohiko ikasturtea ez bada, indartu beharreko hutsune hauek identifikatu dituzte:
- Ildo nagusiak markatu, maila guztietan berdintsu jokatzeko. “Hartutako erabakiak denok bete behar ditugu. Beste edozein proposamen badago, aurrez Kudeaketa eta Curriculum batzordeetan aurkeztu eta baloratuko dira”.
Iraileko lehen egunetan maila guztietan gela-bilerak egingo dira familiekin, klaustroak prestatutako jarraibideak partekatzeko, elkarrekin prozedurak adosteko eta familien ekarpenak jasotzeko.
- Ikasleei lanak helarazteko garaian, eredu mistoa erabiltzea hobetsi dute: atal batzuk telematikoak izango badira ere, alor manipulatiboari eusteko premia ikusi dute (paperean, jolasak, etxeko zereginekin lotura dutenak…).
- Ikastolako webgunea ikasleekin lanak partekatzeko eta familiekiko harremanetarako egokitu beharra ikusi dute.
- Asteari hasiera eta bukaera tutore eta ikasleen arteko ekintza batekin emango diote: bideodeiak, bideotxoak...Meet formatoaren bidez.
- Lanen antolaketa epe laburrekoa izatea hobetsi dute: asterokoa.
- Lan proposamenen zehaztasunari garrantzia eman diote. “Darabilgun metodologiari egokituriko proposamen zehatzak izan behar dira, eta ziurtatu behar dugu azalpenak aurrez iristen direla”.
- Lan proposamenak ikasle bakoitzaren beharretara (Hezkuntza Premia bereziko ikasleak, iritsi berria, egoera bereziak …) egokitzeko premia ikusi dute.
- Irakasleen jardunari eskola-ordutegira egokitu dute eta irakaslearekin harremanetan jartzeko ordua zehaztuko dute.
- Irakasle eta familia arteko harremanak ziurtatu behar direla ikusi dute, aurrez erabakitako bidearen (emaila, telefonoa) eta maiztasunaren arabera.
- LH5/6ko ikasleekin erabilera digitalerako lanketa antolatuko da.
Hiru hilabete hauetako ziurgabetasunarekin eta alde batetik eta bestetik jasotako protoko eta ebazpenekin gaindituta sentitu dira momentu askotan irakasleak, eta irailera begira, egitekoak beste patxada batekin hartzea beharrezko ikusten du Aierzak. Aurrez aurrekoaren balioan sinesten du zuzendariak, baina agertoki guztietarako prestatu behar dira. Datorren ikasturtea antolatzeko garaian, ikastetxe bezala duten ildo orokorra hartuko dute abiapuntu bezala, eta egoera berriak mahai gainean jarriko dizkien egoerak honako batzorde hauen arteko elkarlanarekin kudeatzea adostu dute: Kudeaketa Batzordeak ikastetxera iristen diren ebazpen/legedia orokorrak kudeatuko ditu, eta bere ardura izango da antolaketa orokorra egin beste batzordeetara pasatzea, edota kontingentzia plana egin eta gainbegiratzea ere. Curriculum Batzordearen egitekoa programazioak curriculumaren eta haren ebaluazioaren funtsezko alderdietara egokitzeko lana izango da, era berean, irailean ikasleek duten egoeraren diagnostiko bat egin beharko du batzorde honek. Elkarbizitza batzordea: ikasleen emozioen arloari erreparatu behar zaiola ikusirik, tutore akonpainamenduari, autonomia pertsonalaren konpetentziari eta ikasten ikasteari arreta jartzea izango da batzorde honen egitekoa. Informatika Batzordeak larrialdiko egoera bat suertatuz gero, erantzun bat emateko formula zehatzak aurreikusi beharko lituzke.

 

J. Iñaki Etxezarreta, Debagoienako Arizmendi ikastolako zuzendari orokorra: “Sen kolektiboa errekuperatu behar dugu”

Debagoienako hiru udalerritan, hamabi eraikinetan, guztira 3.200 ikasle dituen ikastetxea da Arizmendi, “hamabi txalupa, bakoitza bere patroiarekin eta bakoitza bere autogestio planteamenduarekin, ikastola baten barruan”, adierazi zuen zuzendari orokorrak. Ikastola den aldetik, zentzu komunitarioa lehenesten du Arizmendik eta baita euskalduntasuna ere. Ikuspegi orokor horretatik Etxezarretak adierazi zuen COVID-19ak zauritu egin dituela, “ez da nolanahikoa izan egoera. Onartu beharra daukagu zenbait ahulezi bistan utzi dizkigula. Indargune batzuk agerian gelditu diren bezala, ahulezi batzuk ere bai”. Ahulezia koiunturak berak ekarri die: “Gure komunitatean konfinamendua ez da bakarrik ikasleena eta familiena izan, baita irakasle eta profesional guztiena ere. Eta horrek dispertsioa ekarri du; eta dispertsioak beti ekartzen du ahulezia”.

Ahulezi hori emendatzea, beraz, lehen egitekoa. “Irakasbide moduan, irailari begira sen kolektiboa errekuperatzeko estrategia planteatu dugu, lehenengo profesionalen artean —irakasle eta ez irakasle, guztira 300 langilera gara— eta baita familiekin ere”. Zuzendariak adierazi zuenez, sen kolektiboa askoz indartsuagoa izan da Lanbide Heziketan, Batxilergoan eta Bigarren Hezkuntzan, Haur eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetan baino. “Alegia, telematika posible ez zen kasuetan ahul gelditu gara”.

Halaber, komunikazioa indartzeko estrategia planteatu dute irakasleen artean ez ezik, familia eta ikasle guztiekin ere, adinak eta beharrak kontuan izanda. Zentzu komunitarioa sendotzeko asmoz, dagoeneko hartu dituzte neurriak Arizmendin Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrak jaso dituztenean ekainean: “Gurasoak deitu ditugu bi helbururekin: batetik beharra zuten horri erantzuteko, baina bereziki zentzu komunitarioa errekuperatzeko. Alegia, erabakien parte direla, erabakiak beraiek hartzen dituztela gure profesionalekin batera. Beraz, kontratu sozial bat egin behar dela ikusi dugu, eta kontratu sozial horren bitartez eraiki behar dela ondoren egin behar duguna”. Horrek irailera begira gako inportante bat ezarri die mahai gainean: “Profesionalok bakarrik ezin dugu eskaintza bat egin, familien beharra daukagu”. Eta familiek komunikazioa eskatu diete.” Ikaskuntza akademikoaren gainetik —ikaskuntza akademikoa alboratu gabe— guraso guztiek eta ikasle gehienek planteatu duten beharrizana izan da komunikatiboa”. Familietatik jaso dituzten erantzunen % 90ak harreman maizagoa eta beroagoa eskatu diete: “Elkarri ezin diogu heldu, baina egon gaitezen elkarrekin, eta aldi berean, erantzun horietan agertzen da, jar ditzagun ikasleak elkarrekiko harremanetan. Guk DBHn eta Batxilergoan hori ahalbidetu dugu, eta argi dago gurasoek txalotu egin dutela harreman hori, batez ere diziplinarteko proiektuak egiten dituztelako. Baina LHn egin ez dugunez, eta erraztasunik ez dutenez izan irakasleek horra iristeko, hori erreklamatu egin da. Beraz, hor badaude klabe batzuk etorkizuneko ikaskuntza eta heziketa planteatzeko garaian pista bat ematen dutenak”.

Ikastetxe askotan bezala, Arizmendin ere ahuldu zaien beste puntu inportante bat euskalduntasuna izan da. “Etorkin mordoskatxo bat daukagu, berandu etorritakoak asko; gurasoek euskaraz ez dakiten haurrekiko harreman euskalduna egitea oso zaila egin zaigu, batzuetan ezinezkoa. Euskalduntasunari dagokionez, euskaraz ikasi eta trebatzeari dagokionez, badaukagu hutsune inportante bat, eta hori hurrengo ikasturteari begira lotu beharra daukagu”.

Maiteder Requejo, Hernaniko Aratz ikastetxeko zuzendaria:
“Autonomia handiagoa hartu behar dute nerabeek”

Lerro bakarreko ikastetxea da Hernaniko Aratz kristau eskola, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dituzte. “Gure egitekoa desberdina izan da etaparen arabera —5. mailatik 4. DBHra telematikoki ibili gara, eta HHtik LH4ra txostenekin funtzionatu dugu, gurasoekin adostuta—, baina kezka eta helburua berdina izan da: nola iritsi ikasle eta familia guztien esparru emozionalera eta nola eskaini guztiei baliabide teknologikoak curriculumera iristeko”.

Krisiak inoiz baino ageriagoa utzi die zein den Aratzeko irakasleen funtzioa: “Ikas-komunitate bat gara eta laguntzeko gaude”. Horretarako, Langilekoek eta Arizmendikoek nabarmendu bezala, familiekin harremana eta komunikazioa gakoak izan dira hiru hilabete hauetan eta bidelaguntza eskaintzeko tresna tutoretzak izan dira, lehentasuna eman eta indartu egin dituzte Aratzen.

Ikastetxearen oinarrizko metodologia neuroikaskuntza du kristau eskolak, eta berau ere indargune izan da haurrak egoera emozionalera gerturatzeko. Haatik, neuroikaskuntzak esperimentazioari berebiziko garrantzia ematen dio, “neuroikaskuntzak esaten digu bizipenetan dagoela ikasketa esanguratsua, eta egunerokotasunean proiektuen bidez egiten dugu lan, baina itxialdian proiektu asko erori zaizkigu eta hor zailtasunak izan ditugu”.

Irailera begira indartu beharreko beste gako bat nerabeen ardura eta autonomiari dagokiona da. “Gaiaz asko hausnartu dugu DBHkoekin. Klaseak, oro har, pasiboagoak izan dira, eta ez ditugu ikusi seguru, irakaslearen jarraipena behar zuten; segurtasuna helarazi behar diegu hurrengo ikasturtean, beraiek ikaskuntza-prozesuaren erdigune direla sentitu behar dute, autonomia handiagoa hartu behar dute eta nola ikasi jakin behar dute”.

Euskararena izan da berariaz landu duten beste puntuetako bat, etorkin asko hartzen dituen ikastetxea izanik, irakasleek eta familiek kezka handia izan dute konfinamenduan euskararekiko harremana ez galtzeko: “Bereziki gurasoekin landu dugu puntu hori bideodeien eta whatsapparen bidez, telematikoki behintzat aurrean izaten saiatu gara”.

 

Alicia Fernandez, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako zuzendaria: “Irakasleak zainduak sentitu behar dira gero beraiek haurrak zaindu ditzaten”

Eskola txikia da Ramiro de Maeztu ikastetxea ere, eta tamaina —bereziki klaustroarena— lagungarri izan da krisia kudeatzeko: “Arabar Errioxan eta Oionen oso ohituak gaude ziurgabetasunera. Koronabirusaren krisia oso gogorra eta bat-batekoa izan da, baina irakasleon inplikazioa eta esfortzua oso handia izan da eta denok ikusi dugu ikasleek gure behar handia zeukatela eta dena eman behar genuela”. Komunikazioa, Oionen ere, hitz gakoa: “Lehenengo gauza egoerak aztertzea izan zen, baina komunikazioa ez zen erraza, familia batzuek ez dute erabiltzen emailik, beraz telefono eta whatsapp bidez ikusi ahal izan genuen familiak nola zeuden, zein kezka eta beldur zituzten, eta nola lagundu aztertzen hasi ginen”. Komunikazioarekin batera, koordinazioa lehenetsi zuen klaustroak: “Irakasle batzuei bakarrik sentitzen zirela entzun genien, eta konturatu ginen elkartuz gero, indar handia dugula denok. Egiten duguna elkarrekin egitea erabaki genuen”. Hurrengo urratsa familiak inplikatzea izan zen: “Ikusten genuen guk bakarrik ezin genuela: familiak behar genituen eta aukera eman genien parte hartzeko”. Ondoren ikusi dute familiekiko harremana indarturik atera dela: “Gustatu zaigu familiak errekuperatu izana; oso lagunduta sentitu dira”.


Zailtasunak zailtasun, begi onez ikusten dute krisialdiko esperientzia, eta irailerako gako batzuk mahai gainean jartzeko balio izan die: Langilen bezala, behaketarekin hasiko dira. “Lehenengo haurrak nola datozen ikusi behar dugu; nola lagundu aztertu behar dugu.” Horrekin batera, talde kohesioa landuko dute, ikasleekiko eta irakasleen artean: “Hezkuntza kooperatiboa egiten dugu, eta guretzat taldeko sentitzea zutabe garrantzitsu bat da”. Euskararena ere erronka potoloa izango dute, euren errealitatea lehen ere ez bazen erraza, konfinamenduak zaildu egin die. Zaintzan oinarrituko da Ramiro de Maezturen estrategia: “Irakasleak zainduak sentitu behar dira gero beraiek haurrak zaindu ditzaten”.

 

Gartxot Agirre, Tolosako Herrikide ikastetxeko DBH eta Batxilergoko zuzendaria: “Lezio handiena pertsona erdigunean jartzearen garrantzia da”

Tolosako Herrikide ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako zuzendari titularra da Agirre azken 11 urteotan. Etxetik, baina elkarrekin. Krisiak zuzendaritza taldearen indarra sentitzeko bezala, ikastetxearen indarguneak eta ahulguneak mahai-gainean jartzeko balio izan die Herrikideko irakasleei ere. Adimen emozionala ardatz duen ikastetxea da, eta adimen anitzetan bideraturik taldeari garrantzi handia ematen dio komunitateak. Haatik, eta lehenagotik ere, teknologia berriekin trebatuak zeuden arren, martxoaren 13an etxean gelditu zirenean, ikasleen eta irakasleen artean zeukaten talde-lana edo ikaskuntza kooperatiboa aurrera eramatea zail egin zitzaien. “Diziplinarteko proiektuekin jarraitzea erabaki genuen. Ikastetxean klase konpartituak genituen; DBH 1-2n hiru gela ditugu, eta elkarrekin proiektu kooperatiboetan genituen, eta horrekin jarraitu behar genuela ikusten genuen; baina ez da erraza izan”. Taldea bai, eta norbanakoa ere bai: taldearekin batera, ikasle bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua egin behar zutela ikusi zuten: “Ikusten genuen ikasleen eta familien jarraipen pertsonalizatua ezinbestekoa zela. Tutoretza-saioak biderkatu egin genituen, DBHn 2-3 saio egiten genituen astean tutore bezala taldearen kohesio hori markatzeko eta jarraitzeko; Batxilergoan ez genituen eta sortu egin genituen”.

Une gaitzetatik irakaspen baliotsuak atera dituzte Tolosan, eta irailean, izan daitezkeen agertoki zailak kontuan izanik, indartu beharko dituzten gakoak partekatu zituen gogoetan:
- Pertsona erdigunean: “COVID-19aren krisiak mahai gainean jarri digun lezio handiena pertsona erdigunean jartzearen garrantzia izan da. Lehen ere horrela pentsatzen geunen, baina orain indartu egin dugu pentsamendua: pertsona erdigunean dago; ikaslea, irakaslea, familia eta ingurune guztia. Nabarmen gelditu da pertsonaren garrantzia eta pantaila batekin horra iristeko zailtasunak ere agerian gelditu dira”.
- Hezkuntza pertsonalizatua: “Egun hauetan pantailaren aurrean jartzen ginenean irakasleok kamarari zulotxo bat balitz bezala begiratzen genion, baina atzean pertsona bat zegoen. Banakako komunikazioa oso inportantea da, taldea era bai —sozializatzeko—, baina irakasle eta ikasleen arteko tratu pertsonal hori ezinbestekoa dela ikusi dugu. Familiekin ere bai”.
- Komunikazioaren garrantzia: irakasle-ikasleen arteko komunikazio bidirekzionala bermatzeko, bideodeiak gehiago lantzeko premia sumatu dute, “bideodeiak ez baitira eskolak”.
- Edukiek garrantzia galdu dute eta konpetentziek hartu dute pisua. “Hainbat urte daramatzagu konpetentziak lantzen eta modu jarraian ebaluatzen, eta orain konpetentzien garrantzia nabarmendu egin da”.
- Hezkuntza kooperatiboa lanak taldean egiteko erabiltzeaz gain, sozializazioa bultzatzeko giltzarri izan litekeela ikusi dute.
- Irakasleen arteko koordinazioa indartzeko premia dute.
- Teknologia digitalak garrantzitsuak dira, baina bitarteko bat dira.
- Familia eta ikastetxearen arteko binomioa indartua atera dela ikusi du Agirrek. “Orain ikusi da familiak zer-nolako indarra daukan bere seme-alaben ikaskuntza-prozesuan eta irakasleok proposatuz eta lagunduz parte hartzen dugula. Rol hori indartu behar dugu”.
- Nerabeen autonomian sakondu behar da eta eta “antolakuntzan izan litezkeen behar bereziak bideratu beharra agertu da”.