Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria aurkeztu du Hezkuntza Sailak

2022-11-04

Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria atera du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta, ondorioz, diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek plazak erreserbatu beharko dituzte ikasle zaurgarrientzat. 2023-2024 ikasturteko onarpen-
prozesurako jarriko da martxan, Haur Hezkuntzatik hasita. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren iritziz, “dekretu berri hau ezinbesteko tresna dugu gure ikastetxeek, etorkizunean, ikasle zaurgarriak modu orekatuago batean eskolatu ditzaten”.

 
 
Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria aurkeztu du Hezkuntza Sailak

Dekretuak hainbat berrikuntza eta neurri proposatzen ditu. Hasteko, Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua erreserbatu beharko dute ikasle zaurgarrientzat diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek. “Ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihestu nahi da neurri honekin”, sailburuak azaldu duenez.

Bigarrenik, zaurgarritasun indizea sortu da eta ISEI-IVEI arduratuko da indize hori egitea. Horrela, eragin eremu bakoitzeko ikastetxeetako plazen erreserba eremu horretako zaurgarritasun-indizearen arabera zehaztuko da. Helburua eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea da, hiru ikasturtetan zehar.

Eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze beharretara ere egokitu nahi da, gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuz.

Orain arte familiek 12 ikastetxe hautatu zitzaketen onarpen-prozesuan eta hemendik aurrera nahi adina eskabide aurkeztu ahal izango dituzte. Bestalde, ikasleek Onarpena Bermatzeko Batzordeetan parte hartzeko aukera izango dute, lehendik zeuden ordezkaritzekin batera.

Baremo irizpideei dagokienez, berrikuntza nagusietako bat bizilekua ikastetxetik hurbil egoteagatik lortutako puntuazioa igo egingo dela da.