Osasun-egoera dela-eta, udaberrira atzeratu dugu Tafallako jardunaldia

2020-10-14

Urriaren 30-31n Tafallara joatekoak ginen, Agerraldiarekin elkalanean, “Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora” hezkuntza-jardunaldiak burutzera, baina COVID-19ak Nafarroan izan duen zabalkundea dela-eta eta nafar Gobernuak hartu dituen neurriek baldintzatuta, ekitaldia udaberrira atzeratzea erabaki du Hik Hasik. Data aurrerago jakinaraziko da. 

 
 
Osasun-egoera dela-eta, udaberrira atzeratu dugu Tafallako jardunaldia

Udaberrian egitarua mantenduko dugu, egorak ahalbidetzen duen neurrian. 

 “Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora” izenburupean honako aditu hauek hartuko dute parte: Nora Salbotx, Jaume Funes, Xabier Tapia,  Ane Ablanedo, Iñaki Arana eta Iñaki Eizmendik. Nora Salbotx, Amaiurko herri eskolako maistra eta zuzendariak eskainiko du sarrera hitzaldia, eta bizi dugun testuinguruan hezkuntzak duen garrantziaz ariko da; Xabier Tapiak haurtzaroaren erreferentziazko markoa ezarriko du, eta Jaume Funes katalana, nerabezaroan zentratuko da. Ane Ablanedok haurren askatasuna izango du hizpide, nork bere bidea egitean askatasunaren tresna baliatzea zeinen garrantzitsua den azalduko du pedagogia berrituetan aditua den irakasleak.

Bestetik, Erdialdeko hezkuntza-komunitateak dituen beharrak asetzeari begira, lidergoaz eta zuzendaritza-taldeez hitz egingo du Iñaki Arana piskomotrizistak. Eta Iñaki Eizmendi euskararen erabileran eta transmisioan aditua guraso, irakasle eta hezitzaileei zuzenduko zaie, eskolan eta aisialdian euskaraz aritzeko gakoak eskainiz.