Pilar Kaltzada: “Gizarte hau ez dago prestatua haurren begiekin bizitzeko

2021-01-19

Haurren eskubideen alde lan egiten duen munduko erakunde independente nagusia da Save The Children, eta ekainetik erakundearen Espainiako lehendakariordea eta EAEko lehendakaria da Kaltzada. Pandemiak kolpatutako 2020. urtea bereziki gogorra izan da haurren eskubideei dagokienez; baita Euskal Herrian ere. "Pandemia honetan haurrei heldu modura jokatzeko eskatu diegu eta, bitartean, helduak infantilizatu egin ditugu".

 
 
Pilar Kaltzada: “Gizarte hau ez dago prestatua haurren  begiekin bizitzeko

Pandemia betean hartu zuen Save The Childreneko kargua Pilar Kaltzadak (Donostia, 1970). Galtzak bete lan izango ditu: lehen egoera txarren zeuden haurrak eta horien eskubideak okertu egin baititu pandemiak eta lehen erdipurdi zeuden egoerak gaizki utzi baititu COVID-19ak, hemen Euskal Herrian eta nazioartean.

 

Mundu mailan Gobernuz Kanpoko Erakunde entzutetsua da Save The Children. Baina zein da, zehazki, bere egitekoa?

Save The Children 101 urte dituen mugimendu bat da, Eglantyne Jebb izeneko emakumeak sustatu zuena. Hasieratik fokua eskubideetan jarri zuen, ez laguntza zuzenean. Horrek haur eta nerabeen esparruan diharduten beste erakundeetatik ezberdin egiten gaitu. Gure lanak hiru ardatz ditu: lehendabizikoa, haurrekin egiten dugun zuzeneko lana da, hortik ebidentziak lortzeko. Ondoren, ebidentzia horiek zientifikoki landu, ikertu eta proposamen bihurtzen ditugu; eta, hirugarrenik, intzidentzia lana egiten dugu. Une honetan 130 herrialdetan gaude eta EAEn egoitza dugula jada 15 urte dira. 

Badago ohiturarik Euskal Herrian kolaboratzeko edo elkartasunerako?

Herri modura herri solidarioa gara eta elkartasuna ez zaigu inondik inora arrotza egiten. Beste kontu bat da GKEn bitartez bideratzen den elkartasun horretan nolakoak garen. Herrialde anglosaxoietan txiki-txikitatik ohitura da erakunde bati laguntzea modu batean edo bestean, izan daiteke dirua emanez baina baita bolondres lana eginez ere. Horretan badugu zer ikasia.

 

Eskubideak ardatz dituen erakundea zaretela aipatu duzu, zein da eskubide horien osasuna gaur egun? 

Egia da aurrerapenak oso nabarmenak izan direla eta, ziurrenik, momentu honetan historiako momenturik onenean egongo gara haurren eskubideei dagokionez. Horrek ongi gaudela esan nahi al du? Inondik ere ez! Datu aski esanguratsua izan daitekeena da honako hau: orain bolo-bolo dabil COVID 19aren aurkako txertoaren gaia, bada munduan 80.000 haur daude hainbat gaitzen kontrako txertoa egon badagoen arren jasoko ez dutenak eta hiltzeko arriskua izango dutenak, nahiz eta berez gaixotasunak ez izan hilgarriak. Elgorria bera, COVID-19a baino askoz ere hilgarriagoa da haurrentzako munduan eta txertoa badaukagu! Peumonia da, momentu honetan, munduan haur gehien hiltzen dituen gaitza, eta berez badaukagu txertoa. Malariaren aurkako pilulak aspalditik ezagutzen dira. Eremu gehiegi daude utzirik eta ikusten dugu ez dugula aurrera egiten modu koordinatu eta eraginkor batez. Adibidez, gerra egoeran dauden herrialdeetan gaur egun ikusten ditugun arazoak eta eskubideen urraketak orain dela bi edo hiru hamarkada ikusten genituen berberak dira. Horri pandemia gehitu behar zaio; eskubideetan aurrera egin den kasuetan ere, kasurik onenenean ere, geldiune bat gertatzen ari da eta oso kezkatuta gaude lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden haurrentzako azkena izan daitekeelako hau. Lehen aurrera bidean zeuden zenbait herrialdetan, berriz, pandemiak ikaragarrizko atzerapausoa ekar dezake. Egoera zail hauek, kronifikatu egiten dira eta, gainera, zaurgarritasunari faktore gehiago elkartzen zaizkio: pobrezia, pobreziak eragiten duen erakundezko usteltzea, baliabiderik ez izatea, hezkuntzan ez inbertitzea, osasunean ere ez… Eta beti katebegirik ahulena haurrak dira. Mende bat pasa da eta, hala ere, ikusten duguna da haurrak direla gerra, gosea, pobrezia eta gaixotasunak gehien sufritzen dituztenak. 

 

Azken horrekin lotuta, haurtzaroaren kultura falta zaigula diote pedagogo askok. Haurtzaroaren ikuspegia helduzentrista dela. Nola alda daiteke begirada hori?

Behin eta berriz azpimarratuz. Nabarmena da gizarte hau ez dagoela prestatua haurren begiekin bizitzeko. Haurren eskubideak giza eskubideak dira, beren egoera berez ahularengatik tratamendu berezia behar dutenak; baina ez dira bigarren mailakoak. Aldiz, gizarteak, orokorrean, noizbait eskubidedun izango diren gizaki bihurtzeko bidean dauden dena delako horiek bezala ikusten ditu haurrak! Ez! Hezkuntza eskubidea dute, baina baita entzunak izatekoa ere. Azken hori ez da ondo badatorkigu egin behar dugun zerbait, ez, lehen mailako eskubide bat da. Haurrak ez ditugu entzuten; ez ditugu ikusten; ez ditugu kontuan izaten erabaki bat hartzekoan eta, gainera, pentsatu ohi dugu haur guztiak berdinak direla, egoera berdinetik abiatzen direla, beharrizan berdinak dituztela, bizi itxaropen edo bizi espektatiba berberak dituztela... Oraindik ikusteko daukat noiz galdetzen zaien haurrei; noiz hitz egiten den beraiekin zuzunean eragiten dieten gaien inguruan beraiek ulertzeko moduan. 

 

Pandemia honetan haurrei heldu modura jokatzeko eskatu diegu eta, bitartean, helduak infantilizatu egin ditugu. Oso agerian geratu da non dagoen jarrita gizarte honen fokua, eta horrek oso ondorio larriak ditu. Pandemian hartu diren erabakietako asko ez dira zuzenak izan haurren eskubideen eta beharren ikuspuntutik. Oso okerrak izan dira. Uler zitekeen lehen momentuan, inork ez zekielako zehazki zer egin behar zen, baina, argi dago ikuspegi horrek gauza asko islatzen dituela bere horretan. Erabaki batzuek erakusten digute zer dagoen erabaki hori hartzen dutenen buruetan edo haien mundu ikuskeran, eta erabakiak hartzen dituztenentzat haurtzaroa garai misteriotsu bat da, ez dakite zer pasatzen den, baina badaezpada ere, pieza mugikor gisa erabiltzen dituzte. Gabonetan hamar lagun edo sei lagun edo zenbat elkartuko diren eztabaida horretan honako hau entzun diot arduradun politiko bati: “Beno, eta pertsonen artean haurrak kontatuko ditugu”. Harri eta zur!

 

Haurrak oso pertsona arriskutsuak ziren pandemiaren hasieran, super kutsatzaileak zirela esan genuen. Daturik ez geneukan, baina ume batek 4-5 urterekin jaso zuen mezua hori izan zen. Zer ikara sartu zaien eta, gainera, erabat debalde! Inor ez da gai izan haurrengana hurbiltzeko, gauzak zertan diren azaltzeko, zer gertatzen ari den... Aldiz, itxialdia iragarri eta hiruzpalau egunetara, Finlandiako lehen ministroa buru zela, beste hainbat ministrorekin —denak emakumeak— prentsaurreko batean agertu ziren gaia azaltzen, haurren galderak entzun eta erantzun zituzten haien ikuspuntutik... Ez da hainbeste kostatzen! Gurean, gauzak iritsi zaizkien moduan iritsi zaizkie: hasieran, eskolara joateko, gero ez joateko; baina gero elkartzeko, eta gero eskolaz kanpoko jarduerarik ezin dela egin baina gero gurasoekin taberna batera bai…Erotzekoa da.

 

Itxialdiak eta ondorengo egoerak zein panorama utzi dute Euskal Herrian, Save The Childrenen ikuspuntutik?

Ikusi dugu artatzen ditugun haurrak eta familiak egoera zaurgarrian dauden familiak direla lehendik, COVID 19a gorabehera. Beraien egoera nabarmen okertu da; langabeziak edo ERTEak sufritu dituzte; oinarrizkoetara iristeko zailtasun oso handiak bizi dituzte; laguntza psikologikoa eman dugu haurrek ez zekitelako norekin hitz egin, gurasotasun afektiboaren aldetik gabezia handiak dituzten familiak baitira eta familiek ez zekiten zer egin haurrekin; biolentzia kasuak barra-barra ikusi ditugu; jatekorik ez izatea; bitartekorik ez izatea ezertarako; arrakala digitala... Haurrei etxera joateko esan diegu, pentsatuz bakoitzak bere gela izango zuela eta bere konexio ultra azkarra Interneterako eta uste genuen horrela ez zela inor eraitsiko. Baina ez da horrela izan. Martxotik irailera bitartean, 100 euroko hileko dirulaguntza eman diegu haur bakoitzeko familia horiei eta horri esker jan ahal izan dute. Ikusi dugu lehendik egoera txarrean zeudenak orain askoz ere okerragoan daudela eta lehen gurera etortzen ez ziren familiak etorri direla.

 

Artatzen dituzuen familiak nola iristen dira zuengana?

Gure erabiltzaileen ia % 100 zerbitzu sozialetatik desbideratuak datoz. Save The Childrenek, normalean, eskolaz kanpoko jarduerak egiten ditu, ez da sartzen eskola barruko ordutegian. Errefortzu lanak egiten dira, gabezia handiak daudelako hezkuntza mailan, hizkuntza mailan, etab. Bestelako gaitasunak ere lantzen ditugu, kasu askotan oso egoera latzetan iristen zaizkigun haurrak dira-eta. Interbentzio horiek haur bakoitzaren atzean benetan zer egoera dagoen ikusten laguntzen digute. Noski, haur pobreziaren gaia hemen, gurea bezalako gizarte batean, oso zaila da ikustea. Munduan zehar ikusten den pobreziaren irudia, eskalearena, haurra izkin batean, ortozik... hori ez da hemen ikusten. Orduan, ez dagoela pentsatzen dugu. Pobrezia neurtzeko erakundeek erabiltzen dituzten irizpideen arabera, EAEn 10etik 4 haur pobrezia egoeran edo arriskuan egon daitezke. Guk daukagun ongizate mailarekin hori jasanezina da; ez dago onartzerik. 

 

Haur txiroaren irudia zuk esan duzun horri lotua izan dugu gure iruditegian, baina, zein da, zehazki, Euskal Herrian haur pobreziaren aurpegia? 

Normalean guraso bakarreko familietan bizi dira, amarekin. Pobrezia emakumezkoa da eta haur pobrezia emakumeengandik jasotzen da oinordetzan. Datuek erakusten digute haurren pobreziaren kontra egin nahi badugu benetan, berdintasun politiketan lan egin behar dela nahi eta nahi ez, eskutik helduta daude. Normalean, emakume horiek, langabeak dira. Kasu gehienetan atzerritarrak edo jatorri atzerritarra dutenak. Bekak eta laguntzak behar dituzten familiak dira. Eta badago beste alderdi bat: haur horiek sekula ez dute parte hartzen eskolaz kanpoko jardueratan eta jarduera horiek orekatzile sozialak izaten dira, zerbaiten kide zarela sentiarazten zaituen zerbait da. Eskolak ez ditu betetzen haur horien beharrak, besteak beste, eskola ere bizitza normalizatua dutenentzat pentsatuta dagoelako eta bizimodu hori ez duenak ezin dio eskolari behar den bezala segitu. Online hezkuntzari buruz hitz egin denean ere ez dira horiek kontuan hartu, eta ez zuten ez ordenagailurik ezta datu konexiorik ere. Ez da kapritxo bat, beste haurrek duten eskubide berbera dutela bermatzea nahi dugu. Hasteko, ez dakigu etxe horietan bizi ote daiteken ere eta kasu askotan ezin da bizi. 

 

Ikusezin direla aipatu duzu behin eta berriro, nola iritsi gaitezke gizarte bezala familia horiengana?

Haur horiek gure haurren eskoletako geletan daude; gurasoak, kasu gehienetan ama, gure bileretara etortzen dira, patioan beraiekin gaude… Han daude, ikusten ez baditugu betaurrekoak jarri nahi ez ditugulako da eta, kasu gehienetan, ez dugulako pentsatzen gure zilborretik harago. Helduon arauetatik begiratzen dugu errealitatea eta ez ditugu mezuak dekodifikatzen. Gizarte zerbitzuek lan ikaragarria dute hor egiteko, baina eskolek ere bai. Eskoletan termometroa edo zundak ipinita, egoerak azaleratuko lirateke, zalantzarik gabe. 

 

Gizarte modura ere, askotan sozializatzeko bitartekoak jartzen ditugunean, guk geronek ere langak ipintzen dizkiegu batez besteko egoera batera iritsi ezin den ume bati: “Goazen denok asteburuan ez dakit nora”, esaten dugu, guztiok ahalko bagenu bezala. Egoerarik zaurgarrienean daude baina, gainera, foku guztietatik kanpo eta eszenatokiaren erdian gaudenok ez dugu begiratu nahi. Oso biolentoa egiten zaigu haurren pobrezia, eta haurren kontrako indarkeriaren kasuak zer esanik ez. 

 

Eta politikariek? Hauteskundetan bost puntu zehatz eskatu zenituzten, hitzetatik ekintzetara pasa dira?

Orokorrean esan beharra daukat hitz egiten dugunean entzuten zaigula sentitzen dugula, eta ekarpena egiten diogula erakundeen jardunari. Normalean lehentasunen artean egoten ez den lehentasun bat ipintzen dugulako. Sentitzen dugu, baita ere, egiturazko aldaketak egin behar direnean, erresistentzia handiak daudela. Orokorrean politikak sinplifikatzeko joera izaten du, baina gai hau ezin da sinplifikatu. Gai honek eskatzen du oso ondo begiratzea zein inpaktu duten hartzen diren neurri guztiek. Legealdi honetan hezkuntza lege berria izango dugu, goazen ikustera, adibidez, segregazioaren inguruan egin ditugun proposamenak kontuan hartzen diren ala ez. Arazo honek 2012tik aurrera gora egin duela ikusi dugu. Horrek zerikusia du pobreziaren gorakadarekin, migrazioaren igoerarekin, etab. Arazoa guztiz diagnostitkatuta dago, ez bakarrik non dauden segregazio foku horiek, baizik eta zergatik dauden, zein ondorio dituzten eta nola konpontzen diren. Espero dugu hezkuntza lege berriak aintzat hartuko dituela kontu horiek guztiak eta gu adi egongo gara. 

 

Pandemia honek lehen aipatutako arazoak areagotu egin ditu. Zer garrantzia du alfabetatua eta ongi alafabetatua izateak egoerari aurre egiteko baliabideak izateko garaian?

0-6 urte bitarteko epe hori gakoa da pertsona ororentzat. Garai horretan behar bezala hazi eta hezteko bitartekoak gurea bezalako gizarte “aberats” batean eskura dauzkagu. Guk planteatu genezake hamarkada batean helburu modura haur pobreziarekin bukatzea. Ez gutxiagotzea, ez, bukatzea. Hori egiteko badauzkagu baliabideak; hezkuntza sare oso indartsua daukagu; zerbitzu sozialen sarea ere oso ona da, Bizitzeko Gutxineko Errenta dugu; gure fiskalitatea daukagu...

 

Eta zergatik ez da egiten orduan?

Ez delako helburu programatiko bat.

Pandemiak eragin dituen arrakala batzuk aipatu dituzu, eta hizkuntzarena da beste bat. Oinarrizko eskubidea izanik, nola zaintzen ditu Save The Children erakundeak hizkuntza eskubideak?

Gure esku-hartzeetan familiak alfabetatzen saiatzen gara eta euskarazko errefortzuak eskaintzen ditugu, oso beharrezkoa delako haur horientzat. Askok badute hizkuntzarekiko harremana eskolaren bitartez, baina praktikak esaten digu ez dela nahikoa. Eskolak eta gure bitartekoek pertsonen neurrira egin behar dute prozesua, eta ez alderantziz. Euskararekiko oso urruti dauden haurrak direla ikusten dugu eta horretan bidea egiten saiatzen gara; jarduera guztiak euskaraz eskaintzen ditugu, hizkuntza-gaitasun maila bakoitzaren araberakora egokitzen gara eta lan-komunitarioa planteatzen dugu familiekin. 

 

Nabarmen da eskubide hori ere oso kolokan geratzen dela. Eskola ez da edukia bakarrik, eskola sozializatze bat da, eskola eredu bilatze bat da, eskola beraientzat autoezagutzarako tresna bat da, “zergatik da normala hori nire lagun horrentzat eta niretzat ez”… Hori gabe, berriro ere beraien burbuilara sartu ditugu eta asko kezkatzen gaitu, ez dakigulako gai izango ote garen burbuila hori apurtzeko. 

 

Dagoeneko eskola ez da gauza haurren jatorriko desberdinkeria gainditzeko. Zer egin ahalko litzateke hezkuntzan haur guztiei aukera berdinak eskaintzeko? 

Hezkuntza sare publikoak ardura handia dauka haurren neurrirako hezkuntza emateko. Honela esaten da: “Orduan, haur bakoitzarentzat eredu bat beharko litzateke”. Bada bai, halaxe beharko genuke. Baliabideak behar dira aniztasun hori artatzeko. Baina baita prestakuntzaren ikuspuntutik ere, pedagogian eta metodologietan berritze handi bat behar da. Esaten dugunean baliabideak behar direla, ez da bakarrik irakasle gehiago behar ditugula, nahiz eta hori ere baden, garbi gera dadila. 

 

Eskola oinarririk demokratikoena da, horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza eskubidea, berdindu egiten gaituelako eta hasierako desberdinkeriak orekatu egin ditzakeelako. 

Mundu mailan, zein ondorio utzi ditu pandemiak? 

Printzipio berdina da: lehen gaizki zeuden tokietan okerrago daude orain eta lehen erdipurdi zeudenetan gaizki daude. Nazio Batuen Erakundeak egin duen garapen helburuen irakurketan esaten da urtebeteko epean 15 urte atzera egin genezakela erraz. Esate baterako, laguntza humanitarioaren kasuan murrizketa ikaragarriak egon dira, beste lehentasun eta behar batzuk dituelako mundu aurreratuak. 

 

Beste egoera bat ere guztiz ezkutuan gelditu da, munduan gerrarik ez balego bezala jokatzen ari gara. Sirian urteak daramatzate, Yemenen egoera katastrofikoa da… Gerra testuinguruan zeuden haurren egoera jasanezina da eta ez dakigu zer gertatuko den haiekin. Haur pobreziaren kasuan gora egin du eta lehen eremu horietan lan egiten zuten erakundeek lehentasunak aldatu dituzte, eta aurrekontuetan ikusiko da aurten. Gainera, pandemiak oso zail jartzen digu zuzenean lan egitea.

 

Epe luzera edo ertainera begira, zein ondorio gehiago ekarri dezake egoera honek? 

Uste dut ekar dezakela beste irakurketa bat: ikusi dugu noraino garen interdependenteak, ikusi dugu noraino Txinako ahoskatzen jakingo ez genukeen herri bateko saguzar batek zelako kalapita sortu digun eta ikusi dugu geroni ere ez garela salbu egongo mundua hobeto ez badoa. Honek globalizazioaren beste irakurketa bat ekarriko duela uste dut. 

 

“Neskato izateko eskubidea” aldarrikatzen duzue Sierra Leonan. Mundu honetan neska jaiotzea, oraindik, bigarren mailako izatea da?

Edo laugarren edo bosgarren edo zazpigarren mailakoa! Kontatu dugun guztia begiratuko bagenu genero ikuspuntuarekin, are larriagoa litzateke; pobrezia, biolentzia sexualaren kasua, bazterkeria… 

 

Sierra Leonako programa hori nire kutunenetako bat da. Ezkontarazi nahi dituzten neskekin egiten dugu lan eta komunitatean, askotan ulergaitza egiten zaiguna ere egiten. Bertan hezkuntza eta formazio lana egiteaz gain, neska horiekin zuzenean egiten dugu lan, kasu askotan geroko prozesuetan ere laguntzen diegu; gaixo daudelako, haurdun, seme-alaba txikiak dauzkatelako… Sierra Leonan ikusten dugunak niri hotzikara ematen dit. 

 

Euskal Herrian zer egin dezakegu benetan gizarte parekide bat lortzeko haurtzarotik eta zuen erakundearen lan lekutik?

Hezkidetza, ez dago besterik. Dena ez da eskola, baino eskola asko da, eta badu normalizatzeko funtzio bat, zuzendu egin behar duena. Guk etxetik eta gizarteak eredu eman behar dugu eta hori ere ez dugu egiten, baina neskekiko bereziki mezu indargarriak behar ditugu. Ez bada hezkuntza berdintzailea, gizartea ez da berdintzailea izango. 

 

Save The Childrenek pornografiari buruzko txostena atera du aurten, sexu heziketan eta kontsumoan arazo berriak ari direla sortzen erakusten du. Nola esku hartu gai honetan?

Pornografia-eredu berri bat dago, pornografia digitala, eta digitalak dituen abaintaila eta desabantailak ditu; oso eskura dago, anonimoa da, kontsumo masibokoa... Baina errealitate horren ondoan jarri behar da, eta falta dena sexu hezkuntza da. Arazoa ez da teknologia, arazoa gu gara. Zuk 12 urteko haur bati 10 tonako kamioi bat ematen badiozu, “tori, hartu giltza eta gidatu”, seguruena kolpe bat hartuko du. Arazoa ez da kamioia, arazoa da ez dagoela prestatua kamioi bat gidatzeko. Ez dakigu zer egin haurren heziketa afektibo-sexualarekin. Ez dugu hitz egin nahi honi buruz eta uste dugu guk nahi ez dugunez, beraiek ez dutela egingo. 

 

Haur eta nerabeen mundu ikuskera pornoaren bitartez eraikitzen da. Sekula ez dio batak besteari baimenik eskatzen; zenbat eta biolentoagoa izan hobe; emakumea zenbat eta menpekoagoa izan hobe; maskulinatate-eredua zenbat eta bortitzagoa izan hobe. Horrek errealitate bat sortzen du beren buruetan. Horri gehitu behar zaio gizarte erabat sexista batean neskak pentsatzen duela hori normala dela eta mutilak esaten du hori egin behar dela. Harrituko ninduke gazteek ikuspegi kritiko bat garatu ahal izatea masiboki gu gabe, baina oso zaila jartzen diegu, ez dugulako beraiekin hitz egin nahi.