Nerea Mendizabal: “Giltzapeturik bizitzera garamatzaten usteen adierazle da haserrea”

2022-01-26

Haurrekin irakurtzeko ipuin liburua argitaratu du Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzean aditua den psikopedagogoak: 'Kira jirafa eta haserrearen diamanteak'. Komunikazio ez bortitzaren giltzarriak azaltzen ditu haur eta helduei esanguratsua zaigun gatazka batetik abiaturik.

 
 
Nerea Mendizabal: “Giltzapeturik bizitzera  garamatzaten usteen adierazle da haserrea”

'Kira jirafa eta haserrearen diamanteak' izeneko ipuina idatzi eta argitaratu berri duzu. Ipuinak umeekin lotzen ditugu, baina helduentzako mezu ugari ditu. Nori zuzendua dago?

Nik ipuinen inguruan haurrak, gurasoak eta hezitzaileak ikusten ditut. Denok ditugu haserreak eta gatazkak eta esanguratsua zaigun egoera bat erabiliaz, horien inguruko begirada bat eskaini nahi izan dut guztiontzat, bai haurrentzat eta baita helduentzat ere. Baina mezuak, batez ere, helduei zuzentzen dizkiet.

 

Komunikazio Ez Bortitzean oinarritutako lan berria duzu. Izenburuan diozun bezala, haserrea da abiapuntua. Ez da kudeatzeko emozio erraza, baina zuk diozu baduela alde onik. Zein?

Haserreak bereziki fama txarra dauka, baina nik esango nuke emozio guztiak mezulariak direla, gure beharren berri ematera datozen mezulariak, eta haserreak ere badu bere funtzioa. Haserrea, zehazki, giltzapeturik bizitzera garamatzaten pentsamendu, uste eta itxaropenen adierazle bat da eta kanpoko errealitatea aldatzen ez den bitartean, ondoezak jarraitu egingo du, maila pertsonalean eta harremanetan prezio handi bat ordainaraziz. Egoera horretan, gauzak nahiko genukeen moduan ez badaude ere, errealitatea aldatzen saiatu ordez, eraikiak ditugun barne eskema mentalak hausteko balia dezakegu gertatutakoa, bakoitzaren diamante horiek deskubrituz. Diamanteak esatean, behar, balore eta irrika horiei buruz ari naiz. Haserretzen garenean gure balore hauei garrantzia ematen ari garela ikustea polita da niretzako, horretaz jabetzeak egoeraren kudeaketarako beste abiapuntu bat eskainiko digulako. Barruan ditugun pentsamendu horiek askatu eta altxor horiei heltzen badiegu, dauzkagun beharren eta irriken zaintzarako estrategia sorten bidea askoz gehiago irekiko zaigu. 

 

Aita eta alabaren ezin-ulertuaren erdian Kira jirafak bitartekari lanak egingo ditu eta Komunikazio Ez Bortitzaren tresnak erabiliz, elkar ulertzen lagunduko die, KEBren adibide praktiko baten moduan. Zein dira KEBren pausoak labur-labur esanda?

KEB prozesu sinple eta erraza da, liburuan aurkezten zaigun bezala. Adierazteko, esan behar duguna esateko eta enpatiaz entzuteko lau pauso oso konkretu eta zehatzak dira: gertaera, sentimenduak, beharrak eta ekintzak. Gertaera: zer da gertatu dena?; sentimenduak: egoera horretan nola sentitzen garen; beharrak: zer behar dauzkagu? Sentimendu horiek ematera datozkigun mezuak, azken finean, beharrak direlako eta lau, ekintzak: behar horiek asetzeko lagungarri zaizkigun eskaera edo ekintza konkretuak. Baina hau ez da metodo bat edo hitz joko bat, ez da hitz batzuk era batera edo bestera erabiltzea; honen guztiaren atzean dagoen intentzionalitateak askoz indar handiagoa dauka. Hitzak makillaturik egon daitezke, baina gure barruan antenak daude hitz horien atzean dagoen intentzionalitatea harrapatzeko eta horren aurrean erreakzionatu egiten dugu. KEBk ez du egoerak edo pertsonak aldatzea bilatzen, konexio edo elkar- ulertze hori baizik. Eta hori lortzeko, jokaeren eta jarreren atzean beti gizakiok behar unibertsal batzuk asetzeko saiakerak egiten ari garela da KEBk ematen digun klabeetako bat. 

 

Haurraren haserrearen aurrean, gurasook gure onetik ateratzen gara. KEBk nola laguntzen digu liburuan agertzen den gisako egoerei aurre egiten?

Gure onetik ateratzen gara eta gure onetik ateratzen jarraituko dugu. Gure seme-alabak ere ateratzen dira euren onetik eta, seguru aski, jarraituko dute ateratzen. Arazoa ez dago hor, baizik eta gertatu den horren inguruan jartzen ditugun epaiketa, erruduntasun edo espektatiba horietan gelditzeak sortzen digu arazoa. Gizakiak gara eta ez makinak, beraz, gure muga, ezintasun eta trakeskeria horietan dagoen gizatasuna deskubritzen laguntzen digu KEBk, eta ez bakarrik hori deskubritzen, baita hortik eboluzionatzen, hazten eta ikasten eta hobeto bizitzen ere. Ez garela haserretuko pentsatzen jarrai dezakegu, edo haserreak dakarkigun diamante edo mezu eder horren bidez birziklatzen has gaitezke. 

Zer garrantzia du umearen eta geure haserrea lantzeak eta gaiaz aurrez eta ondoren hausnartzeak?

Gai hauek, bai haurrek eta bai helduek lantzeak —zeren uste dut denok gaudela nahiko berde eta analfabeto— bizitzen ikasteko aukerak eskainiko dizkigu, batetik, norbere ongizatea, norbere ahalduntzea, emozioen kudeaketa, limiteak jartzen lagunduko digu, egoerak aurretik lantzeak prebentzioa ekarriko du eta, beraz, etxeko giroan edo garrantzitsuak zaizkigun balore horiek bermatzeko orduan eragina izango du. Eta gertaera horiek ondoren lantzeak, gertaerei begirada jartzeak, aukera handia zabaltzen du sentipenak adierazteko, gertaeretatik ikasi eta aitortzak egiteko aukerak emango dizkigu. Nik uste dut modu horretan gure bizitza askoz asebeteagoa bihurtuko zaigula. Horregatik ipuinean, gatazkaren eta amorruaren kudeaketaz gain, bizitzarako erabilgarriak izango diren hainbat elementu lantzen dira azpitik, hala nola, enpatia, asertibitatea, barkamena edo sentipen aitortzak egitea eta eskertza.

 

Liburuaren bukaeran, glosario moduan, hainbat emoziori buruzko gakoak azaldu dituzu. KEB zabaltzeko helburuarekin?

Bai, batetik hori, baina, batez ere, ipuinean lantzen den prozedurak sakontasun eta sotiltasun berezi bat dauka, KEBk daukan heinean, eta horri guztiari, ipuinean doazen mezu horiei eta lanketa horri mamia atera nahi dionarentzako pista gehiago jarri nahi izan ditut. 

 

Beste emozioren bat lantzeko gisa honetako beste libururik egiteko asmorik baduzu?

Niretzako erronka handia izan da formatu edo kode berri honetara ausartzea. Esperimentazio bat izan da. Hala ere, ez ditut ateak ixten. Izenburuarekin bueltaka ibili nintzenean eta nire zalantzak eduki nituenean, lagun batek badaezpada Kira jirafa eta haserrearen diamanteak jartzea gomendatu zidan, atzetik besterik etorriko balitz jarraipen bat emateko aukera izango genukeelako. Ez dakit zer ibilbide izango duen, momentuz honaino iritsi naiz.