UEUk 50 urteak ospatu ditu

2022-09-22

UEUko kideen eta bidelagun izan diren banako eta erakundetako ordezkarien berotasunean ospatu zuen 50. urteurrena UEUk atzo Bilboko kafea antzokian. Urte hauetan egindako ibilbide oparoa eta emankorra gogorarazteko baliatu zuten ekitaldia, eta aurrera begira dituzten erronken berri emateko ere bai.

 
 
UEUk 50 urteak ospatu ditu

Euskararen eta unibertsitatearen arteko lotura egiteko sortu zen UEU eta 50 urte hauetan udako ikastaroak antolatu ditu, unibertsitate esparruko liburuak argitaratu, euskal ikertzaileen komunitatea sustatu eta abar, guztiak euskara ardatz hartuta, unibertsitatean euskara modu naturalean erabiltzeko xedez. Etorkizunera begira, datozen urteetarako helburuen berri eman zuten atzo: euskarazko online unibertsitatea sortzea, euskarazko ikerketa bultzatzea, euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea eta etengabeko euskarazko formakuntza lehenestea.

Orain arte bezala, UEUkideekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean egin nahi dute bidea. Kepa Sarasola UEUko zuzendariak egindako bideaz harro daudela esan zuen, “baina ez konforme”. Ane Sarasola idazkari nagusiak gehitu zuen “ezagutza, sarea eta ilusioa baditugu, baina aitortzea eta baliabideak ere behar ditugu”. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak UEUk unibertsitate esparruan ikerketaren eta euskararen alde egindako lana goraipatu zuen. Joseba Sarrionandiak UEUk etorkizunean bete dezakeen funtzio bat azpimarratu zuen egin zuen hitzaldian: “Unibertsitateak alter ego bat behar du gaur egungo gizarte egitura bidegabeari aurre egiteko; lan intelektualean eta formakuntzan arazo sozialak konpontzen jardun behar du unibertsitateak, modu kolaboratiboan, eta UEUk lagun dezake alter ego hori osatzen”.

Ekitaldian belaunaldi desberdinetako hiru UEU kide elkartu zituzten —Arturo Elosegi, Rakel Gamito eta Maite Luengo—, bakoitzak UEU nola ezagutu zuen, zer eman dion eta zer eskatzen dion azaldu zuelarik. Amaitzeko, Xabier Amuriza eta UEUko Musika Saileko kideek koplekin eman zioten bukaera ekitaldiari.