Hezkuntzaz serio gogoeta egiteko ikasturtea

2021-11-11

Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusiek hezkuntza babestu eta blindatzeko beharra adierazi dute eta horretarako hezkuntza legea idatzi beharko dute. Aurretik akordioa adosteko prest agertu dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE Elkarrekin Podemos. Hezkuntzaz hausnartzeko ikasturtea izango da, hezkuntza  komunitate osoarentzat ez ezik, baita alderdientzat ere.

 
 
Hezkuntzaz serio gogoeta egiteko ikasturtea

Hezkuntzakoak ez ziren gaiek markatu zuten iazko ikasturtea. Distantziak, termometroak eta gel hidroalkoholikoak izan ziren hizpide, COVID-19agatik. Aurten alor horri erabat tamaina hartzea lortu ez bada ere —eskola-eremuan beste leku gutxitan bezain zorrotzak dira oraindik ere murrizketa neurriak— benetan hezkuntzarekin lotuagoak dauden gaiak dira mintzagai eskola-testuinguruan: ikastetxeen autonomia, finantzaketa, hizkuntza eredua, hezkuntza eredua… hausnartzeko, partekatzeko eta adosteko ikasturtea izango da aurtengo hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek argi esan du hezkuntza sistemak behar duen legearen aurretik gizarte mailako hizarmena egin behar dela, eta hau izango dela berau jorratzeko ikasturtea. Hasi dira legearen aurrekari izango den akordiorako pausoak ematen.

 

Alderdi politikoek egin dituzte lehen urratsak. Gutxitan bezala, “adostasunerako aukera handiak” daudela erakutsi dute Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusiek. Hainbeste, ezen Hezkuntza Legea onartzeko epea ere urtebete aurreratu duela Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk: 2022ra, duela 8 urte Heziberri proiektua onartu eta eta bi legegintzaldiz legea egiteko azken helburua erdietsi ezinik ibili ostean. “Une honetan alderdien artean dagoen giroa oso ona da”, adierazi dio EAEko Hezkuntza Sailburuak Gara egunkariari, eta adostasun-jarrera hori baieztatzen duten adierazpenek bete dituzte gaiaz politikariekin hainbat egunkaritan egin diren erreportajeetako orrialdeak.

 

Gobernukide duen alderdiari dagokionez, Alderdi Sozialista, “hasiera-hasieratik adostasun zabal bat” dagoela iragarri du Bildarratzek. Jose Antonio Pastor PSE-EEKo legebiltzarkideak, alabaina erabateko akordiorik gabe ere “ahalik eta zabalenarekin” egin nahi du aurrera, hezkuntza lege batek ona izateko eta funtzionatzeko akordioa ezinbesteko duela uste baitu, Berria egunkarian aurreratu duenez. 

EH Bildurekin ere sintonia agerikoa da. EH Bilduk hezkuntza hitzarmena lortzeko “borondate osoa” agertu du, "marra gorririk gabe" egingo duela gogoeta aurreratu dio Berriari Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza batzordeko legebiltzarkideak. Ondoren etorriko den legeari baino gehiago, hitzarmenaren prozesuari eman dio garrantzia: “Akordio hori benetan tinkoa bada, adostasun zabalak lortzen baditu eta maila politiko eta sozialean lortzen bada, asko erraztuko du etorkizuneko hezkuntza legea”. Datekin desadostasuna erakutsi du, alabaina EH Bilduk, Urkulluk legea onartzeko epea aurreratu izana “arduragabekeriatzat” jo du Arresek: “2022an onartuko den iragarpen horrek antsietate handia sor dezake hezkuntza komunitatean”. Iritzi berekoa da Isabel Gonzalez Elkarrekin-Podemos-IUko legebiltzarkidea: “Presarik gabe, pazientziaz, entzunez eta sakontasunez” egin beharreko “parte hartze-prozesu” gisara ikusten du aurrean duguna. 

 

Alderdi Popularra eta Ciudadanos koaliazioa da sintonia honetatik urrun dabilena. Eta zabala den adostasunaren aurrean “EAJ- EH Bilduren artekoa” soilik ikusten du Iñaki Oiartzabal Arabako popularren buruak. “EAJk EH Bildurekin adostu nahi du hezkuntza sistema aldatzea”; hala, “euskal eskola doktrinatze politikoaren zerbitzura erabili nahi dute aurrerantzean ere, eta familien askatasuna mugatu”. Hain zuzen ere, gisa horretako adierazpenen eta jarreren aurrean “hezkuntza babestu beharra” ikusten du Bildarratzek, eta horixe izango dute jomuga Hezkuntza Legeak eta aurretiazko Hitzarmenak, Deiari adierazi dionez: “Alderdi Popularrak esan berri du Espainiako Gobernura iristen bada, Gorteek onartu berri duten LOMLOE legea bertan behera utziko duela. Ezin dugu hezkuntza ziurgabetasun horrekin bizi. Familiek segurtasuna behar dute, euren seme-alabentzako heziketarik onena eta alderdiek eta erakundeek irakaskuntza despolitizatzea”. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio hausnarketarako, debaterako eta komunikaziorako denbora hartzeari, “inbolukratuen ekarpenak jaso behar ditugu eta hitzarmen baten alde egin, euskal lege batera eraman gaitzakeena”.

 

Hezkuntza Hitzarmena ez da gabezietan oinarrituko, Bildarratzek aurreratu duenez, baizik eta hezkuntza XXI. mendearen beharretara egokitzeko zer egin behar den jaso asmo du paktuak. “Gaur egungo gizartearen beharrak duela 20 urteko gizartearen beharretatik guztiz ezberdinak dira, eta 30 urte barrukoen aldean ere bai”. Akordio bat lortzeko, hezkuntzaren printzipioak eta orientabideak formulatu beharko dituzte eta konpromiso eta neurri zehatzak harilkatu beharko dira. Bildarratzek zedarritu du funtsa: “Ikasleak izan behar du ardatza; ikastetxea indartu eta enpoderatu behar dugu; eta hezkuntza deszentralizatu behar dugu ikastetxeak ahalduntzeko. Horrek esan nahi du gertuko erakundeak hezkuntzaren inguruan indartu behar ditugula; ikastetxeetako zuzendariak ahaldundu behar ditugula; irakasleak, hezkuntza komunitatea, gurasoak inplikatu behar ditugula”. 

 

Beraz, Hezkuntza Hitzarmena behar dela ia ahobatez ados dira alderdi nagusiak, baina hitzarmen horrek jasoko dituen hainbat gairen inguruan adostasun-maila ez da hain nabarmena. Hizkuntza-eredua izango da akordioak jaso beharko duen gai nagusietako bat, eta jarrerak ez datoz guztiz bat, oraingoz: murgiltze-ereduaren alde egin du argiki EH Bilduk; aldiz, EAjk ez du argitu egungo ereduen sistema gainditzeko proposamenik egingo duen ala ez, hala adierazi dio Leixuri Arrizabalaga Hezkuntza batzordeko EAJko legebiltzarkideak Berria-ri: “Guk D ereduaren alde egiten dugu. Euskal gizartearen nahiaren isla da: egun, familien % 81ek eskatzen dute; B eta A ereduak, berriz, 3 urtetik beherakoen % 2k. Guk beti esaten dugu bermatu egin behar dela familia guztien aukeratzeko askatasuna, eta hori egiten dugu, baina errealitatea da hein handi batean D ereduaren alde egiten dela, eta guk, noski, hori bermatu behar dugu, eta sendotu”. PSE-EEk ez dizkio ateak itxi murgiltze-ereduaren inguruko proposamenari: “Behin betiko konponbidea hori ote den zalantzak ditugu, baina egon daitezke formulak elkarrengana hurbiltzeko. Nik proposamen bakar bat ez dut deabrutuko, ezta aldareetara eramango ere —adierazi du Pastorrek—. Ez litzateke batere eraginkorra gaur-gaurkoz. Akordioa lortzeko zer aukera erreal dauden aztertu behar da”. PSE-EEk argi ikusten du D ereduaren aldeko hautua ikasleen % 81ek egin eta “hizkuntzaren eguneroko erabileran zailtasunak” badaude, “zerbaitek kale egiten duela”. Elkarrekin Podemos harago doa, egungo hizkuntza ereduen sistema gainditu egin behar dela uste du koalizioak: “Orain daukagun sistemari eusteko deitzen badigute, ez gara egongo akordioan”, aurreratu du Gonzalezek. 

 

Hezkuntza sistemaren antolaketa izango da beste gogoetagai eta eztabaidagai nagusietako bat, Hitzarmenari begira; hezkuntza eredua, finantzaketa eta ikastetxeen titulartasunaz adostasuna bilatu beharko da. Publiko/itunpeko egungo eredu duala mantendu ala gainditu, izango da gakoetako bat. EAJrentzat egungo eredua ona da, “euskal gizartearen errealitatea islatzen du horrek ere. Itunpeko sarea ez da etsaia. Beste eztabaida batzuk zabaldu ditzakegu, adibidez, itunak egitean batzuek dituzten eskubide edo derrigortasunen inguruan; baina sare bien elkarbizitzak ondo funtzionatu du orain arte, eta euts dakioke”. 

 

EH Bilduk hezkuntza sistemaren antolaketa berri bat aurkeztu du Hezkuntza sistema publiko burujaberantz izeneko bere Hezkuntza Proposamenean, “publiko-itunpeko dikotomia gainditzera datorrena”. Ikastetxeek —izan izaera juridiko publikoko eskolak edo pribatuak— hitzarmen bat sinatuko lukete Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta akordio horren baitan leudekeen eskola guztiek eskubide eta betebehar berdinak izango lituzkete, eta ehuneko ehuneko finantzazioa. “Deszentralizazioa eta ikastetxeen autonomia” bilatuko ditu EH Bilduk. 

 

Elkarrekin-Podemosek eskola publikoa ezartzen du sistemaren ardatz: “Haur guztiek baldintza eta eskubide berekin ikasiko duten eredu baterantz joan behar da, eredu publiko baterantz; hau da, itunpeko ikastetxe pribatuak ikastetxe publikoen sare bakar batean integratu behar dira, borondatez eta modu negoziatuan”. Publikotasunaren ardatza ezartzen du segregazioa desagertzeko bide gisa, baita ikasketak doan izatea ere. 

 

Segregazioa, da hain zuzen ere, adostasuna beharko duen puntuetako bat, hezkuntza hitzarmenari eta legeari begira, Bildarratzek aurreratu duen eran: “Erabaki beharko da segregazioaren gainean zer egin behar den; edo matrikula biziaren inguruan. Urtero-urtero lau mila edo bost mila etorkin datozkigu, eta ezin ditugu haien matrikulak sare desberdinen arteko deskonpentsazioan oinarritu; oso era berdintsuan egin beharko da. Horretarako, herriekin, udalekin lan egin behar da”.

 

Honenbestez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua iritsi zaie alderdi politikoei, curriculumaz, ebaluazioaz, autonomiaz eta beste hamaika gairi buruz eseri, hitz egin eta adosteko garaia da.

 

Prozesuaren parte sentitzearen garrantzia

Hezkuntza Hitzarmena, alabaina, ez dagokie alderdi politikoei soilik, ezta hurrik eman ere. Gizarteari dagokio, eskola komunitateari bereziki. Familiak, irakasleak, hezkuntza komunitateko langileak, zuzendaritza-taldeak ere solastuko dira ikasturte honetan hezkuntzaz, inoiz baino gehiago. Guztiei eragingo baitie prozesu honek, eta guztien hitzak aberastuko baitu solasaldi hori. Finkatzeko dago, ordea, norabidea. Ikusteko dago goitik behera etorriko den hitzarmena adostuta eta hezkuntza-komunitateak gehitu edo kendu egingo dion akordioari, edo alderantziz, hitzarmena idazteko behetik gora entzungo den ahotsa.

 

Ikasturte honetan zehar mamituko den prozesuari berari berebiziko garrantzia ematen dio ikastetxe publikoetako zuzendarien federazioko koordinatzaile Iñigo Salaberriak, eta prozesu hori “guztion arteko parte hartze eta sintoniarekin zeharkatzeari” berebiziko garrantzia ematen dio: “Oinarritik sortutako prozesu bat, familien, irakasle taldeen, zuzendaritza taldeen, irakasle ez diren langileen, espazio ez formalaren konplizitatearekin egitea komeni da. Erronka honi aurre egitea hezkuntza zentroen egunerokoa osatzen dugun herritarroi dagokigu”, adierazi zuen Radio Euskadin gaiaz egindako elkarrizketa batean. Salaberriaren aburuz, oinarritik egiten den debate guztiak aberastu egingo du prozesua, eta prozesuaren parte sentitzearen garrantzia nabarmentzen du: “Prozesuaren parte sentitzeak berak prozesua aberastu egingo du, eta garrantzitsua da eskolako partaideak ondoren legea ekarriko duen hitzarmen baten prozesuaren parte izatea”. 

 

Halaber, Diego Bande Kristau Eskolaren presidente berriak ere Hezkuntza Hitzarmenaren eta Legearen atarian “elkarrizketarako eta entzute aktiborako jarrera” erakutsi ditu. Ikastolen elkarteak, bere aldetik, aspaldian eskatu du —Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentearen hitzetan —"hezkuntza hobetuko duen eraldaketa bat, legeak babesturikoa eta akordio zabalez bermaturikoa", eta bere proposamenak Endekalogoa txostenean bildu eta aurkeztu zituen. “Gaurtik da bihar” lelopean, euskal Hezkuntza Sistema gaurtik eraikitzen hasteko Ikastolek egindako ekarpen horretan Oinarrizko printzipioak, Hezkuntzak landu beharreko baloreak eta Hezkuntzaren antolaketaz proposamena egiten zuen, Hitzarmenerako eta Legerako ekarpen gisara. Legeari eta Hitzarmenari begira, "ikastolen komunitate osoa behar dugun hezkuntza sistemaren alde” lanean jarriko zuela iragarri zuen Tellituk aurkezpenean.  

 

Eseri dira dagoeneko hezkuntza eragileak entzun eta hitz egitera. Hezkuntza Hitzarmena josten joateko prozesuan zeresana izango du Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen erakunde historikoari egokitu baitzaio gogoetarako espaziok irekitzea. Irailaren 11n ehundik gora hezkuntza aditu eta aritu elkartu zituen Donostian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako markotik harago, nazio mailan hezkuntzaz gogoetatzeko prozesu bat bideratzeari ekin zion gisa horretan eta lehendabiziko foro hura etorkizun batean Hezkuntzaren Liburu Zuria idazteko abiapuntua izan zen. Hezkuntza munduko ehun pertsona gako haien ekarpenak Hezkuntza Hitzarmeneko prozesuan kontuan izango dira. Are gehiago, urriaren 22-23an hurrengo urratsa egingo du Eusko Ikaskuntzak, akordioari begira; bide orria zehazten joateko sinposiuma egingo du asteburu horretan. Bada, galtzak bete lan dator 2021-2022 ikasturtea.

 

Oinarrizko Hezkuntza Akordioak, 15 urte

Hezkuntza eragileak eta sentsibilitate politiko ugariak adostasunetara iristeko hainbat ahalegin egin dira Euskal  Herrian. Horien artean gogoangarrienetako bat Oinarrizko Hezkuntza Akordioa izan zen. Nazio Garapenerako Biltzarrak osatutako Hezkuntza Batzordeak bultzatu zuen akordioa eta hezkuntza alorreko eragile eta ordezkari ugarik sinatu zuten. 

Akordioak eztabaidarako abiapuntua ezarri zuen “molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea izan zuen xede. 

Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (bi sare, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren dualizazioari neurriak hartu eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa” bilatu zituen. Hiru ardatz zituen: 1) Euskal herritarren hezkuntza eskubideak 2) Euskal Herriko hezkuntza publikoaren kontzeptua berdefinitzea eta 3) Euskal Herriko Hezkuntza Zerbitzu Publikorantz urratsak zehaztea, hezigune bakoitzean gara zitezkeen neurriak proposatuz.  

Hezkuntza eragileen proposamenak mahai gainean daude

Euskal Hezkuntzaren kalitatea hobetu eta blindatzeko eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema diseinatzeko helburuarekin hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean azken urteetan hezkuntza eragileek. Aldizkari hau argitaratzen duen Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, urtebetez Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ondoren hezkuntza proposamena gizarteratu zuen 2018an eta hamar gako jarri zituen mahai gainean: 1) Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea. 2) Haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea. 3) Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea. 4) Irakasle-hezitzaileen prestakuntza egokitzea. 5) Eskola bakoitzak bere hezkuntza- proiektu propioa izatea. 6) Egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra izatea. 7) Ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea helburu. 8) Herrietako hezkuntza-plana egitea. 9 ) Antolaketa administratiboa denontzako modukoa eta bateratzailea izatea. 10) Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea.

Geroago, Euskal hezkuntza feminista, komunitario eta burujaberako gakoak jasotzen dituen (H)arian dokumentua aurkeztu zuen Plaza Hutsa plataformak. EHIGE eta HEIZEk Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar txostena mamitua dute. Ikastolen elkarteak bere proposamena ondu zuen Endekalogoan. Bestetik, LAB sindikatuak Hezkuntza burujabea iruten txostena aurkeztu zuen. Berriki Eusko Ikaskuntzak Liburu Zuria helburu abiatu duen prozesua ere helduleku garrantzitsua izango da prozesu honetan.