Ikasle ekintzaile eta parte-hartzaileen dinamika Bernat Etxepare lizeoan

2022-04-26

Animatuak, ekintzaileak, parte-hartzaileak eta konprometituak dira Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanblada osatzen duten gazteak. 400 ikasletik 83 dira batzorde batean ez bada bestean parte hartzen dutenak, kopuru esanguratsua inondik inora. Ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte eta lizeoko urteak beste modu batera bizitzeko aukera ematen diete, ikasleek diotenez.

 
 
Ikasle ekintzaile eta  parte-hartzaileen dinamika Bernat Etxepare lizeoan

Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladan ikasturtez ikasturte gero eta ikasle gehiagok parte hartzen du. Bizi-bizirik dagoen asanblada da eta ekimen askotarikoak antolatzen dituzte ikasleek. Ikasle asanblada batzordeetan antolatuta dago eta ikasle bakoitzak nahi duen batzordean parte hartzen du. “Ni, adibidez, bi batzordetan aritzen naiz”, dio Ainhoa Igoa terminaleko ikasleak. “Batzorde feministan eta Oier lizeora batzordean”. Itzal Aranzabal, Laia Igerategi eta Maddi Egiguren 2. mailako ikasleak presoen ekimeneko batzordean eta batzorde feministan aritzen dira. Guztira maila guztietako 83 ikasle dabiltza batzordeetan ekimenak antolatzen. “Taldeak orekatzen saiatzen gara” diote, “batzorderen bat jenderik gabe geratzen bada ekimenik ez delako eramango aurrera”.

Beharrezko ikusten dituzten ekimenak antolatzen dituzte, eta garaiaren arabera talde batzuk beste batzuk baino aktiboago egoten direla diote. “Adibidez, azaroaren 25eko indarkeria matxisten kontrako nazioarteko egunaren aitzin edo martxoaren 8aren aitzin astero elkartzen gara zerbait antolatzeko. Behin data horiek igarota, ez gara hainbeste elkartzen edota beste batzorde batean aritzen gara”. 

Presoen aldeko ekimenak antolatzen dituen batzordea Gabonak aurretik urtero aktibatzen da. “Gabonetarako presoei gutunak idazten dizkiegu, haiekin gogoratzen garela adierazteko”, azaldu du Aranzabalek. “Batzorde bakoitzaren dinamika eta biltzeko maiztasuna egin nahi ditugun ekintzek markatzen dute” argitzen du Egigurenek.

Batzorde feminista, presoen aldekoa, aberri eguneko taldea, ingurumen batzordea, Oier lizeora taldea, Baxoa euskaraz taldea eta Ikasi eta bizi euskaraz batzordea dira lizeoan martxan dituztenak. “Nahi duena eta ahal duena biltzen da eta normalean aire-hartzeetan elkartzen gara”, dio Igoak. “Ez dugu ainitz denbora gure ideiak edo proiektuak sakontzeko. Batzuetan zaila da eraginkorra izatea, baina ez dugu hauturik”. 

 

Ikusi eta erakarri

Ikasleen herena barnetegian geratzen da aste osoan (Nafarroa Beherekoak, Zuberoakoak eta Lapurdi hegoaldekoak batik bat) eta horrek elkar ezagutzeko eta harremanak sakontzeko balio die. “2. mailakook lehen ikasturtea dugu eta elkar ezagutzen ari gara, bakoitza herri desberdin batetik etorri garelako”, dio Aranzabalek. “Ikasle asanbladaren berri izan dugu eta parte hartzea erabaki dugu. Beste batzuk geroago edota datorren ikasturtean animatuko dira, ziur”. Egigurenek dio antolatutako ekimenek oihartzuna izaten dutela eta jendea animatzeko ere balio dutela. “Ekimenek lizeoa biziarazten dute eta hori asko antzematen da. Adibidez, azaroaren 25ean egin genuen ekitaldia ikusita, 'zer egin duzue!' esaten zuten eta geroztik batzorde horretan ikasle gehiago sartu da”. Ikasle asanbladan parte-hartzeak balio erantsia duela dio Igoak. “Nire ustez beste ikuspegi batetik bizitzen dira lizeoko urteak horrelako talde batean izanez, gehiago inplikatuz eta lizeoan gehiago arituz. Ikasten da gauzak antolatzen ondoko urteetarako, autonomoa izaten... eta hori inportantea da”.

Lizeoko helduen laguntza
estimatua eta konfiantzazkoa

Normalean ikasleek euren kabuz antolatzen dituzte ekimenak, “eta gehienetan badugu Pelloren laguntza, lizeoko zaintzailearena”, zehazten du Igoak. Lizeoko zaindariaren misioetako bat lizeoko animazioa sustatzea da eta, beraz, lotura zuzena du ikasleen asanbladako ikasleekin eta, oro har, ikasle guztiekin, bai proiektu bat laguntzeko edo berak proiektu bat proposatzeko.

Iban Thicoipe zuzendariak dio lizeoko ikasle asanblada oso eraginkorra dela eta ikasleak ekintzaileak direla, eta hori horrela izateko badirela hainbat elementu. “Hasteko, euskalduna izatea, horrek Iparraldean ekintzaile izatearen beharra dakarrelako. Euskarak ez du inolako errekonozimendu ofizialik, azterketek ere ez, eta beraz, horri aurre egiteko antolaketa behar da eta eragin ingurumen desberdinetan”. Bigarren ezaugarri gisa konfiantza aipatzen du. “Ikasleak niregana etortzen direlarik, badakite ez dutela ezezko printzipiorik ukanen eta beti entzuten ditugula. Gauzak fundamentuz aurkezten baldin badizkigute, haiek proposatzen dizkiguten ekimenak aitzinera ateratzen dira. Iduritzen zait pentsatzen dutela ez dizkiegula oztopoak jarriko, lagunduko ditugula eta gutxienez pertzepzio horrekin joateak gauzak asko aldatzen ditu. Uste dut badela konfiantza bai gure aldetik haiekiko eta bai alderantziz ere”.

Konfiantza giro horretan sortzen dira ikasle asanbladaren ekimenak, eta talde horretatik at daudenak ere bai. “Ikasle asanbladatik at bada animazioaren inguruan beste talde bat eta horren barruan bada txaranga bat, dantza talde bat, antzerki talde bat, bertso eskola... eta denen artean ikusgarri bat antolatzen dute urtero”.

Lekuko parekideak

Lizeoan ikasleen arreta eta parte-hartzea bereganatu dituen beste proiektu bat ere bada: Lekuko Parekideak. Baionako Planning Familial elkarteak bultzatutako proiektua da. Elkarte honek sexualitatea, indarkeria, generoa, parekidetasuna, diskriminazioa, arrazakeria eta beste hainbat gai lantzen ditu. Baionako lizeoan gai horiek lantzeko prestakuntza eman diete ikasleei eta behin formazio hori jasota, nahi duten ikasleek proiektuaren bigarren urratsera igaro dira:  lekuko parekide bihurtu dira eta gainerako ikasleei laguntzen diete. Hau da, arazoren bat duen ikasle orok pareko solaskide hauengana jo dezake arazoa kontatzeko eta laguntza jasotzeko. Astelehenero lizeoko gela batean bi ikasle egoten dira eta edonor joan daiteke material eske, galdetzera edo bere arazoa kontatzera eta partekatzera.

Plannig Familial elkarteko kideek argi ikusi zuten proiektu hau lizeoko ikasleekin aurrera eramateko modukoa zela, haien inplikazio eta gogoeta maila ikusita.