Korrika atzeratuta, bultzada ekonomikoa beharrezko

2021-03-24

Korrika 2022ra atzeratu beharra izan dute pandemia dela eta, baina ekarpen ekonomikoa inoiz baino beharrezkoagoa du AEK-k, beste alor askotan bezala, zaildu egin baita egoera helduen alfabetizazioari dagokionez ere, 2020-2021 ikasturtean ikasleen matrikulazioak %11 egin du behera. AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena abiatu du, Korrika atzeratzeak eragindako zulo ekonomikoari aurre egiteko. Horrez gain, igande honetan, martxoak 28, 12etan, hainbat herritako plazetan ekimen txikiak egingo dituzte,  herritarren bultzada jasotzeko.

Hemen egin daiteke ekarpen ekonomikoa.

 

 
 
Korrika atzeratuta, bultzada ekonomikoa beharrezko

Martxoak 28, herritarren hitzordua

Ondo bidean martxoaren 28an bukatuko zen Korrika. Hala izango ez denez, egun hori aukeratu du AEK-k 60 bat tokitan ekitaldi “xumeak” antolatzeko. Hiriburuetan eta euskaltegiak dauden herrietan egingo dira ekitaldiak. Denak ordu berean, 12:00etan. Guztiek izango dute ildo bera eta tokian tokiko berezitasunak ere agertuko dira. Herritarrei eskatu diete kalera ateratzeko, ahal den jende kopuru handiena kalean egotea nahiko lukete kanpainaren bultzatzaileek, jakinda, ekitaldiak ezin direla jendez gainezka egon. Segurtasun neurriak hartuko dituzte eta era berean euskararen lekukoa kalera ateratzea nahi dute, euskaltegien aldeko bultzada kalean sumatzea.

Nola egin ekarpena

Herritarrek ekarpen ekonomikoa AEKren egin dezakete eta beste aukera telefono mugikorraren bidez egitea da, bizum erabilita. Diru-emaile guztiei Cultural Memories-ek AEK-Korrikarako sortutako irudia bidaliko zaie posta elektronikoz. 30 eurotik gorako ekarpenak eginez gero, posta arruntez ere jasoko du oroigarria euskaltzaleak. Ekarpenak martxoaren amaiera arte egin ahal izango dira.