Brebeta eta baxoa osoki euskaraz pasatzea eskatu du Seaskak Donapaleun

2021-07-02

Manifestazio batekin eman diote bukaera Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Amikuzeko kolegioko okupazioari: Seaskako ikasleei euskaraz osoki ikasteko eskubidea urratzen zaiela salatu dute gisa horretan.  Ehunka lagun bildu ziren Donapaleun Azterketak euskaraz! lelopean manifestarziora. Pasa den hilabetean sortu zuten Azterketak Euskaraz kolektiboak antolatu zuen protesta, baxoa eta brebeta osoki euskaraz egin ahal izatea eskatzeko.

 
 
Brebeta eta baxoa osoki euskaraz pasatzea eskatu du Seaskak Donapaleun

Seaskako kolegioetako hirugarren mailako ikasleek brebeta egin zuten astelehenean eta asteartean. Nahiz eta ikuskaritzaren debekua jasoa zuten, kopiak euskaraz itzultzeko hautua egin zuten ikasleek, nahiz eta bermerik ez izan azterketak zuzenduak izango diren.Hori salatzeko, Amikuzeko kolegioa okupatu zuten bi egunez Berriak jakinarazi duenez: Larzabaleko kolegioko (Nafarroa Beherea) ikasleen kopiak hara eraman ziren asteartean. Geroztik, Seaskako irakasle, guraso eta ikasleek probak handik ateratzea eragotzi nahi izan dute ikastetxea okupatuz, kopiak ez zitzaten frantsesez zuzendu. Okupazio denboran, Frantziako Jendarmeak joan ziren ikastetxera, baina okupatzaileek ez dute kopien berririk jaso ahal izan. Hala, ez dakite kopiek han segitzen duten, ala, beste ikastetxe batzuetako euskarazko zientzietako kopien gisara, Pauera (Okzitania) eraman dituzten, irakasle erdaldun batzuek zuzendu ditzaten.