‘Haurren aurrean helduok heldu’: azaroaren 22tik aurrera, helduen euskara erabileran eragiteko

2021-11-11

Euskaltzaleen Topaguneak ‘Haurren aurrean helduok heldu’ ekimena jarri du abian, haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko. Azaroaren 22tik abenduaren 5era egingo da Euskal Herri osoko 80 herritan.

 
 
‘Haurren aurrean helduok heldu’: azaroaren 22tik aurrera, helduen euskara erabileran eragiteko

Haurren aurrean, helduok heldu,  haurren zuzeneko heldu erreferenteek, (guraso, hezitzaile, senide, lagun…) beraien arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO,  hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.

Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean, eremu informaletan (parkeak, plazak, terrazak, etxea…) gauzatuko da ekimena.

Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta mintzairen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte. Hau da, haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten modutik ere ikasten du hizkuntza eta berau erabiltzeko arau soziala (norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez; non bai, non ez; zertarako bai, zertarako ez…). Hortaz, hizkuntza portaeretan haurrekiko eredugarritasuna zaindu nahi bada haiei zuzenean egiten zaien modua ez ezik, haien aurrean egiten den hizkuntza jarduna ere aintzat hartu beharko da.

 

Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.

Euskararen erabilera ohikoa, bat-batekoa eta berezkoa duten haurrak, aise mintzatu eta hizketan eroso arituko direnak nahi baldin baditugu, hizkuntza portaera parekoak ikustea eta ikastea garrantzitsua da. Garrantzitsua da helduek eredu hori ematea, haurren erreferenteak dira hizkuntzarekin batera erabiltzeko arau sozial eredugarri hori beretu dezaten. Kontutan hartzekoa ere, gurasoak ez direla umeen hizkuntza erreferente bakarrak. Haurrak ingurutik ikasten du hizkuntza eta baita hizketan aritzeko ohitura eta araua ere.

 

Egun euskaldunekin euskaraz egitearen ohitura eta nahia sozializatzeko, koherenteak izan behar dugu eta eredugarri jokatu, haurrek ere jokabide hori bere horretan barneratzea nahi badugu. Portaera hori etxean ez ezik, etxetik kanpo ere barneratuko du haurrak, haren ondoan dauden helduen portaeretatik.

Euskal Herriko kaleetan nagusitzen den joera honakoa da: euskara gehien erabiltzen da haurrak eta helduak elkarrekin daudenean. Erabilera daturik baxuenak, berriz, nagusiak haurren presentziarik gabe ari direnean jasotzen dira.
Joera horri buelta emateko pausoak emateko prest?