Sindikatuen arabera, %65eko erantzuna du hezkuntzako grebak

2020-09-15

 

 ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek gaurko deitutako grebak jarraipen zabala izan du, sindikatuen arabera. Eskaera argia izan du gaurko grebak: ratioak jaitsi, irakasle gehiago kontratatu eta osasuna eta hezkuntza bermatzeko baliabideak jar ditzan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: "Hezkuntza Sailari egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurri zein baliabideak abian jartzea».

Sindikatuen arabera, hiru hiriburuetan egin diren manifestazioak ere oso jendetsuak izan dira: 8.000 lagun izan dira Bilboko kaleetan; 5.000, Gasteizen; eta 4.000, Donostian. Manifestazioekin bat egin dute, gainera, ikastetxe askotako guraso-elkarteek eta ikasleen mugimenduek.

 
 
Sindikatuen arabera, %65eko erantzuna du hezkuntzako grebak

Pandemiak ekarri duen krisiak "sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea, eta ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea» izan da gaurko grebaren eskaeretako bat. Era berean, sindikatuek eskatu dute curriculumaren egokitzapen eta murriztea, «ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz»; eta «egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak» ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordaindua ematea eskatu dute sindikatuek.

«Hezkuntza Sailari urgentziaz egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurriak zein osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak abian jartzea galdegiten diogu behingoz; bestela mobilizazioekin aurrera jarraitu beste biderik ez digu utziko»