Hezkuntza Plazarak lege zirriborroa osatzeko eta zehazteko puntuak aurkeztu ditu

2022-10-24

Hezkuntza Plazarak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen zirriborroan aurretik alderdi politikoek egindako akordioan oinarrizkoak ziren elementu batzuk desagertu egin direla uste du, eta kezka adierazi du. “Ez gaitu inolaz ere asebetetzen” adierazi zuten larunbatean Bilbon egin zuten agerraldian. Gaur egungo egoeran gelditzea atzera egitea dela argi ikusten dute, eta baita hezkuntza sistemak errotiko aldaketa behar duela ere. “Norabide horretan, jauzi bat emateko hezkuntza lege on bat behar dugu, eta, lege zirriborroak eragindako dezepzio eta kezka hori ahaleginak biderkatzeko eta herri bultzada sendo bat eraikitzeko sugar bilakatu behar dugu”, aldarrikatu dute mugimendua osatzen duten kideek.

 
 
Hezkuntza Plazarak lege zirriborroa osatzeko eta zehazteko puntuak aurkeztu ditu

Hezkuntza Plazarak irakurketa hezkuntza komunitatearekin partekatuko du hurrengo egunetan. Era berean, Euskal Herri luze-zabalean euskalgintza, kulturgintza eta hezkuntza komunitatearekin elkarlana eta aliantzak indartzeko prozesuari ekingo dio.

Hezkuntza Plazarako kideen iritziz, zirriborroaren edukian bi eremu dira funtsezkoak. Baga: Hezkuntza sistemaren antolaketa eta gobernantza. Hezkuntza Akordioan ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzua’ (EHZ) definitzen da, hezkuntza sistemaren konfigurazio berri baten oinarria izan litekeena, egungo sistema gaindituz eta irauliz. EHZk ikastetxeak, titularitateaz harago, eskubide eta betebeharrez berdinak egingo lituzke. «Gure ustez betebehar horiek eta betearazteko mekanismoak zehaztea giltzarria da, lege zirriborroan, ordea, baldintza horiek desagertu egin dira”.

“Bestalde, Hezkuntza Akordioan Udal Hezkuntza Kontseiluak sortzeaz eta funtzio garrantzitsuak betetzeaz hitz egiten zen, hezkuntza premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, haien bereiztea saihesteko neurriak hartzea eta beste hainbat. Lege zirriborroan, ordea, hautazko organo gisa izendatzen dira eta dagozkien funtzioak lausotu egin dira. Deszentralizazio hitza bera ere lege zirriborrotik desagertu da”.

Argi izanik EAErako lege baten aurrean gaudela, Euskal Herriko markoan kokatuta beharko luke Hezkuntza Plazararen iritziz. Horrek zera esan nahi du, «Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinen arteko hezkuntza mailako elkarlana artikulatzeko eta horietatik abiatuta proiektu berriak pentsatu eta garatzeko erakundeak sustatu beharko liratekeela legetik bertatik, edo gutxienez, horretarako ateak zabalik utzi».

Biga: Euskalduntzea: euskara eta euskal kulturaren transmisioa. «Positibotzat har daiteke ikasleek lortu beharreko euskara maila B2an zehaztu izana, edota ikastetxeetako hizkuntza proiektuei ematen zaien tratamendua. Baina ez dago helburua betetzeko ez bide, ez baliabiderik».

Euskalduntze prozesurako funtsezkoa den euskal kulturaren transmisioan «hutsune nabarmena» antzematen dute. «Euskalduntzea modu integralean ulertzen dugu, hizkuntza transmisiotik harago, Euskara ez delako ingelera. Eta Euskal Curriculuma sortzeaz, garatzeaz eta horretarako beharko den ikasmaterialgintzaz inolako anbiziorik ez du erakusten lege zirriborroak».

Azkenik, haien ustez oinarrizko funtzioa bete beharko lukete unibertsitateek irakasleen irteera profilean, euskara gaitasunean zein Euskal Herriaren ezagutzan, kultur transmisioan, eta baita formakuntza jarraian ere.

Hezkuntza Plazarak bost puntutan laburbildu ditu hobetzekoak:

  1. Izate publikoaren perimetroa zabaltze eta bateratze bidean, ibili ahala sistema berri baten eraikuntzari oinarria jartzeko, Euskal Hezkuntza Zerbitzua ondo eta zehaztasunez ezaugarritu behar da legean;
  2. Udal Hezkuntza Kontseiluak ere ondo definitu behar dira;
  3. EAErako lege baten aurrean egonda ere, Euskal Herriko markoan kokatu behar da;
  4. Ikastetxeetako hizkuntza proiektuei ematen zaien tratamendua zehaztu eta indartu behar da, helburua betetzeko zer bide eta baliabide ezarriko diren zehaztuz;
  5. Euskalduntzea modu integralean ulertuta, ezinbestekoa da ‘Euskararen Ikaskuntzarako eta Euskal kultur Transmisiorako Institutua’-ren ezaugarritzea legean argi jasotzea.