Umea haur bilakatzen denekoa

2020-10-20

Zaila izaten da guraso eta hezitzaile askorentzako 2tik 3 urtera bitarteko aroa, haurrek garapen handia bizi baitute sasoi horretan. Alvaro Beñaranen arabera, mugimendua, kontrola, bereizketa eta frustrazioa ongi ulertzeak lagundu diezaioke helduari haurraren energia eta inpultsoak modu egokian bideratzen.  

 
 
Umea haur bilakatzen denekoa

Intentsoa izaten da 2 urtetik 3 urtera bitarteko haur baten egunerokoa. Intentsitate handiz bizi baititu haurrak emozioak, hala haserreak nola pozak. Terribles twos, edota los terribles dos años deitzen diote garai honi erdaretan. Alvaro Beñaran psikomotrizistak haurrak bizi duen garapen handiari lotzen dio etaparen zailtasuna —edo, zehaztuz, 2 urteko haurren gurasoek bizi dituzten zailtasunak—: “Haur baten bizitzako lehenengo hiru urteetan aldaketak oso azkar ematen dira, eta horrek gurasoei etengabe aldaketa horietara moldatzea eskatzen die, hilabetetik hilabetera, haurra ez baita berdina”.

 

Berez, 2tik 3ra bitarteko urtea ezin da etapa isolatu gisa ulertu, psikomotrizistak zehaztu duenez: “Haurraren garapenean ibilbide bat da eta aurrez gertatu den guztiak eta bizi izan dituen harremanek eragina izango dute garai honetan. Beraz, ezin da 2-3 urteko haurraz hitz egin, baizik eta 2-3 urteko haurrez, pluralean". Hala ere, adin-tarte honetako haurren intentsitatea ezaugarritzen duten elementu batzuk aurkitu daitezke. Horietako bat bereizketa litzateke, atxikimendu-banaketa garaia baita 2 urtetik 3ra bitartekoa. “Bere burua besteengandik bereizten hastean bera eta munduan dauden gauzen arteko banaketa egiten ari da umea, eta horretarako, gorputza baliatuko du, gorputzaren bidez egiten baitu bereizketa, ‘hau da nire gorputza: hau naiz ni: hori bestea da’”. Jabekuntza horretan mugimendua beharrezkoa du gorputzak, eta mugimendu hain handiak zaildu egiten du haur horren zaintza.

 

Gorputzaren jabekuntzan urrats garrantzitsua da esfinterren kontrola, Beñaranen arabera, haurra bere kabuz esfinterrak kontrolatzen hasten denean gorputzaz jabetzen ari dela esan nahi baitu. Horregatik nabarmentzen dute adituek zeinen garrantzitsua den adin hauetan haurrei esfinterrak kontrolatzeko prest egon aurretik pardela ez kentzea, baizik eta kontrola erakusten doazen neurrian euren kabuz pardela uzten joatea.

 

Kontrola da, hain zuzen ere, sasoi honetako beste hitz garrantzitsu bat: “Ume batek bere gorputza kontrolatzen duenean, bere buruaren jabe egingo da —dio Beñaranek—. Eduki du, dagoeneko, bere gorputza helduaren eskuetan uzteko nahikoa denbora. Haurrak helduarekiko konfiantza dauka, bere burua helduaren eskuetan utzi ahal izan baitu, eta konfiantzan garatu duen segurtasun horretatik bere burua eta gorputza jaso eta kontrolatuko du haurrak”. Kontrol hori, esate baterako, mugimenduen koordinazio eta fintasunean antzematen da, eta aldaketa hori haurraren beraren gorputzean ere nabaritzen da: “3 urte baino lehenago umeak borobilak dira, artikulazioak ia-ia ez zaizkie ikusten, eskumuturrak ia-ia ez daude. 2 urte inguruan umearen gorputza luzatu egiten da eta artikulazioak bereiztu egiten dira, umea bere gorputza hobeto koordinatzen hastearekin batera; gorputzaren eta bere pertsonaren jabe egiten hasten da”.

 

Mugimendua eta horrek dakarzkion emozio eta bizipenak bizitzea garrantzitsua izango da 2-3 urteko umearentzako haurra bihurtzeko. Haurraren eraikuntza horri bide egiteko, oinarrizko printzipio interesgarria litzateke, adituaren arabera, helduaren jarrerarekin haurraren garapena ez etetea: “Saiatu behar dugu helduok ditugun beldurrekin haurra ez beldurtzen; haurrari probatzen, esploratzen eta esperimentatzen ausartzen utzi behar diogu, aldi berean errealitatera egokitzen lagunduz”. Adibide batera etorririk: haur txiki batek patinetearekin abilezia handia izan dezake, eta horrek bizipen eta emozio handiak ekar diezazkioke, baina, era berean, eskailera batzuek edo errepideak dituzten arriskuez jabetzen lagundu beharko lioke helduak horretarako gai ez den haurrari. “Haurrak ulertu behar du bere gorputzak badezakeela eta ez daukala beldurrik, baina, hala ere, ohartu behar du dena ezin duela egin”. Oreka horretan dago, hain zuzenen ere, zailtasuna, psikomotrizistaren aburuz: “Nola egin, haurraren iniziatiba ez murrizteko, baina, era berean, bere inpultso eta gogo horiek modu egokian eta arriskurik gabe bidera ditzan?". Beñaranen aburuz, omnipotentzian erortzen utzi gabe: “Haurrak ulertu behar du ezin duela hegan egin, eta ulertu behar du ezin duela bizikletarekin aldapa arriskutsu bat jaitsi gero amildegi bat baldin badago”.

 

Oreka horren bila, haurraren energia eta gogoak murriztu edo erreprimitu gabe, modu egokian bideratzean legoke gakoa. “Helduok ulertu behar dugu haurraren iniziatiba, eta ulertu behar dugu ez dela gaizki egiten ari, baina lagundu behar diogu modu egokian bideratzen inpultso hori, bere burua edo inugurukoak arriskuan egon ez daitezen”. Mugak ezarri beharko zaizkio beraz haurrari, baina mugaren nolakotasuna azaldu du Beñaranek: “Ezarriko dugun muga ez da haurraren kontra joango, baizik eta egiten ari den hori modu egokian bideratzen lagunduko dion muga bat izango da”. Eta ondorioz, kasu askotan, etapa honetan ohiko izango den hitz bat azalduko da: frustrazioa.

Psikomotrizistaren arabera, frustrazioa zerbait negatiboa bezala ikusten da askotan, eta frustraziorik gabeko paradisu bat saltzen diegu haurrei, baina gizakiok berezkoa dugu frustrazioa, eta behar dugu elkarbizitzarako: “Aniztasuna dago gizakiongan, interes desberdinak daude eta desadostasunak egongo dira". Bi haurrek panpina bera nahiko dute, esate baterako, eta batak besteari horzka egingo dio. "Beste behin, orekan dago gakoa: frustrazioa ez doa haurraren kontra: ez diogu esango ‘zu gaiztoa zara’ baizik eta egiten ari den hori desegokia dela azalduko diogu”.

 

Frustrazioa etorri ohi da, haurrak zerbait egin nahi duenean eta helduak uzten ez dionean edo helduak zerbait egiteko esaten dionean, eta haurrak nahi ez duenean. Haurraren ezetzaren atzean zer dagoen ulertzeak lagundu egingo dio helduari: “Adin honetan ezetz esatea eta helduari kontra egitea, mekanismo ebolutibo bat da. Haurra bereizketaren fasean dago eta helburu horretarako beharrezko du ezetza”.

 

Eta frustrazio horien ondorioz, haserrealdi handiak biziko ditu haurrak, helduok kasketa deitzen dioguna. Kasketen aurrean urrezko printzipioa helduak bere jarrera ez aldatzea da, Beñaranen arabera: "Bestela ulertzen du istilu handiekin helduaren jarrera alda dezakeela, eta gainera, helduarengandik intseguritatea jasotzen du: 'Zergatik esan dit ezetz, gero baietz esango badit?'"

 

Kasketekin batera, adin honetan oso ohikoa izaten da ondokoei jotzea edo horzka egitea. Hitzen bidezko komunikazioa ez baitaukate erabat eurenganatua. "Umeak barruko energiak eta inpultsoak ditu, eta horiek berezkoak dira. Beraz, helduoi dagokigu ulertzea horzka egitea, jotzea edo energia hori erabiltzea ez dela txarra, baizik eta adierazpidea dela desegokia eta arriskutsua. “Amorrua edukitzea ulertzen dugu, baina beste bati mina ematea ezin dugu onartu. Amorrua edo barnean duen dena delako emozio hori mingarria ez den era batean adierazten lagundu beharko lioke helduak, sinbolizatzen eta jolasaren bidez emozioa kanporatzen, hitzen bidez adierazteko gai den arte".

 

Hitzez komunikatzeko gaitasuna bereganatu arte, adin honetako haurrak gorputza erabiliko du, beraz, adierazteko. Nola pozak, hala haserreak. Horiei arreta jarriz errazagoa egingo zaio helduari haurra ongi zaintzea: “Adin honetako umeek gorputzaren bidez adierazten dute ez daudela ondo, horregatik gaixotzen dira; edo pardela utzi zuenak pisa edo kaka gainean egiten du; edo ez du jaten, ez lo egiten... gorputzaren bidez adieraziko dute ez daudela ondo edo gehiegizko emozioak dituztela eta arreta behar dutela".

 

Haurra ondo egoteko, ordea, Beñaranarek haur horren zaintzaileengan jartzen du gakoa: “Umea ondo egoteko, funtsezkoa da bera zaintzen duten helduak nahiko ondo egotea. Ondoren, umeak jakin behar du maite dugula, eta gurekin seguru daudela eta ez duela sekula erasorik jasoko guregandik. Hortik aurrera ulertuko du batzuetan berarekin haserre gaudela zerbait egin duelako, baina horren gainetik badaki maite dugula eta hori ez dela inoiz hautsiko. Maitasuna da heziketaren oinarria, eta ondoren etorriko dira arauak eta egitura”.