Eusko Jaurlaritzak ere finantziazioa etengo die sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeei

2023-02-01

Nafarroako Gobernuak egin duen moduan, Eusko Jaurlaritzak ere iragarri du sexuka bereizten duten ikastetxeei ez diela diru publikorik emango datorren ikasturtetik aurrera. LOMLOE Espainiako Hezkuntza legeak, itun berrien inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako aginduak eta EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak debekatu egiten dute sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak diru publikoaz finantzatzea, eta Jokin Bildarratz sailburuak adierazi du “horregatik hartu dela erabakia”.

 
 
Eusko Jaurlaritzak ere finantziazioa etengo die sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeei

Sailburuak adierazitakoaren arabera, prozesua “ahalik eta modu adostuenean” egin nahi dute eta ikastetxeekin harremanetan dira. “Berme juridikoekin” eta “curriculumaren garapenean eta hezkuntza integralean ahalik eta eragin txikienarekin” egiteko asmoa azaldu du Hezkuntza sailburuak.

Une honetan Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen dituen eta ikasleak sexuka banatuta dituzten ikastetxeak sei dira Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako hirutan neskak soilik hartzen dituzte: Bilboko Arangoyan, Loiuko Ayalden eta Donostiako Eskibelen. Eta beste hirutan mutilak soilik: Loiuko Munaben, Leioako Gazteluetan eta Irungo Erainen. Lehen Hezkuntzan egiten dute bereizketa, Haur Hezkuntzan ez.