Facebook eta Instagram toxikoak dira

2021-10-26

Sare sozialen enpresa kudeatzaileak badaki bere produktuak arriskutsuak direla nerabeentzako, hala baieztatu baitute azken hiru urteetan egindako barne txostenek. Baina ez du neurririk hartu toxikotasun hori saihesteko.

 
 
Facebook  eta Instagram  toxikoak dira

F

acebook eta Instagram kaltegarriak dira nerabe askorentzako, eta enpresa kudeatzaileek badakite hala dela, baina ez dute ezer egiten kalteak gutxiagotzeko. Hala jakinarazi du AEBetako senatuan Frances Haugen Facebook konpainiako —izen bereko sare sozialaren eta Instagramen jabe enpresa bera dira— langile ohiak urriaren 5ean, adierazpenen froga gisa txosten mardul bat aurkeztuz: “Frances Haugen da nire izena, Facebooken lana egiten nuen —adierazi zuen senatari errepublikar eta demokraten aurrean—. Konpainia horretan sartu nintzen norbere baitako onena ateratzeko indarra daukala sinesten nuelako. Gaur zuen guztien aurrean ziurtatzen dut bere produktuek haurtzaroa kaltetzen dutela, haurren arteko banaketa sustatzen duela, gure demokrazia ahultzen dutela eta gauza askoz gehiago. Enpresa kudeatzen dutenek badakite zer egin dezaketen Facebook eta Instagram seguruagoak izan daitezen. Baina ez dute ezer egingo.”

 

Pisu handia hartu dute Haugenen adierazpenek. Lehendik mediku eta psikologo askok abisu emana zuten Facebook eta Instagram kaltegarriak zirela haur eta nerabeentzako, buru arazo larriak eragin ditzaketelako; antsietatea areagotzen dutelako eta sozializazioa oztopatzen, baina langile ohiaren adierazpenek eta, batez ere aurkeztutako dokumentuek, are argiago utzi dute aukera izanda ere, ez dutela euren erabiltzaileen ongizatearen alde egin Facebookek eta konpainia horren barruan dagoen Instagramek. 

 

Barne dokumentuak argiak dira

Badira gutxienez hiru urte bi sare sozialek euren publikoaren artean sortzen dituzten osasun-arazoen inguruko barne-txostenak egiten dituztela. Dokumentu horien ondorioak argiak dira, erabiltzaile askorentzat oso kaltegarriak dira Facebook eta Instagram, bereziki haur eta nerabeentzat. Hala dio 2020ko martxoan Wall Street Journal egunkariak eskuratu zuen Facebooken barne dokumentu batek. “Nesken % 32k dio bere gorputzarekin gaizki sentitzen denean, Instagramek are okerrago sentiarazten dituela”. Mutil nerabeei ere eragiten die sare sozialak, baina gutxiago: barne dokumentuen arabera, % 14k dio Instagramek gaizki sentiarazten dituela. 2019ko beste barne dokumentu batek honela jasotzen zuen, AEBetako egunkariaren arabera: “Hiru neska nerabetik bati gorputz irudiarekiko arazoak areagotzen dizkiogu”. Wall Street Journalek argitaratu zuen, halaber, argazkien sare soziala jakitun zela nerabeek “antsietate eta depresio maila igotzearen errua” Instagrami egozten ziotela. Egunkariak egindako ikerketek agerian utzi dute, halaber, gazte askoren eritasun mentalaren atzean Instagram dagoela. Barne- ikerketek erakusten dute AEBetako nerabeen artean pentsamendu suizidak izan dituztenen % 13k Instagrami egozten diotela gogo hori. Datuak esanguratsuak dira, Instagramen erabiltzaileen % 40 22 urtez azpikoa baita. Sare soziala erabiltzeko legezko adina 13 urte da, baina Facebookek duela hilabete batzuk aurreratu zuen haurrentzako Instagram sortzeko asmoa zeukala.

 

Argazkien sare sozialaren arrisku handiena eragiten duen faktorea erabiltzaileen artean sortzen duen mendekotasuna da. Barne dokumentuek ere “adiktiboa” dela ondorioztatzen dute. Honela jaso zituen Wall Street Journal-ek Facebooken barne txosten bateko hitzak: “[Erabiltzaileak] adiktoak sentitzen dira eta badakite ikusten dutena kaltegarria dela euren buru-osasunarentzako, baina ez dira gelditzeko gai”. Izan ere, neurri gabe kontsumitzen jarraitzeko behar kontrolaezin horrek dopamina eta noradrenalina igoarazten ditu eta serotonina jaisten, beste adikzio askok bezala. 

 

Soka ekarriko duten adierazpenak

Haugen izan zen lehenago ere The Wall Street Journal egunkariari enpresa teknologikoen praktika txarren berri eman ziena, sare sozial horiek “nerabeak abismora bultzatzen zituela” erakusten zuten milaka dokumentu aurkeztuz, “pentsamendu suizidak elikatzen ditu eta elikadura arazoak sortzen ditu”, ondorioztatzen zuten txosten horiek. “Zatiketa, estremismoa eta polarizazioa bultzatzen dituen sistema bat da eta horrek mundu guztiko gizarteak zulatzen ditu”, adierazi zuen senatuan. “Eta horrek indarkeria eragiten du bizitza errealean, eta kasu batzuetan horrek bizitzaren prezioa dauka (…). Facebooken barne ikerketek askotan baieztatu dituzte arazo hauek. Baina gure eta gure seme-alaben  segurtasunaren bizkar, milioi asko eta asko irabazi dituen enpresa bati buruz ari gara”. Senatuan egin zuen hitzartzea amaitzeko, Facebooken eta Instagramen erabilera legez arautzeko eta babesteko eskatu zuen, “tabakoaren industriarekin edota autoetako segurtasun uhalaren obligazioarekin egin izan den bezala”.

 

Haugenek AEBetako senatuan egindako adierazpenek soka ekar dezakete. Mahai gainean jarri baitu enpresek jakinaren gainean egonik eskaintzen dizkiela nerabeei euren osasunarentzako kaltegarriak diren produktuak. Barne dokumentuek jasotzen dute sare sozialekiko mendekotasuna garatzen duten pertsonek sareetan xahutzen duten energia eta denborak errendimendu akademikoan kalte zuzenak eragiten dituela, eta nagusien kasuan, lan arloan eragina duela, “eta bizitzarekiko satisfazio gutxiago” erakusten dutela. 

 

Kalteak sortzen dituzten edukiak, iraingarriak, obszenoak edo gorrotoa sustatzen dutenak izan ohi dira. Barne txostenek erakutsi dute, ordea, sare sozial hauek behar dituztela gisa horretako edukiak, Haugenek “gurpil zoro” gisa deskribatu zuen zigilu teknologikoen praktika, erabiltzaileengan mendekotasun erreakzioak sortzeko “baliagarriago” baitira “gorrotoa edota pasioa sustatzen duten edukiak”. Halaber, azaldu zuen, bai Facebookek eta bai Instagramek teorian haurrak gisa horretako edukietatik babesten dituztela esaten badute ere, praktikan ez dela hala. “Facebooketik kanpo inork ez daki zer gertatzen den Facebooken. Nik aurkeztu ditudan dokumentuetan ikus daiteke enpresak engainatu egiten duela behin eta berriz haurren segurtasunari, gorroto eta polarizazio mezuen aurrean duen rolari dagokionez”

 

Celebrity-ak izan ohi dira, askotan, nerabeentzako kaltegarriak izan daitezkeen edukiak eskegitzen dituztenak. Izan elikadura, autoestimu, irudi, edota sozializazio arazoak sustatzen dituzten mezuak; izan gorrotoa bultzatzen dutenak edo izan genero biolentzia bultzatzen duten irudiak. Haatik, barne txostenek erakutsi dute 5.000 erabiltzaile "berezi" dituela Instagramek zeinei ez dizkieten edukiak beste erabiltzaileei bezala zentsuratzen eta uzten dieten mezu iraingarriak eta arriskutsuak izan daitezkeenak zabaltzen. Neymar futbol jokalaria da horietako bat. Futbolista brasildarrak emakume baten irudi biluziak eta mezu iraingarriak zabaldu zituen argazkien sare sozialean, hain justu bortxatzeaz akusatu zuen emakume batenak. Sare sozialen araudi guztien kontrakoa da Neymarrek egindakoa, eta erabiltzaile arruntek  antzekorik eginez gero, berehalakoan ezabatuko lukete halakorik, baina celebrityekin “zentsura gabe” jokatzen duela erakutsi zuen adibideak. Neymarrek zabaldutako irudi eta mezuak milioika jarraitzailek ikusi zituzten. 

 

Facebooken sortzaile eta buru Mark Zuckerbergek ez du adierazpen publikorik egin egozten zaizkien arduragabekeriez, baina gaiaz mintzatu izan denean bestelako iritzia eman izan du, hala adierazi zuen 2021ekomartxoan bere bi sare sozialek haur eta nerabeei eragiten dizkieten kalteez galdetuta : “Beste pertsona batzuekin konektatzeko aplikazio sozialek onurak ekar ditzake buru osasunarentzat”.