Bizipoza elkarteak 'Mundu bat guziontzat (2)' egitasmoa aurkeztu du

2022-02-01

Bizipoza elkarteak (2) kantu eta bideoklipa sorta biltzen duen egitasmoa aurkeztu du asteburu honetan, Hernaniko Biteri kultur etxean. Bertan, Motxila 21 musika talde nafarrak hasiera eman dio ekitaldiari Gurpilak Sutan kantuarekin. Datozen asteetan bideoklipak argitaratzen joango dira Bizipoza Elkartearen webgunean eta sare sozialetan. 

 
 
Bizipoza elkarteak 'Mundu bat guziontzat (2)' egitasmoa aurkeztu du

Argazkia: Ibai Arrieta. Bizipoza

KulturSharea.eus-ek jaso duenez, taldearen emanaldia eta gero, Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo Bizipoza elkarteko talde eragilearen kideek aurkezle lanak egin dituzte, bideoklipak aurkeztu eta hitza eman diete ekitaldian parte hartu dutenei. Hala, Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: helburuak, ekoizpena, elkarteen eta euskal sortzaileen arteko elkarlana eta beste hainbat zehaztasun. Ondoren, Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteen eta Super H-ren bideoklipak proiektatu dituzte.

Itsaso Etxeberria Arena Comunicación Audiovisual ekoiztetxeko produktoreak bideo grabaketen eta edizioen zehaztasunak eman ditu ondoren. Modu kolektiboan sortzea eta lan egitea oso aberasgarria dela azpimarratu du. ADEMGI eta Bortzirietako Guztiok Taldea elkarteen bideoklipak proiektatu ondoren, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioko kide Mikel Jauregik hartu du hitza sortzaileen izenean.

Segidan, Motxila 21 taldeak oholtza gainera igo da berriro, eta Mugitu zaitez abestia jo du. Jarraian, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa eta Sanfilippo elkartearen bideoklipak ikusteko aukera egon da. Nerea Godoy Sanfilippo Elkarteko boluntario, Bizipozako talde eragileko kide eta Bilboko egoitzako langileak hiru arloetan duen esperientzia kontatu du. Bukatzean, beste bi bideoklip ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek: Etiopia Utopia Fundazioa Tikal eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartearenak.

Jarraian, Amaia Elizondok, GKEFko arduradunak eta ikuskizunaren aurkezleak, hitza hartu du, Juan Luis Asensio Mindara Elkarteko lehendakariarekin batera. Bizipoza osatzen duten elkarte guztientzat haien errealitatea musika, letra eta irudien bitartez gizarteratzearen garrantzia nabarmendu dute. Mindara Elkarteko kidea den 12 urteko Eider Garcia Elosegik bere trebezia erakutsi du sabeliztun bezala, bere panpina Mariarekin eta Joxe Mari Agirretxerekin elkarrizketa bat izaten.

Chernobilen Lagunak eta Beroa elkarteen bideoklipak ere ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek. Motxila 21 taldeak hirugarren eta azken abestia: Amalur eskaini du. Oraingo honetan Xabier Zabala konpositorea izan dute bidelagun. Ondoren, Zabalak hartu du hitza eta hamar abestien musikaren sortze prozesuaren zehaztasunak eman ditu.

Ekitaldia bukatzeko, Joxe Mari Agirretxek, Amaia Elizondok eta Leire Elizegik eskerrak eman dizkiete aretoa bete duten guztiei: elkarteetako kideei, sortzaileei, babesleei, argitaletxeari, komunikabideei… Datozen asteetan argitaratuko diren bideoklipen agendaren berri eman dute talde argazkia egin baino lehen. Bukaeran, Bizipoza Auzolan bideokliparen proiekzioarekin agurtu dituzte ikusleak.

Bideoklipen argitalpenak

Hurrengo asteetan bideoklipak publikatzen joango dira Bizipozaren wengunean eta sare sozialetan. Honako hau da egutegia:

Urtarrilak 29: Bizipoza Auzolan bideoklipa
Otsailak 1: Hogeitabira (EHko Down Sindrome Fundazioa)
Otsailak 4: Txokotxoa (Beroa Elkartea)
Otsailak 8: Guztiontzat ( Bortzirietako Guztiok Taldea Elkartea )
Otsailak 11: Beste pauso bat (Ademgi Elkartea)
Otsailak 15: Parke bat (Super H Elkartea)
Otsailak 18: Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal)
Otsailak 22: Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea)
Otsailak 25: Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteak)
Martxoak 1: Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea)
Martxoak 4: Misha Txikia (Chernobilen Lagunak Elkartea)