Eskolako jolastokia, auzoko plaza
1985ean eraiki zuten Odon de Apraiz ikastola, Gasteizko Zaramaga auzoan. Eskolako jolastokia breazko zabaldegi handi bat da, eta haurrak, familiak eta hezitzaileak ohartuta daude espazio horrek gatazkak eta botere-harremanak sortzen dituela eta, gainera, ez dituela asetzen gaur egungo hezkuntzako eta elkarbizitzako premiak. Auzora ireki nahi dute eskolako jolastokia, naturalizatu eta jolas ugaritarako eta bizikidetzarako plaza bilakatu nahi dute.
A
nimalien hiltegi bat zegoen lekuan eraiki zuten, 1985ean, Gasteizko Zaramaga auzoan, Odon de Apraiz ikastola. Gurasoen inplikazioa izan da immigrazio handiko langile-auzo horretan kokatutako ikastetxe publikoaren ezaugarrietako bat, sorreratik beretik; halaxe nabarmendu du 1985etik ikastetxeko Haur Hezkuntzako andereño eta gaur egun zuzendari den Maru Agirrezabalek: “Zaramaga nortasun handiko auzoa da, langile-auzo konprometitua, eta ikastola horren adibide da, gurasoentzako elkargune garrantzitsua denez inplikazio handiko ikastola da”. B eredutik D eredura aldatzea izan zen familiek eta irakasleek elkarrekin eskuratu zuten lehen lorpena. Geroztik, asko izan dira familien eta hezitzaileen parte-hartzea eskatu duten lan-lerroak, euskararen eta gizarte-kohesioaren inguruan, beti ere. Azken urteetan, eskolako jolastokiaren inguruan batu dituzte indarrak eta ahaleginak familiek eta hezitzaileek, elkarbizitzarako jolastoki hezitzailea eraiki nahi baitute Odon de Apraiz ikastolan.
Grisa da guztiz Odon de Apraiz ikastolako jolastokia. Luze-zabalean, handia da breazko zabaldegia. Hotza eta zaharkitua ikusten da. Asfaltozko metro koadro luzeetan, futbolerako nahiz saskibaloirako pistak daude margotuta. Lurrera eroriz gero, asfaltozko zoruak zer-nolako mina egiten duen nabarmentzen dute haurrek: lehenengo mailako Haizeak dio belarra jarri nahi duela, “jausten garenean minik ez hartzeko”; 3. mailako Enekok argi dauka: “Ez zait gustatzen lurra, ze min handia egiten du”; baita 4. mailako Raniak ere: “Jolastokiko lurra kendu, arriskutsua delako”. 3. mailako Elurrek hondartegia jarri nahi du. 6. mailako Kimetzek “jolastokian zuhaitz gehiago egotea” eskatzen du, “horrela jolastokia berdeago gelditzeko”.
1985ean eraikitako eskola-atariak ez die gaur egungo premiei erantzuten, “ez hezkuntza-premiei ez eta elkarbizitzari begira dauden beharrei ere”, zuzendariaren arabera, eta berori eraldatzeko prozesuan murgildutako dago Odon de Apraizko komunitatea. “Bagenekien zer ez genuen nahi; bagenekien atari honek zer-nolako arazoak zituen, baina ez genekien, zehazki, zer nahi genuen”. Bada, beharrak mahai-gainean jartzeko parte-hartze prozesua abiatu zuen Odon de Apraizko komunitateak. Prozesua gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren babesa izan dute, “Jolastokia egin” parte-hartzeko prozesua bultzatu baitzuen sailak duela bi ikasturte. Nondik izeneko arkitektura- eta hezkuntza-ikerkuntzako estudioak gidatutako prozesuari esker, batetik, gaur egungo jolastokiaren mugak eta oztopoak mahai gaineratu zituen eskola komunitate osoak, eta, bestetik, haurren, familien, hezitzaileen eta, are gehiago, auzoaren premiak ezagutu ahal izan zituzten, behaketa eta parte-hartze prozesuari esker. Honela laburbildu du diagnosia Patricia Saratxo gurasoak: “Agerian gelditu zen espazioak haurren arteko elkarbizitzan gatazkak sortzen dituela; haurrak ez daude gustura euren ikastolako jolastokiarekin; gizarte-berrikuntzarako proiektu komunitario gisa baliatu behar dugu jolastokia, eta auzora ireki behar dugu”. Jolastokiak generoen arteko desoreka nola sustatzen duen jarri du adibide gisa: “Oso futbolzalea den seme bat daukat, eta jolastokiaren eraldaketaz hausnartzen hasi ginenean galdetu nion ea nork jolasten zuen jolastokiaren erdigunean; mutil gehienak eta neska gutxi batzuk futbolean ibiltzen zirela erantzun zidan, erdigunean; gainerako neska guztiak eta futbola gustatzen ez zitzaien mutilak non ibiltzen ziren galdetu nion, eta ez zekien. Emakumeen ikusezintasuna dakar gaur egungo jolastokiaren ereduak, bazterretan egoten dira neskak, erdian daudenek ez dituzte ikusi ere egiten, eta botere-harreman hori, ondoren, ikasgelan eta harremanetan islatzen da; alferrik da gero genero-berdintasuna lantzea, eurek dagoeneko botere-harremanak bizi izan dituzte jolastokian”.
Jolastokia auzora irekitako plaza bilakatzea da Odon de Apraizko eskola-komunitatearen premia eta desira handienetako bat. Zaramaga auzoaren ezaugarri den heinean, kohesioa indartu nahi dute gurasoek eskola- atariaren bidez, Saratxok azaldu duen eran: “Parte-hartze prozesuan ikusi dugu jolastokia familientzako gizarte-kohesiorako tresna bat dela. Auzokideak gara haurrak ikastola honetara ekartzen ditugunak, bertan jaioak nahiz kanpotik etorriak diren haurren arteko oreka mantentzen dugu eskolan, eta gizarte-kohesiorako plaza garrantzitsua izan daiteke eskola, hemen elkartzen baikara familiak. Auzokideen arteko, belaunaldien arteko eta kulturen arteko harremanak gauzatzeko tresna bat da jolastokia; ez gara beste inon elkartzen hemen bezala”. Beraz, Saratxok dioenaren ildotik, “eskola auzorako berreskuratzeko” ezinbestekoa da, zuzendariaren hitzetan ere, “jolastokian beste harreman mota batzuei leku egitea; naturalagoa izatea eta gaur egungo hezkuntzaren, haurren eta familien beharrei erantzuteko eraldatzea”.
Elkarbizitzari loturiko helburuez gain, familiekin eta hezkuntza-komunitatearekin egindako hausnarketa-prozesuan honako gogoeta hauek ere nabarmendu ziren etorkizuneko jolastokiari buruz:
Jolas arautura bideratutako espazioa eraldatzeko beharra ikusi zuten: “Izan ere, futbolak hartzen duen garrantzia medio, honen inguruan sortzen diren gatazkak eta arazoak zein islatzen dituen erlazionatzeko moduak ez dira jolasa mugatu eta debekatzearekin ekidingo”.
Espazio irekiaren artikulazioa (natura, askotariko egiturak, eserlekuak…) beharrezkoa ikusten dute: “Egungo jolastokia gogorra, hotza eta irekiegia da, babesgunerik gabe, esperimentaziorako aukerarik gabe, eta haurrak korrika egitera bideratzen ditu eta babesgune bakarrak izkina itsuetan daude”. Horri loturik, espazio txikien beharra aldarrikatzen dute: “Haurren parametroetara egokitutako egiturak eta baliabideak (etxekoak eta egitura txikiak, gordetzeko, babestuta sentitzeko, espazioak konkistatzeko…)”. Kanpo espazioen erabilera hobea bermatzeko, aterpeak ere ezinbestekoak direla ikusi zuten.
Jolastokia naturalizatu behar dela ikusten dute haurrek, familiek eta hezitzaileek: “Hemengo kliman oinarrituta, natura eskolara gerturatzea eskatzen dugu, zuhaitz autoktonoak, berdeguneak, enborrak, harea…”.
Komunitatearen arabera, egungo jolastokiak ez ditu jolas mota guztiak ahalbidetzen: “Jolas sinbolikorako, jolas manipulatiborako eta sentsorialerako baliabideak falta dira gehien bat”. Nabarmena izan zen sormena eta jolas kooperatiboa bultzatzen duten egituren beharra.
Hezkuntza-prozesuak kanpoko espazioetara zabaltzeko aukerarik ez dagoela ikusten dute: “Esperimentaziorako baliabideak falta dira: hondar-eremuak, urarekin esperimentatzeko aukera, material solteak (enborrak, makilak…)
Hesiak eta muga fisikoak, hala nola eskailerak, lehenbailehen aldatzeko eta jolastokia irisgarriagoa egiteko premia aldarrikatzen dute.
Beraz, Odon de Apraizkoa ez da ez berrikuntza urbanistikoa, arkitektonikoa edo pedagogikoa soilik, “berrikuntza sozialerako tresna gisa” ulertzen dute familiek eraldaketa-prozesua. Naturalizazioaren bidez berreskuratu nahi dituzte espazioak, eta “bizikidetza eta harreman sinergiak sortzeko baliabidea” dela ikusten dute; “inguruneak aldatzen baditugu eta beste baliabide batzuk jartzen baditugu jolastokian, joko-arauak aldatu egiten dira, eta joko-arauak aldatzen badira, harremanak aldatzen dira”, laburbildu du Saratxok.
Hori guztia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzarekin eta Nondik-en dinamizazioari esker mamitu ahal izan zuten. Prozesutik hiru ondorio nagusi atera zituzten, Ahinitze Errasti Nondik arkitektura eta hezkuntza-ikerkuntzako estudioko arkitektoaren arabera: “Lehenik, jolastokia, ingurune hezitzailea izateaz gain, hezkuntza-komunitatearen elkargune ere badela; bigarrenik, jolastokia berriro pentsatzeko prozesu parte-hartzaileak ezinbestekoak direla; eta, hirugarrenik, esperientziak partekatzeko foroak behar direla, administrazioa, aditu profesionalak eta hezkuntza-komunitatearen arteko elkarlanerako lekuak eta testuinguruak sortzea”.
Bost irizpidetan oinarritutako
jolastokia
Eskola-komunitate osoak iritzia eman ostean, bost irizpide orokorren gainean papereratu du Nondik-ek proiektu arkitektonikoa. Elkarbizitza da lehen irizpidea: desberdinen arteko elkarrekintzak sustatuko dituzten espazio inklusiboak eta hezitzaileak behar dituzte; auzoa kontuan izan behar da: auzoko identitateari eutsiz, hirira zabalduko den eskola eta auzoko plaza bilakatuko den jolastokia nahi dute; jolasa aintzat hartu beharreko ardatza da: jolas arautuak berriro pentsatu eta jolas mota guztiak, bereziki sormena bultzatzen dutenak eta kooperatiboak, bultzatuko dituen jolastokia lehenetsi dute; laugarren irizpidea pedagogikoa da: jolastokia ikasgela bilakatzeko aukera askotarikoak eta malguak eskainiko dituen espazioa bilakatu nahi dute; eta, aurreko irizpideak bultzatzeko, natura erdigunean jarri dute: manipulazioa eta esperimentazioa ikaskuntza-iturri gisa eskainiko dituen ataria amestu dute. Berdeguneak, zuhaitzak, baratze handiagoa; jolas-, joko- eta kirol-eskaintza ugariak; lasai egoteko lekuak edota txokoak, horiek guztiak biltzen ditu “makroproiektua” deitzen dioten proposamen arkitektonikoak. Badakite berritu beharreko hori guztia eraldatzeko bidea oso luzea izango dela, eta horrexegatik, hain zuzen ere, proiektua atalka gauzatzen hastea proposatzen du eskola-komunitateak, ezinbestekoak diren lanetatik abiatuta. Abiatzeko, eskolako umeen eta familien irisgarritasuna bermatzea premiazkotzat jotzen dute: “Eskolako sarrera nagusian eskailerak ditugu —azaldu du zuzendariak—, eta hainbat familiak zailtasunak dituzte eskailera horiek erabiltzeko, aitona-amonak baitira haurren bila etortzen direnak. Hainbeste kostatzen ote da, 35 urteren ondoren, aldapa batzuk jartzea?”.
Oztopoak oztopo eta aurrekontuak muga izan arren, bidean dagoeneko irabazi dutela sentitzen du Odon de Apraizko eskola-komunitateak: “Asko ikasi dugu prozesu honetan guztian hezkuntzaz eta elkarbizitzaz, eta eskola-komunitatea bera proiektu baten inguruan are gehiago elkartzeko tresna izan da jolastokia”, azaldu du Saratxok. Planoetan jarri dituzten amets guztiak osoki lortu bitartean, “mikroproiektuak” egitea gustatuko litzaieke familiei eta irakasleei: “Gauza txikiekin aldaketa handiak egin daitezke”, dio gurasoak. Dinamizazio-kutxak ezarri zituzten, esate baterako, jolaserako materialak eta baliabideak eskaintzen dituzten kutxak, esku-hartze txikiak eginez jolasteko aukerak zabaldu ahal izateko haurrei. “Gatazkak dagoeneko baretu egin dira esku-hartze txiki hauen bitartez”, ondorioztatu du zuzendariak, “eta, ondoren, gelako harremanetan nabaritu egiten da aldaketa”. Ortua jartzen du adibide gisa Agirrezabalek: “Gatazka emozionalak gertatzen direnean edo ume bat gaizki dagoenean, baratzera joateko ohitura hartu dute, eta natura eta baratzea bultzatzea bereziki garrantzitsua da gaur egun, helduak bezala, hainbat ume ukituta daudelako emozionalki, eta baratzea baliatzen dute emozio horiek ateratzeko”. Gaur egun, oso txikia da baratzea, eta hesiz inguratuta dago, eta handitu eta zabaltzeko beharra duen arren, “joko handia ematen du dagoeneko”, Agirrezabalen aburuz.
Martxan dira dagoeneko familiak eta hezitzaileak. Baina nahi baino oztopo gehiago aurkitu dituzte abiatu orduko, Saratxok azaldu duenez: “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, parte-hartze prozesua bultzatzeaz gain, hainbat esku-hartze egiteko diru-laguntza eskaintzen du, baina, ondotik, Hezkuntza Sailaren ezezkoak jasotzen ditugu horiek gauzatzeko”. Sailen arteko adostasuna eskatzen dute, eta, era berean, erakundeen arteko elkarlana. Bide horretan, Gasteizko Udalaren parte-hartzea bilatu dute dagoeneko, eta Arabako hiriburuko udalean mahai bat sortu dute hezkuntza-eragileek, jolastokiko batzorde bat sortzeko. Gasteiz berdearen filosofiaren barruan, eta udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak natura hirian sartzeko duen egitasmoarekin bat eginik, ikastetxeen birnaturalizazioa bultzatu nahi dute hiriko hainbat eskola publikok. “Hainbat instituziotan begirada aldatzen ari den arren, herritarrak aurretik doaz”, dio Agirrezabalak. Odon Apraizko eskola-komunitatearen erronka elkarrekin lan egitea da: “Familiak irakasleak eta haurrak prest gaude lanerako, baina erakundeek izan behar dute prozesuaren liderrak” dio Saratxok.
Arabako eskola publikoak eraldaketarako prest
Arabako ikastetxe publikoetan egiten ari diren hausnarketa- eta eraldaketa- prozesuaren adibide da Odon de Apraiz ikastola. Hezitzaileen eta gurasoen gogoetez gain, haurren hitzari leku egiten ari zaion prozesu bat da Denon Artean Arabako IGE-en federazioak bultzatu duena. Komunitatea erdigunean jartzen duten prozesu eraldatzaileak dira, eta “hezkidetzan oinarritutako eskola-ingurune seguru, osasuntsuak” dituzte helburu. Hainbat batzordetan lan egiten duten guraso taldeak batu dira, eskolak naturalizatzea da haien helburuetako bat, eta hainbat lan-ildo dituzte, hala nola eskolara arteko ibilbideak hobetzea, airearen kutsadura aztertzea, ingurune naturalaren gabeziak gainditzea, jolastokien behar pedagogikoetara egokitzea… Eta, hainbat diagnostiko egin ostean, aldaketak ere planteatu dituzte, bereziki kanpoko espazioen inguruan. “Pentsatzen dugu kanpoko espazioek ikusgarri egin behar dutela haurtzaroko, eskolako eta komunitateko kultura berri bat. Munduari irekitako ispilua izan behar dute, eta koherentziaz jokatu behar dute egitean eta izatean”, dio euren manifestuak.
Ikusi dute, ordea, prozesu horretan ikastetxe guztiek antzeko zailtasunekin egiten dutela topo: “Administrazioek ez dute arazo hori diziplinarteko eta eskumen mailako ikuspuntu batetik bideratzeko gaitasunik, eta, ezinbestean, izapide burokratiko garesti eta korapilatsuetan galdu gara”. Hori dela eta, “arazo horri ikuspegi orokor eta erabakitzaile batetik heltzeko”, sailen arteko lan-mahai bat eskatzen du Denon Artean federazioak: Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Ingurumena eta Osasuna), Gasteizko Udala (Hezkuntza, Berdintasuna, Hirigintza, Parke eta Lorategiak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) eta gurasoen elkarteak eta ikastetxeetako zuzendariak. Horrekin batera, ingurune horien eraldaketa pedagogikorako plan estrategikoa eskatzen dute, “epe laburrean aldaketa-prozesu hori lortzea bermatuko duen etengabeko aurrekontu-partida batekin”.