“Zenbat haur, hainbat egokitzapen mota egin behar dira"

2022-09-12

Hazi Hezi aldizkariaren 22. zenbakian argitaratu genuen elkarrizketa berreskuratu dugu, egokitzapen-aldiak daukan garrantzia gogorarazteko. Hainbat haur eta gurasorentzat elkarrengandik lehen aldiz bereizten diren unea izan ohi da ikasturte hasiera. Banaketa hori gozoa izan dadin egokitzapenak nolakoa izan behar duen azaldu zigun  Edurne Lekunberri hezitzaileak.

 
 
“Zenbat haur, hainbat egokitzapen mota egin behar dira"

Ikasturtea hasi berri dugu. Ume asko lehen aldiz joango dira eskolara. Kasu horietan haurrek zein familiek egoki-tzapena edo harrera-aldia egin behar izaten dute. Zein da benetan egokitzapen-fase horren balioa?

Harrera garaia oso momentu garrantzitsua da. Haurrek, eta baita familia batzuek ere, eskolarekin duten lehenengo kontaktua izan ohi da eta ezinbertzekoa da ahalik eta hobekien planteatzea. Une berezi hauetan haurrek mundu berri bat topatzen dute, haiendako arrotza dena pertsona heldu berriekin eraiki beharko dituzte harreman sendoak ziur sentitu ahal izateko, ber-tze haur batzuekin partekatu beharko dituzte espazioak, materialak eta baita helduaren arreta ere. Inportantea da pausu hau konfiantzazko pertsona baten eskutik ematea. Guraso eta familia aunitzentzat ere egoera hau guztiz berria da, eta ez zaie erraza egiten euren “altxorrik kuttunenak” esku arrotzetan uztea; senideei gelan bertan egoteko aukera ematea oso lasaigarria izaten da haientzat, zuzenean ikusi ahal izaten baitute gure lan egiteko modua, haurrekiko dugun errespetua, eta dituzten zalantzak argitzeko aukera ere izaten da. 

Baina, egiatan, ez ote da errutina bilakatzen ari, “egin beharra dagoelako” egiten den zerbait, 15 egunen buruan amaitutzat jotzen dena?

Harrera garaia ez da bi astean amai-tzen, eta aldi horretatik aurrera ere egunero izan behar da kontuan umearen zein familiaren ongizatea. Gure kasuan gainera, ez dut uste errutinaz hitz egin daitekeenik; familia eta haur bakoitzari egokitutako planteamendua egiten dugu, norberaren erritmoak eta beharrak kontuan hartuz eta ahal den heinean errespetatuz. Beti familia eta eskolaren artean adostutako pausoak ematen saiatzen gara, eta ondorioz ez dago harrera garaia egiteko modu bakar bat, zenbat haur hainbat harrera garai, baizik. 

 

Beste batzuetan, berriz, “hilabete osoa negarrez eman zuen, baina azkenerako ohitu zen” tankerako esaldiak entzun ohi dira.

Guk ez dugu uste haurrek negar egin behar dutenik bakardadean, amore eman arte; guk, negarra barneko sentimenduak adierazteko modu bat bezala ulertzen dugu eta onartu egiten dugu; ez gara saiatzen haurrak despistatzen negar egiteari utz diezaioten; sentimendu horretan akonpainatu egiten ditugu eta haiek uzten gaituzten neurrian hurbil izaten gara. Era berean ulertzen dugu, haur batzuek egonezin handiarekin bizitzen dituztela une hauek eta gurasoengandik banaketa- pozesuaren lehenengo uneak motzak izan behar direla, esperientziak, eta soilik esperientziak, erakusten baitie ama-aitak beti itzultzen direla. Horrela, egunetik egunera, eskolan egoteko uneak pixkanaka luzatzen ditugu, haur eta familia bakoitzari behar duten denbora emanez. 

 

Askotan banaketa-prozesu hori oso gogorra izan ohi da bai ume zein gurasoentzat: negarrak, sufrimendua… egokitzapena samurragoa izan dadin, zein gako eduki behar dira kontuan?

Batzuetan senideek ez dute ongi eramaten haurra negarrez uztearena, eta bakoitzaren sentimenduak eta bizitako esperientziak azalarazten dira. Gure ustez, eskolak sentimendu hauek ere jaso eta akonpainatu behar ditu; horretarako familiendako txoko atsegin bat eskaintzen dugu eskolan bertan, euren artean hitz egin dezaten edota gurekin euren kezkak parteka ditzaten.