Harpideak: “Hik Hasikide izatea euskal hezkuntza komunitateko kide izatea da”

2021-01-12

Funtsezkoak dira etxe baten zimenduak etxea eroriko ez bada; oinarri sendoko etxeek urteetako iraupena izan ohi dute. Ongi finkatutako zutabeek teilatuari ederki eusten diote, eta horma sendoek ere haizeteei aurre egiten diete. Etxea sustengatzen duten elementuak ezinbestekoak dira, eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren kasuan harpideak izan dira, dira eta izango dira habe-harri. Eskerrik asko eta zorionak!

 
 
Harpideak: “Hik Hasikide izatea euskal hezkuntza komunitateko kide izatea da”

Hik Hasiren 25. urteurrena ospatzen ari gara ikasturte honetan eta aitzakia horrekin atzera eta aurrera begiratzen. Urte hauetan zehar egindako ibilbidearen aztarnak hor daude, eta aurrera begira arrastoa uzten jarraitzeko asmoa ere bai. Hasierako bidezidorra zabalduz joan da eta sasiak hartu gabe txukun mantendu da oinatz isil baina sendoak pausatu direlako bertan: harpideenak. Hik Hasiren ibilbidean zimendu, oinarri, zutabe, sustengu izan dira harpideak, egitasmo pedagogikoari bultzada eman diotelako euren ekarpenekin, iritziekin, ametsekin, artikuluekin, diruarekin, proposamenekin... Hasieratik eskertu du Hik Hasik konpromiso hori, eta lerrook harpideei esker ona emateko baliatu nahi dira.

Batzuek hasiera-hasieratik egin zuten bat Hik Hasiren egitasmoarekin, beste batzuek geroago, eta beste batzuk etorkizunean batuko dira. Urterik urte asko dira irakasle lanetan hasi eta lehen lan kontratuarekin batera euren buruei Hik Hasiren harpidetza oparitzen diotenak, komunitateko kide izateko.

Hik Hasiko harpide baino gehiago Hik Hasikide izatera iritsi dira denak, hezkuntza erdigunean jartzen duen komunitatea osatzera. Samurragoa da hori elkarrekin egitea, eta horixe da Hik Hasiren aterkipean —aldizkariekin, topaketekin, bidaia pedagogikoekin, formazioekin…— harpideek jasotzen dutena: elkarren berri izatea, elkarrekin topo egitea, partekatzea, elkar ezagutzea, ulertzea, elkarrekin amestea, eta komunitate bereko partaide sentitzea.

Idoia Sara Haur Hezkuntzako irakasleak eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuan Prestakuntzaren atalburu denak argi esaten digu zergatik erabaki zuen Hik Hasikide izatea: “Lehenik eta behin, aldizkari euskalduna delako eta gure errealitate hurbila aintzat hartzen duelako. Bestetik, bertan irudikatzen den haurraren irudia partekatzen dudalako, garaikideak diren hezkuntza/hazkuntza tendentziak ere bilduz”.

Eider Palmou Bilboko Urretxindorra ikastolako Haur Hezkuntzako koordinatzailearentzat topaleku eta eragile garrantzitsua da Hik Hasi eta horregatik egin zen harpide: “Hezkuntzan gertatzen denaren inguruan informatua egoteko, niretzat ezinbesteko erreferentzia eta eragile da Hik Hasi aldizkaria. Euskal hezkuntza komunitateko kide sentiarazten nau Hik Hasik, niretzat Hik Hasikide izatea euskal hezkuntza komunitateko kidea izatea da. Ni, horregatik egin nintzen harpidedun”.

Marta Gomez Erandioko Altzaga haur eskolako koordinatzailea “hezkuntzaren inguruan aldizkari euskaldun eta erreferente bat delako” egin zen Hik Hasiko harpide. “Aldi berean, oso garrantzitsua iruditu zitzaidan Hazi Hezi aldizkaria argitaratzea 0-3 zikloan zegoen hutsunea betetzen zuelako eta haren harpide ere egin nintzen”.

Maialen Etxart Salaberri Donamartiriko Arberoa ikastolako irakaslearentzat “Hik Hasi egitasmoa altxor bat da. Berritzailea eta inspiratzailea izateaz gain, anitza da, gogoeta gaiak, esperientzia partekatzeak, ikastaldi eskaintzak... denetarik dago. Eta nola ez azpimarratu, euskaraldi garai honetan, osoki euskaraz pentsatua eta sortua dela, hezitzaile euskaldun guztien plazererako!”.

 

Jakintza partekatzen

Gasteizko Ibaiondo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako irakasle Josean Gil-Garciak honela dio: “Hik Hasikide izateak nire kezka pedagogikoak hezkuntzaz arduratuta dauden beste Hik Hasikide batzuekin partekatzeko aukera eman dit”.

Sarak ere jakintza partekatzeko ematen duen aukera azpimarratzen du: “Aldizkariarekin lotuta, gainera, bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit antolatzen diren jardunaldiak eta bidaia pedagogikoak; besteak beste, bertatik bertara eta Euskal Herritik mundura gure esperientziak eta jakintza partekatzeko aukera paregabea ematen dutelako”. Ildo berean mintzo da Palmou: “Bai pedagogia mailan eta baita Euskal Herriari begira ere, ikuspuntu interesgarria dauka Hik Hasik. Irakasle bezala asko ikasi dut aldizkariaren bidez hezkuntzaren berrikuntzaz, haurtzaroaren kulturaz… eta ikastetxeko praktikari ekarpen handia egin dio irakurritako horrek guztiak, eta gainera, oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko sare guztietako —bai Ipar eta bai Hego– eta baita kanpoko aditu eta irakasleen berri jasotzeko ere”.

Ados dago horrekin Gomez: “Pertsonalki zein profesionalki aberasten zaituzten esperientzia berriak edo lan egiteko era ezberdinak ezagutzeko aukera ematen dit”.

Gil-Garciak dio berari Hik Hasik arnasa eman diola: “Finlandiara antolatutako bidaia pedagogikora joan nintzen eta han beste eredu batzuk ikusteak, ohikotik atera eta beste egiteko modu batzuk daudela ikusteak, arnasa eman zidan. Eta geroztik, Hik Hasiren bidaia pedagogiko gehiagotara joan izan naiz. Ikasteko aukera ematen duten lekuetara joatea ahalbidetu dit Hik Hasik”.

Hik Hasi komunitateko kide izateari balio erantsia ematen dio Sarak, beste kideen artean gustura eta eroso sentitzen delako: “Baloratzen dut baita ere aldizkari independentea dela, hezkuntzarekin lotuta dauden pertsonek osatuta”.

Etxartek pasioa aipatzen du: “Gehien gustatzen zaidana, Hik Hasin sendi dudan hezkuntzaren pasioa da, Joxe Mari Auzmendi bere sortzailearena. Eskerrak eman nahi dizkizuet, euskal hezkuntza sistema eraikitzeko bidean, egitasmo hori bizirik atxikitzen eta garatzen duzuen guziei. Bihotzetik”.

Antzekoa erraten dute Ainhoa eta Nekane Astiz irakasle nafarrek: “Etxetik jaso dugu hezkuntzarekiko pasioa eta baita Hik Hasirekiko maitasuna ere, ama hezitzailea baitugu. Irakasle lanetan hasi eta berehala batu gara gu ere Hik Hasi komunitatera, hezkuntzako lan exijenteak etengabeko formazioa eskatzen baitu eta formatzen jarraitzeko bidea da aldizkaria hilero etxean jasotzea eta Hik Hasik antolatutako ikastaroetan eta bidaia pedagogikoetan parte hartzea. Hezkuntza eta irakasleon lana hobetzeko oso garrantzitsua da Euskal Herrian eta kanpoan egiten denaren berri izatea, eta baita saretzea ere, eta horretarako beharrezkoa da gure etxean Hik Hasi”.