Segregazioaren gaineko lanketa abiatu da

2022-06-07

Hezkuntza arloko hainbat aditu eta aritu elkartu ziren pasa den ekainaren 4an Donostiako Miramar jauregian segregazioaren gaia lantzeko. Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatuta, “Askotariko segregazioari nola egin aurre hezkuntza sistematik? Adostasunerako bide partekatu baterako oinarriak” foroa ospatu zen.

 
 
Segregazioaren gaineko lanketa abiatu da

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman zioten hasiera foroari eta segregrazioaren gaia erronkatzat hartu zuten biek ala biek. Bildarratzek gogorarazi zuen 2023an eskola segregazioaren aurkako itun bat lortzeko asmoa dagoela eta larunbatekoa ekarpen garrantzitsua izan zela bide horretan.

Xabier Aierdi Begirune fundazioko presidenteak eskaini zuen hitzaldian segregazioen artean klase sozialen artekoa azpimarratu zuen eta segregazioaren definizio bateratu baten eta neurgailu adostu baten beharra ere bai.

Jarraian egin zen mahai-inguruak esperientziak eta lekukotasunak entzuteko aukera eman zuen. Bertan izan ziren Nora Salbotxen gidaritzapean Moufdi Kamel Biltzen Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko kidea, Tamara Claveria Amugeko ijito emakumeen elkarteko lehendakariordea, Irantzu Gallastegi Gasteizko Aranbizkarra ikas komunitateko zuzendaria eta Josune Elordui Bilboko Angeles Custodios ikastetxeko zuzendaritza taldeko kidea.

Foroaren bigarren zatian bildutakoek segregazioaren inguruko lanketa egin zuten, segregazioaren definizioak eta dekalogo baterako elementuak atera zituztelarik. Larunbateko jardunaldiak irailaren 17an izango du jarraipena, osatzen den dekalogoa hatu eta haren gaineko proposamenak lantzeko.