Otxandioko eskolak jaso du aurreneko Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka

2021-11-24

HIK HASI egitasmo pedagogikoak Hernaniko Udalaren babesarekin lehendabizikoz antolatu duen Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaia ezagutarazi dute Hernaniko udaletxean: Otxandioko eskolak jasoko du aurreneko deialdiko beka. Ekitaldian parte hartu dute Hernaniko alkate Xabier Lertxundik, hezkuntza zinegotzi Oier Agirresarobek, hezkuntza teknikari Malores Etxeberriak, HIK HASIko Mikel Agirrezabalak eta Otxandioko eskolako zuzendari Nagore Agirrebeitiak,  Lur Olabarri aholkulariak eta Aloña Erauskin irakasleak. Halaber, epaimahaik hobetsi du eta HIK HASIk eta Hernaniko Udalak begi onez babestu dute, lehen deialdi honetan aipamen berezi bat egitea. Hain zuzen ere Jakin-min praktika filosofikoen elkartearen “Jolastuz hausnartzen. Haur filosofia proposamena” proiektuari.

 
 
Otxandioko eskolak jaso du aurreneko Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka

"Baso eskolari ateak irekiz, naturaren integrazioan eta Haur Hezkuntzan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere berrikuntza pedagogikoan proposatzen den jauzi kualitatiboagatik eta batez ere eskolaren eta komunitatearen hurbilpenari begira proposatzen duen proiektu integralagatik",  Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaimahaiak ebatzi du Otxandioko eskola dela Joxe Mari Auzmendi zenaren izpirituari ongien uztartzen zaion proiektua eta beraz, HIK HASIk eta Hernaniko Udalak antolaturiko bekaren aurreneko deialdiko irabazlea.

Gaur jakinarazi da Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen deialdiko irabazlea zein izan den, Hernaniko Udalean egin den ekitaldi batean. Deialdi honen helburua Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioei jarraipena eman eta balio horietan oinarrituriko hezkuntzaren eginkizun eraldatzaileak dituen proiektua laguntzea izan da. Hemendik aurrera, bi urteko prozesua abiatuko da eskolarekin eta berau 12.000 eurorekin babestuko da.

Sei ardatz dituen proiektua da: 1-ikasleen interesetatik abiatutako ikasketa prozesua, 2) mugimendu autonomoa HHn eta LHn, 3) hizkuntza jabekuntza, kultur komunikazioa, komunikazio sinbolikoa eta afektiboari garrantzia ematea, 4) jasangarritasuna: ikaskuntza naturan, 5) herriarekin bat eta 6) aniztasuna.

Hamar proiektu jaso dira guztira, izaera anitzekoak, batzuk ikuspegi nazionalekoak, besteak tokian tokiko proiektuak; elkarteenak, ikastetxeenak… Joxe Mari Auzmendik bere ibilbidean ondutako lau hezkuntza balioren inguruan ardazten zen beka: 1) hobekuntza pedagogikoa 2) euskara eta euskal kulturaren biziberritzea 3) Herri hezitzailea eta 4) Inklusioa. 

Jasotako proiektuen izaerak erakutsi du hezkuntza komunitatea hobekuntza eta lanerako gogoz dagoela, eta beharra duela.