Euskadi Sarien B aldea

2023-01-19

Uxue Apaolaza (Euskadi Literatura Saria): Ibuprofenoa, Bisolvon, parazetamola eta Strepsils gozokiak berokiaren poltsikoan, ezpainetakoarekin batera, Euskadi Sarien banaketa ekitaldian. Pilulak hartu ahal izateko bazkaldu, eta hiru orduko siesta zutik egon ahal izateko: haurra amona-aitonekin. Aurretik, goizean goiz jaiki ekitaldian esan behar nituenak idazteko, eta epaitegira haurraren zaintza osoa niri emango zidan “akordioa” sinatzera. Haurra izan zen gaixotzen lehena, aita, ahizpa eta ni atzetik. Ez zen amatxo ikustera etorri, hainbeste gustatu zitzaion soineko arroxaz jantzita. Antzerkia amaitu eta afaltzera joan ginenean, ondoan nuen lagunari eskatu nion konortea galdu aurretik, “eraman nazazu etxera”.

 
 
Euskadi Sarien B aldea

 

Elkarrizketetara, bestelako hitzorduetara justu edo bi minutuko atzerapenez iristen naiz, ezer prestatu gabe, desastre. Durangoko azokara joateko gurasoen etxera eraman nuen umea bezperan, itzuleran ohean bisitatu nuen, eta han utzi, hurrengo goizean elkarrizketa bat egiteko. Larunbatean ere Durangora, sariekin lotutako hitzordu batera, garraio publikoetan. Itzulitakoan umea hartu eta Kriptako Istorioak jarri nizkion, Youtuben, nik, ez berak, siestatxo bat egiteko.

Eta korapilo hau sabelaren ahoan. Guraso izatea erabaki genuenean, beste gauza batzuk ere izateko asmoa nuen. Asmoa eta obligazioa, noski, ez bainaiz aristokrata. Heterosexualitate matxistak gurasotasunetik atera eta kolpetik eraman nau amatasunera. Eta orain zer. Agintariek diru-laguntzak agindu dituzte haurrak zaintzeko norbait kontratatzeko. Hori da soluzioa gurasotasuna bizitzarekin uztargarri egiteko, emakume zuriek bizitzatxo bat edukitzea erabaki dutenetik. Klase ertaina esplotatzaile ertain.

“Zer eragin du horrelako sari batek idazle baten karreran?”, “Sariak gehiago idaztera animatuko zaitu?”… Eta korapiloa estutzen zait. Nola, bakarrik uzten bagaituzte haur bati eskutik helduta? Derrama baten zati bat ordaintzeko da saria. Eta amai dadila lehenbailehen haren aztarna, mesedez, ez daukat denborarik. Lana, lana eta behar ditudan baliabideak biltzeko lan gehiago. Hori da aurretik dudana. Eta eskutik helduta “orain nirekin bakarrik” agintzen didan ume bat.

Eta Yerayrekin, bakarka, kezka zientifikoak argitu ditugu, metafisikoak, emozionalak… Nire kumea umoretsua da, indartsua, sentibera. Inor ez da bera bezain interesgarria. Inork ez ditu ematen bereak bezalako besarkadak. Urdaileko korapilorik ez, pakete bat balitz bezala berriro entregatu arte. Ama izateaz gain, izan nahi dut beste gauza batzuk ere, noski; nahi dut irakurri, dantzatu, idatzi, ligatu (zer zen hori), filmak ikusi, lagunekin egon… Baina guraso bakar bilakatzen zarenean mesede guztiak lanerako dira. Edo Euskadi Sarirako. Eta beste guztia izan ahalko nuke, zera falta ez balitzait: ama izateko denbora. Ama ere izan nahi baitut. Kapitalismo matxista da, ez amatasuna, urdaila korapilatzen didana.