Zumaiako Udalaren babesarekin egingo dira pantailen erabilerari buruzko jardunaldiak larunbatean

2021-11-15

'Pantailak 0-6an. Zertarako?' jardunaldien aurkezpena egin dute Zumaian Udaleko ordezkari Arritxu Iribarrek eta Maddi Aldalurrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak. Zumaiako ikastetxeetan lan egiten duten zein Zumaian erroldatuta dauden hezitzaileek doan parte hartu ahal izango dute saioan. 

Euskal Herri osoko Haur Hezkuntzako hezitzaileak Zumaiena ikastetxean elkartuko dira, 0-6 urte bitarteko haurren pantailaren erabileraz haunsartzeko. Azaroaren 20an, 09:00etatik 14:00tara izango da jardunaldia. Izen-ematea datozen egunetan itxiko da. 

 
 
Zumaiako Udalaren babesarekin egingo dira pantailen erabilerari buruzko jardunaldiak larunbatean

Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziak azaldu duenez punta-puntako formatzaileak izango dira Zumaian: Anna Ramis kataluniarra, Alvaro Beñaran psikomostrizista eta Amaia Arroyo Sagasta HUHEZIko aditua. Gainera, bi ikastetxetako esperientziak ezagutu ahal izango dituzte hezitzaileek.

Halaber, Aldalurrek nabarmendu du Zumaiako ikastetxeetan lan egiten duten zein Zumaian erroldatuta dauden hezitzaileek doan parte hartu ahal izango dutela saioetan (kasu honetan izena emateko hikhasi@hikhasi.eus helbidean egin behar da).

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak eskerrak eman dizkie Zumaiako Udalari zein Zumaiena ikastetxeari, “aurten ere Hik Hasirentzat eta Hezkuntza komunitatearentzat elkargune bihurtuko delako bigarren urtez; gai garrantzitsu bati buruz hausnartzeko”. Halaber, aurrez aurreko saioen garrantzian egin du azpimarra: “Euskal Herri osoko, sare desberdinetako, esperientzia anitzetako irakasleak elkartuko dira larunbatean Zumaian, erreferentzia garrantzitsu bihurtuko da herria irakasleentzat eta honen garrantzia nabarmenduko nahi dugu”.

Pantailak hizpide

Indartsu sartu dira pantailak azken urteetan ikasgeletan, baita 0-6ko geletara ere. Aski hausnartu ote dugu zertarako eta nola erabili behar ditugun etapa horretan? Ba al dakigu pantailen gehiegizko erabilerak edota erabilera okerrak zer-nolako eragina izan dezakeen haurren garapenean eta erlazioetan? Galdera zail horiei eta antzekoei erantzunak bilatzeko jardunaldiak egingo ditu Hik Hasik azaroaren 19an eta 20an, BECen eta Zumaian, hurrenez hurren.

Agirrezabalaren esanetan pantailen inguruko kezka ez da gaur egun sortutakoa, baina abiada handia hartu du. “Ez da gai erraza baina Hik Hasik garrantzi handia duen gai bat moduan ikusten du”. “Hezitzaile eta profesional ezberdinek beren egonezina eta beharra adierazi digute askotan, eta horretara goaz ostiralean Barakaldon eta larunbatean Zumaian. Gure helburua, gaiaren inguruko informazioa eman, hausnartu eta gogoeta sortzea izango da”.

Horretarako, punta puntako adituak ekarriko dituzte Zumaiara. Lehen hitzaldia Anna Ramis kataluiniarrak eskainiko du: Zer zentzu dute pantailek Haur Hezkuntzan?. Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Ramis, eta 0tik 3ra, pantailarik ez? liburua idatzi eta izen bereko ekimena sortu zuen.

Bigarren hitzaldia, Alvaro Beñaran Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua eta ASEFOPeko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta lehendakariak eskainiko du, 0-6 urteko haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko eta hor jasotzen dutena kudeatzeko? Izenburupean.

Azken hitzaldia Amaia Arroyo Sagastak eskainiko du. Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea eta teknologia digitaletan espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakaslea eta ikertzailea da HUHEZIn. Pantailak 0-6 adin tartean: gidaritza digitalaren beharra azalarazten hitzaldia eskainiko du.

Hitzaldien ostean bi ikastetxetako esperientziak ezagutzeko aukera izango dute hezitzaileek. Lehenik Axular Lizeoko esperientzia, Aitor Uriondo zuzendaria eta Arantza Azpirotz Haur Hezkuntzako koordinatzailearen eskutik, eta jarraian ipar Euskal Herriko hamabi ikastetxeetan egindako 10 egunez pantailarik gabe erronka azalduko du Eneko Jorajuriak

Jardunaldian zehar galderak eta hausnarketak partekatzeko aukera izango da, eta pandemia egoera kontutan hartuta, jardunaldia online jarraitzeko aukera izango da. Edonola ere, bi kasuetan beharrezkoa da izena ematea.