Autismoaren espektro-nahasmenak haurren hezkuntza-prozesuaren baitan sortzen duen eragina

2022-01-13

Ane Campos Sáez Gizarte Hezitzaileak autismoaren espektro-nahasmenak haurren hezkuntza-prozesuaren baitan sortzen duen eragina aztertu zuen Gradu Amaierako Lanean. Gipuzkoako gela egonkorretan dauden ikasleen kasuan, irakasleen eta guraso edota tutoreen arteko komunikazioa nolakoa den aztertu ondoren, Camposek proposamena egin zuen,
aurrerantzean komunikazio hori hobea izan dadin. Ikerketa-lanaren nondik norakoak eta komunikazioa eraginkorragoa izan dadin egindako proposamena laburbildu ditu lerrootan.

 
 
Autismoaren espektro-nahasmenak haurren hezkuntza-prozesuaren baitan sortzen duen eragina

Autismoaren Espektroko Nahasmena duten pertsonen senideen elkartea da Gautena. Autismoaren Espektroko Nahasmena edo desgaitasun intelektuala eta garapen-desgaitasuna duten pertsonek eta euren familiek erabateko bizi-kalitatea lortzeko aukera izan dezaten egiten du lan elkarteak. Eta Gautenak berak kudeatzen ditu Gipuzkoako gela egonkorrak. Ikasketetako praktikak Gautenako gela egonkorrean egin nituen, eta ondoren, hezkuntza-premia berezietan interes handia dudanez, gai horren gaineko ikerketa abiatu nuen. Zehazki, Gautenako gela egonkorreko haurren hezkuntza-prozesuan familiaren eta profesionalen arteko komunikazioak garrantzi handia duela ikusita abiatu nuen ikerketa. 

Hasiera batean, gela horietan erabiltzen diren komunikazio-bideen azterketa egin nuen, eta, ondoren, komunikazio hori eraginkorragoa izan dadin, elkarlanerako txantiloiak sortu nituen. Lanaren abiapuntua honako hipotesi hau izan zen: elkarlanerako txantiloien erabilerarekin eta gizarte-hezitzaileen laguntzarekin, profesionalen eta familien arteko komunikazioa indartuko da. Prozesuan zehar oso garrantzitsua izan zen tutorearen edo zuzendariaren laguntza, eta gerora ikusi dugu txantiloia haurraren kontrol emozionalerako baliagarria izan daitekeela.

 

Esku-hartze programa

Ikerketa abiarazteko, esku-hartze programa jarri nuen martxan. 

Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) Lorna Wing-ek sortutako terminoa da. AEN neurogarapenean gertatzen diren nahasmenen multzoa da, eta adierazpen kliniko asko eta ezaugarri komun hauek partekatzen dituzte nahasmen horiek guztiek: gizarte-harremana, komunikazioa eta interesak. Horrez gain, Garapenaren Nahasmendu Orokortuen (GNO) taldearen barruan, GNO nahasmendu autista, Asperger sindromea eta zehaztu gabeko GNOak dituen azpitaldea irudikatzen dira (Miguel, 2013, 13. or.).

Asperger sindromeak eta autismoak antzeko ezaugarriak dituzte. Baina Asperger sindromea dutenek haurtzaroan ez dute atzerapenik hizkuntzaren garapenean, eta autismoa duten haurrek atzerapen larriak eta hitz egiteko zailtasunak izaten dituzte (Hernández et al., 2011 Miguelek aipatua, 2013, 17. or.).

Asperger sindromearen kasu guztiek hizkuntzaren nahasmendu pragmatikoa dute. Nahasmendu mota horrek ezaugarri hauetako batzuk ditu (Artigás et al., 2011 Miguelek aipatua, 2013, 18. or.): hitz egiteko txandak ez dituzte errespetatzen elkarrizketetan; haurrak bere irizpide eta iritziaren arabera aldatzen du gaia; autismoa duten haurrek bezala, hizkuntza hitzez hitz ulertzen dute, eta ez dituzte txantxak, ironia, zentzu bikoitzak edota metaforak ulertzen. Asperger sindromea duen pertsona ez da konturatzen besteek ez dutela bere mezua ulertzen. 

Gela egonkorrak

Tradizioz, gizarteak, eta eskola-sistemak bereziki, desberdintzat jotzen diren gizabanakoak baztertu ditu (Vasco, 1998, 7. or.). Gela egonkorrei dagokienez, hezkuntza-premia bereziak dituztenen gelei dagokienez, ikasle horiei laguntza handia eskaintzen diete: “Gela egonkorra, eskola-testuinguru arruntean funtzionatzeko arreta desberdindua, oso arreta indibidualizatua eta burutzen dituzten zereginak gainbegiratzea nahiz, sarritan, laguntza behar duten ikasle batzuentzako beharrezko laguntza da”. (Sáinz, 1998, 12. or.).

Hauek dira gela egonkorraren izaera definitzen duten ezaugarriak:

- Tutore espezializatua dute.

- Bertan lan egiteko eskatzen duten espezialitatea Pedagogia Terapeutikoa da.

- Gelan laguntzaile bat egon ohi da. 

- Ratioa lauzpabost ikaslekoa da.  

- Curriculumaren egokitzapena eskatzen du.

- Curriculuma garatzeko material eta ekipamendu berezia behar du.

- Ikastetxe arruntetan integratutako espazio fisiko propioa eskatzen du.

- Espazioak, ordutegiak, egutegia… partekatzen ditu eskolarekin.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ikastetxe arruntetan integratzeak premia horiei erantzuna emateko helburua duten hezkuntza-esperientzien garapena bultzatu du. Hezkuntza-esperientziak abiarazi dira, metodologia desberdinak garatu dira, curriculum-materialak landu dira eta curriculum-egokitzapenak egin dira. 

UNESCOren arabera, hezkuntza-arloan guztion aukera-berdintasuna bermatzea erronka handia da mundu-mailan. Hezkuntza giza eskubide bat da, eta garapen jasangarrirako 2030 agendak azpimarratzen du berdintasuna eta inklusioa ezinbesteko ezaugarriak direla kalitatezko hezkuntza izateko (UNESCO, 2019).

 

Gizarte-hezitzailearen beharra eta garrantzia ikastetxeetan. Zergatik egon behar dute gizarte-hezitzaileek ikastetxeetan?

Gizarte-hezitzaileek honela definitzen dute Gizarte Hezkuntza: “Herritarren eskubidea, izaera pedagogikoa duen lanbide bat aitortzean gauzatzen dena. Gizarte-hezitzailearen lanbide-gaitasunaren esparru diren hezkuntza-testuinguruak eta bitartekaritza eta prestakuntza-ekintzak sortzen dituena”. (Zaguirre, 2012, 1. or)

Hori dela eta, oso garrantzitsua da gizarte-hezitzaileen funtzio orokorrak kontuan hartzea. Izan ere, esparru orokor horretan kokatzen dira eskola-esparruan garatzen dituzten berariazko funtzioak (Zaguirre, 2012, 2. or.): 

- Kulturaren transmisioa, garapena eta sustapena.

- Sare sozialak, testuinguruak, prozesuak eta hezkuntza- eta gizarte-baliabideak sortzea.

- Gizarte-, kultura- eta hezkuntza-bitartekaritza.

- Gizarte- eta hezkuntza-testuinguruak ezagutzea, aztertzea eta ikertzea.

- Hezkuntza-programak eta -proiektuak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea.

- Hezkuntza-erakundeak eta -baliabideak kudeatzea, zuzentzea, koordinatzea eta antolatzea.

Egungo gizartea gero eta konplexuagoa da, eta ikastetxeak ere bai. Eguneroko arazoak sakonki ezagutzen dituzten pertsonak behar dira, arazo horiei aurrea hartzeko eta irtenbideak bilatzeko. Betiere, hezkuntza komunitateko beste kideekiko lankidetza eta komunikazioa oinarri hartuta, hezkuntza-sistemaren kalitatea bermatzeko. Arrazoi ekonomikoak, familiarrak eta beste edozein motatakoak direla-eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten gazteak identifikatzeko, espazio normalizatuetatik jardun behar da, hala nola, eskolatik. (Zaguirre, 2012, 3. or.)

Behar bereziak dituzten pertsonekin lan egiten denean, oso garrantzitsua da haien inguruarekin komunikazioa izatea. Practicumean egindako behaketan oinarrituta ikusi nuen Gautenako gela egonkorretan irakasleek eta gurasoek egunerokoan izaten duten komunikazio-bide bakarra koaderno bidezkoa dela, ikasturtean zehar bilerak egiten dituzten arren. Gurasoek, normalean, ez dute koaderno horretan ezer idazten. Lau galderaz osatutako galdetegia proposatu nien irakasleei, beti ere euren arteko komunikazioa hobetzeko helburuz: 

1. Gurasoekin komunikatzeko koadernoa erabiltzen al duzue? 

2. Erantzuna ezezkoa bada, zer beste metodo erabiltzen duzue? 

3. Gidoi bati jarraituz edo modu librean idazten dira koaderno horiek? 

4. Baliagarria al da koadernoaren erabilera?

Gurasoek haurrak benetan zer egoeratan dauden jakinarazi behar diete profesionalei, haiek baitira haurrarekin denbora gehien pasatzen dutenak. Baina antzeman genuen gurasoak ez datozela bat profesionalen beharrekin. 

 

Elkarlanerako txantiloiak

Komunikazioan hutsune hori zegoela ikusita, elkarlanerako txantiloiak sortu genituen ikasleen jarraipena egiteko, eta eskolak zein familiak uneoro informazioa izan dezaten. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira txantiloiak, eta bi zatitan banatuta daude. Lehenik eta behin, gelako errutina azalduko da. Goizeko lehen tartean bakarkako lanak egiten dituzte, ondoren hamaiketakoa egiten dute, eta, azkenik, jolastokira jaisten dira. Horregatik, item bakoitzaren ondoan, eginbeharrak bakarrik edo laguntzarekin egin dituzten aipatzen da, eta azkeneko kasuan, ea jolastokian bakarrik, profesionalekin edo beste haurrekin egon diren. Jangelan, haurrak nola jan duen eta jateko orduan nola egon den aipatzen da. Arratsaldean, berriz, erlaxazioan, salto gelan eta aisialdian gustura edo urduri egon diren. Horrez gain, WC izeneko beste atal batean, ikasleak egunean zehar kaka egin duen edo ez aipatzen da. (Ikus 1. taula).

Bigarrenik, etxeko errutina azalduko da beste txantiloi batean. Haurrak familiarekin egoten dira eskolatik ateratzean eta, normalean, eskolaz kanpoko ekintzak izaten dituzte. Ekintza horiek egin bitartean pozik edo urduri sentitu diren markatu behar dute etxekoek. Garrantzitsua da familiarekin duten harremanari buruzko informazioa jasotzea, eta hori ere aipatzen da beste atal batean. Loaren garrantzia kontuan izanik, lo nola egin duten ere jasotzen da. WC izeneko atalean, etxean kaka egin duten edo ez aipatzen da. (Ikus 2. taula).

Elkarlanerako txantiloiak koadernoak ordezkatzeko erabiliko dira. Txantiloiak inprimatu eta koaderno bat sortuko da: gelari dagozkion itemak profesionalek beteko dituzte eguna amaitzean, eta etxeko itemak gurasoek beteko dituzte. Egunero bete behar dira txantiloiak, horiek baitira profesionalen eta gurasoen arteko harremanerako eta informazio-trukaketarako bide bakarra, eta, modu horretan, bat egingo dute gurasoek eta profesionalek.

Ondorioak

Hezkuntzari dagokionez, komunikazioak irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuan prestakuntza-mezuak trukatzea errazten digu. Hezkuntzaren benetako funtsa komunikazioa da. (Ramos, 2002, 37. or.).

Hezkuntza giza eskubide bat da, eta autismoa duten pertsonek ere hezkuntzarako eskubidea dute. Egia da, askotan, ez direla gizartearen parte izaten, baina beharrezkoa da uste okerrak baztertzea. Ikastetxeetan, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa lantzen ari da, baina gizartearen zati bati zaila suertatzen zaio gaia onartzea. Eta gizartearen parte direla geureganatu behar dugu. 

Autismoa duten pertsonen ongizatea lortzeko bidean, oso garrantzitsua da familien eta profesionalen arteko komunikazioa. Horregatik, elkarlanerako txantiloiak sortu ditugu, komunikazioa eraginkorragoa izan dadin eta profesionalek informazio gehiago izan dezaten. Txantiloi horiek komunikazioa eraginkorragoa izateko erabiliko dira, bidea oraindik luzea izango den arren. Eta familien eta profesionalen arteko komunikazio horretan, gizarte-hezitzailearen papera ezinbestekoa izango da, bitartekari moduan lan egiteko eta komunikazio-arazoari irtenbidea bilatzeko.

 

------------

Erreferentzia bibliografikoak

- ARPAL SALVADOR, E. (2019). La educación social en la escuela desde el punto de vista  de los profesionales de la educación social Educación Social. Revista d’Intervenció Socioeducativa, 71, 181-203. 

- ARRIKABERRI, M.; CABALLERO, M.; HUARTE, J.; TANCO, C.; BIURRUN, A.; ETAYO, Y.; &  URDÁNIZ, S. (2013). Educadoras y Educadores Sociales en los centros  educativos. Revista de Educación Social RES, 16, 1-17. 

- HERNÁNDEZ, S. M. (2012). El educador social y la escuela. Justificación de la  necesidad de la Educación Social en las escuela. RES: Revista de Educación  Social, (16), 4. 

- MIGUEL, S. (2013). Autismo: Características e intervención educativa en la edad  infantil. Hemendik berreskuratua [2020/04/25]: https://biblioteca.unirioja.es/tfe_e/TFE000368.pdf 

- RAMOS, E. T. (2002). La comunicación educativa. Retos: nuevas tendencias en educación física, deporte y recreación, (3), 37-43. 

- SÁINZ MARTÍNEZ, A. (1998). Garapenaren nahaste orokortuak dituzten ikasleentzako  gela egonkorren funtzionamendurako orientabideak. Hemendik berreskuratua  [2020/04/20]:  http://www.redined.mepsyd.es/xmlui/bitstream/handle/11162/119931/110019e _Doc_IDC_aulas_estables_e.pdf?sequence=1&isAllowed=y 

- ZAGUIRRE, R. L. (2012). Las educadoras y los educadores sociales en centros escolares, en el estado Español. RES: Revista de Educación Social, (16), 2.

- UNESCO. (2019). Inclusión en la Educación. Hemendik berreskuratua [2020/05/18]: https://es.unesco.org/themes/inclusion-educacion