Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren lehen deialdia aurkeztu dute Hernanin

2021-06-10

Hernaniko udaleko alkate Xabier Lertxundi, hezkuntza zinegotzi Oier Agirresarobek, Joxe Mariren alaba Izaro Auzmendik eta Hik Hasiko Mikel Agirrezabalak eta Ainhoa Azpirotzek aurkeztu dute beka.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik adierazi duen bezala, Euskal Herrian aitzindaria izango den beka baten berri ematen dute gaur Hernaniko Udalak, Joxe Mari Auzmendiren familiak eta HIK HASI egitasmo pedagogikoak. Joxe Mari Auzmendik bere ibilbide osoan jorratu zituen lau hezkuntza balioren inguruko  proiektuak lagunduko ditu Hernaniko Udalak eta HIK HASIk sustatuko hezkuntza bekak: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea eta inklusioa

Joxe Mari Auzmendiri egindako aitortza eskertu du Izaro Auzmendik familiaren izenean, “nahiz eta bera ez zen errekonozimendu zalea”. Eskerrak eman dizkie Hernaniko Udalari eta batez ere herriari.

 
 
Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren lehen deialdia aurkeztu dute Hernanin

 Lau gai horietako batean (hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea eta inklusioa) ardazturiko proiektu bat lagunduko du beka honek. Proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da eta hezkuntza komunitate osoari zuzendua dago. Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da.

 

Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da. Eta bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da.  

 

 

 

Hernaniko alkateak gogoratu duen bezala, iazko otsailean hil zen Joxe Mari Auzmendi. “Izatez ez zen hernaniarra, baina bere bizitzako urte ghienak Hernanin bizi izan zituen, hernaniko herria eta udala zordun zen Joxe Marik egindako bideari jarraipena emateko.  Eutsi genion HIK HASIk egindako proposamenari, erakundeoi dagokigu lan horri jarraipena ematea. Dena den, bekaren eremua ez da Hernanira mugatuko, “Euskal Herri iosoan ezaguna izan da Joxe Marik egindako lana, eta “Euskal Herri osoa uztartu nahi duen beka bat da.

 

Mikel Agirrezabalak gogoratu duenez, “Joxe Mari Auzmendi, sekula agortzen ez zen iturria. Titular hori jarri genuen Hik Hasi aldizkarian gure egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaile zenaren heriotzaren berri emateko idatzitako erreportaje luzean, 2020ko otsailean. Eta gaurko hauxe dugu agortzen ez den iturri horren beste adibide bat: pasa den otsailaren 26an, Joxe Mari Auzmendiren omenez, hemen, Hernanin, egin genuen ekitaldian  aurreratu genizuen bezala, Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Hernaniko Udalaren laguntzarekin Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka sortu du eta lehen edizioaren berri emateko elkartu gara gaur hemen”.

 

Hik Hasiren izenean eskerrak emanez hasi nahi du gaurko hitzartze hau Agirrezabalak: “Joxe Mari Auzmendiren familiari lehendabizi eta Hernaniko Udalari ondoren, erakutsitako babesagatik. Ametsak egia bihurtzeko, ezinbestekoak dira bidelagunak, eta kasu honetan ere, Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka abian jartzeko ezinbestekoa izan da Hernaniko udalak eskaini digun babesa eta laguntza. Joxe Mari Azkaraten jaio eta Legazpin hazi bazen ere, oso lotua zegoen Hernaniri, Hernaniko herri bizitzari, eta eskertzekoa da, benetan gaur hemen aurkeztu ahal izatea bere izena daraman Hezkuntza beka hau”.

 

2020ko otsailean hil zen Joxe Mari Auzmendi. Baina, iturri agortezina zela gogoratu du HIK HASIko formazio ardurdunak. “Joxe Marik ezaugarri berezi batzuk zituen, kemen eta argi handiko pertsona zen, indar berezikoa eta bateratzailea zen. Langile porrokatua. Batik bat hezkuntzara bideratu zuen bere lana, baina hezkuntza herri bat josteko hari gisa ulertzen zuen, eta beti balioetan oinarritzen zen. Hala esaten zuen: ‘Hezkuntzak ekarriko du gizarte hobe bat, gizarte justuago bat, orekatuago bat, parekideago eta euskaldunago bat. Baina hezkuntzak eginkizun handi hori beteko badu, bikaina, kalitatekoa izan behar du’. Joxe Mariren hezkuntza-balioei jarraipena emateko asmoz, eta hezkuntza komunitateari ekarpena egiteko ilusioz, sortu dugu gaur aurkezten dizuegun hezkuntza beka  hau, hezkuntza komunitate osoari zabaldua dagoena”.

 

Balioak aipatu ditu Agirrezabalak, “balioetan sinesten eta lan egiten zuen pertsona zen Joxe Mari. Eta lau balioren inguruko  proiektuak lagunduko ditu, hain zuzen ere, hezkuntza beka honek: hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea; herri hezitzailea eta inklusioa”.

 

Lau gai horietako batean (edo gehiagotan) ardazturiko proiektu bat lagunduko du beka honek. Proiektu berri bat abian jartzeko edota dagoeneko indarrean dagoen bat bultzatu eta bideratzeko izango da eta hezkuntza komunitate osoari zuzendua dago. Euskal Herri osoko ikastetxeak, hezitzaile taldeak, guraso taldeak, aisialdi taldeak, euskara elkarteak, herri mailan osatutako eragile-taldeak eta abar aurkeztu ahal izango dira. Eragile desberdinen arteko elkarlana hobetsiko da.

 

Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da. Eta bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da.  

 

Epaimahaia Hernaniko udalaren ordezkari batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza-adituk osatuko dute. Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, beti ere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du Epaimahaiak onuradunekin adostuta.

 

Proposamenak aurkezteko epea 2021eko urriaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, azaroaren 2an jakinaraziko da saritutako proiektua zein den.

 

Oinarriak eta eskera-orriak hikhasi.eus webgunean zabalduko dira gaurtik aurrera.

 

 

Agirrezabalaren hitzartzea amaitzeko, beste behin, eskerrak eman nahi izan dizkie, Hik Hasiren izenean, Joxe Mari Auzmendiren familiari eta Hernaniko Udalari. “25 urte bete ditu aurten Hik Hasik eta ikasturte zail honetan ospakizun gutxi egiteko aukera izan dugu, baina ederra da hezkuntza komunitateari laguntzeko aukera honekin ospatzea urteurren berezi hau, urte zail eta exijente honetan ikaragarri merezi baitu hezkuntza-komunitate osoak”.