Leiho berri bat, literaturaren edertasunarentzat

2021-04-13

Testu eder eta esanguratsuak biltzen eta zabaltzen dituen webgunea da 'Deabruaren Eskola'. Literaturzaletasuna du abiapuntuan eta literaturzaletzea helburu, euskaraz idatzitako testu ederrenak bilduz, sormena sustatuz eta literaturaren ezagutza bultzatuz. Dagoeneko berrehun sarreratik gora daude irakurgai eta ikastetxeetan erabiltzeko pentsatuak daude.

 
 
Leiho berri bat, literaturaren edertasunarentzat

T

estu ederrak irakurtzeko leku bat” horixe da Deabruaren eskola. “Literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna partekatzeko proiektu bat”. Edertasun hori ezagutaraztea, partekatzea eta zabaltzea du, bada, helburu euskal letren munduan ezagun diren hiru literaturzalek, Irati Jimenez idazleak, Mikel Soto idazle eta editore ohiak eta Esteban Montorio diseinatzaileak, sortu duten webguneak. “Literaturaren oso zaleak gara eta aurkitzen genituen testu ederrak gorde egiten genituen eta orain, gure lagun idazle eta literaturzaleekin partekatzen ditugun testuak gorde eta zabaltzeko plataforma bat sortu dugu, edertasuna abiapuntu eta helburu duena”, azaldu dio Mikel Sotok Hik Hasiri.

Estilo ugaritakoak dira webgunean bildu dituzten testuak: poemak, elkarrizketak, analasi kritikoak, gutunak, kronikak, narrazioak, eleberrietako pasarteak, fikziokoak edota ez fikziozko lanak, “estilo ugaritakoak dira bai, baina guztiak eder edota esanguratsuak dira, hori izan baita testuak aukeratzeko irizpidea”. Jatorriz euskaraz sortuak dira horietako gehienak, baina badira berariaz webgunerako euskaratuak ere. Abenduan 180 sarrerarekin abiatu zuten ibilbidea eta dagoeneko 200dik gora irakur daitezke, astean bizpahiru material sartzen baitituzte. Eta aurrera begira ere ber gisan elikatuko dute webgunea, astean bi sarrera berri igoz eta bolondreski testuak itzuliz. “Hemendik urte batzuetara biltegi erraldoi bat izango da, oso ongi etiketatuta, bilaketak egin ahal izateko, bai egile aldetik, bai gai aldetik, edo argitaletxeari dagokionez… Benetan tresna baliagarria izango dela pentsatzen dugu”.

Ikastetxeei begira zabaldutako leihoa da Deabruaren eskola hau. Ez alferrik, euskara eta euskal literaturako irakaslea da Soto Iruñeko Iturrama institutuan. Alde batetik, literaturaz bestelako gaiak balio literario handiko testuen bidez lantzeko aukera aparta eskaintzen die irakasleei webguneak. Izan ere, Aker Larrea izeneko atalean gai batean ardarzturiko testuak biltzen dituzte. Txoko horretan erreportaje monografikoak argitaratuko dituzte bi hilabetean behin, euskal literaturan garrantzia izan duten gaien ingurukoak. Oraingoz Gernikari, jazzari eta prostituzioari buruzko atal monografikoak osatu dituzte. Gernikaren atalean, esate baterako, Hasier Etxeberria zenak bere aitaren lekukotasuna jaso zueneko testua irakur daiteke; edo Lauaxetaren poema bat; edo Joseba Sarrionandiak Nabarra aldizkarian argitaratutako Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta izeneko testua; edo George L. Steerren saiakerako zati bat; Joseba Elosegik Manuel Lekuonari 1966an idatziriko gutun bat; edota Bitoriano Gandiagaren Aeroplano gaiztoak poema, besteak beste. “Gai bat lantzea tokatzen zaienean material asko edukiko dute bertan eskura irakasleek, testu ederrez osatuak”. 

Bestetik, webgunea literatura irakasteko ere balia liteke ikastetxeetan, noski, izan ere, oroz gain horixe da webgunearen helburu nagusia, “literaturzaletzea”. Dagoeneko euskal literaturari loturik sarean dauden beste biltegi batzuen osagarri izatera dator Deabruaren eskola, Armiarma, Jakin edota Argiaren literatur biltegien osagarri izatera, hain zuzen ere. “Gure literatura txikia da, baina ikaragarri zabala da, eta uste dut hori irakaskuntzan eskertuko dutela. Irakasleek material eta ideia asko aurkituko dituzte, bai literatura lantzeko testu mota ezberdinak ere, eta beti ederrak eta esanguratsuak izango direnak”. Eskolan erabiltzeko, orden kronologikoaz gain, Deabruaren eskolako testuen artean nabigatzeko modurik onena etiketak erabiltzea da egileen ustez.

Literaturzaletzea da helburua, eta literaturtzaletasuna dago abiapuntuan. Izan ere, Sotok eta Jimenezek Montorioren laguntzarekin abiatu duten webgunea diru irabazi asmorik gabe eta momentuz diru-laguntzarik gabe egin dute, borondatezko lanarekin, “literaturzaletasunagatik”.  “Euskal literatura eta euskal kultura ere horrela atera izan dira aurrera historian zehar —gogoratu du Sotok—. Gure literatura une zailetan egon zenean, jende guztia bultzaka aritu zen, elkarlanean… eta izpiritu hori badago webgunearen atzean”. Euren lanaz gain, aurrera begira, hainbat itzultzaile eta literaturzalerekin hizketan ari dira borondatezko lana egin dezaten, “gustuko testuak itzultzeko eta webgunea elikatzen joateko”. Borondatezko lana bada ere, guztiz era profesionalean eta landuan aurkezten da webgunea, Montorioren gustu estetiko nabarmenari esker. Gainera, testuen dotoreziari argazkien eta irudien balioa erantsi behar zaie.

Webgune bat baino gehiago izateko bokazioarekin jaio da Deabruaren eskola, “gauzak egin behar ditu”, dio Sotok; “elkargune bat izango da eta euskal literatura suspertzeko balio behar du”. Eta hemen ikusten da, beste behin, webguneak daukan helburu pedagogikoa. Leizeko Eskola izeneko atala ere badu webguneak, sustatzaileek literatur tailerrak antolatzeko asmoa baitaukate, osasun-egoerak baimentzen duenean. “Testuak ahal bezain ondo egiteko, ulertzeko eta aztertzeko zabalduko dugu, tarteka, Leizeko Eskola”, izan ere, badute egileek eskarmenturik eta zer erakutsirik literaturgintzan. Euren jakintzaz gain, inguruko literaturzaleen ezagutza zabaltzeko nahia dago webgunearen atzean: “Ezagutza handia dago, han eta hemen asko dakiten eta testu asko ezagutzen dituzten idazle eta irakurleak ditugu, eta inportantea da honelako gune bat izatea, literaturzaleek daukaten jakinduria hori guztioi eta bereziki hurrengo belaunaldiei erakusteko eta, nola ez, transmititzeko”.