Kokoak.eus: Irudimena pizteko, euskarazko joko interaktiboa

2023-02-17

Eider Eibarrek kokoak.eus webgunean euskaraz jolasteko, eskulanak egiteko eta margotzeko proposamenak bildu ditu. Euskara, hainbat eduki nahiz informatikako hastapenak lantzeko baliagarria den arren, webgunearen helburu nagusia jolasa da.

 
 
Kokoak.eus: Irudimena pizteko,  euskarazko joko interaktiboa

I

kasten jarraitzeko asmoarekin, neuk jolasteko eta ikasteko” abiatu zuen Eider Eibar ilustratzaile ezagunak kokoak.eus webgunea. “Enkarguetatik abiatuta egiten nuen lan nagusiki eta eskuak zikintzeko gogoa neukan, eskulanetara bueltatzekoa eta gauza berriak probatzekoa”. Horrela sortu zituen Kokoak eta Mae, Io eta Ur pertsonaiak, eta ondoren Harrobia Ikastolen Elkarteko lanbide heziketako lantaldeak marrazki horietatik abiatuta, haur txikientzako animazio jokoak egitea proposatu zion. Jolasaren bidez, marrazketa eta euskara sustatzen dituen joko interaktiboa da emaitza, haur txikiei zuzendua.

Kokoak.eus Eider Eibarren “jolas patioa bezala” da, bere trukuak erakusten ditu webgunean ilustratzaileak. Irudimena, marrazketa, euskara eta jolasa uztartzen ditu webguneak. “Mae, Io eta Ur izeneko haurrak dira egitasmoaren aurkezle eta gidari —azaldu du Eibarrek—. Beraien laguntzaz Kokoak izeneko zazpi izaki txiki eta bizi ezagutu ahal izango ditugu. Kokoek ez dute hizkuntza ulergarri batean hitz egiten eta horiei euskara irakastea izango da pertsonaien helburu nagusia, elkarrekin komunikatzeko. Horretarako, beraien irudimena, margoak eta sorkuntza xelebreak baliatuko dituzte, gu beraien laguntzaile bihurtuko garelarik”. Era horretan, webguneak hainbat atal biltzen ditu: eskulanak egiteko proposamenak (Kokoen pertsonaietatik abiatuta), animazio-
bideoak, margotzeko Kokoen marrazkiak eta bi webjoko: Kokojokoa eta Maeiouren joko berria. Maeiour webjokoan hainbat minijokoren bidez, hitzak osatuz, irudiak margotuz edota puzzleak eginez, erronkak gainditu beharko dituzte haurrek. Hamabost jokotan, irudimena pizteaz gain, hainbat gai euskaraz lantzeko aukera proposatzen du Eibarrek —Elhuyarreko Ana Galarragarekin prestaturikoak—, hala nola, uraren zikloa, metamorfosia, gaua, ilargiaren sorrera, estralurtarrak, koloreak...

 

Webjokoa, ikastetxean

Ikastetxean hainbat erabilera izan ditzake webguneak. Maeiour eta Kokojokoa webjokoak baliatuz, informatikako lehen urratsak egin ditzakete haurrek eta ordenagailuko sagua erabiltzen ikasi dezakete, Eibarrek azaldu duenez. Barruko jokoetan hainbat jokaera baliatu dituzte garatzaileek horretarako: mugitu, klikatu, margotu, ezabatu, puzzlea osatu, hitza osatu, elementuak eraman, sorpresa ezkutuak aurkitu...”. Euskara lantzea ere helburu du webguneak: “Euskarazko hitzak era grafikoan, marrazki bidez, osatuak agertzen dira, eder eta erakargarri, haurren arreta deitzen duten elementuetan islatuak (planetak, dinosauroak, estralurtarrak, erleak, itsasoko animaliak…). Pertsonaiek zuzenean haurrei hitz egiten diete, beraien laguntza eskatuz eta Kokoen unibertsoko partaide bilakaraziz”. Hainbat eduki lantzen direnez jokoen bidez, Eibarrek irakasgai bateko gaitegiaren hasierako baliabide gisa proposatzen ditu jokoak, “baliabide aproposa izan daiteke, denon artean webjoko honetako gai apropos batekin jokatu eta abiatu behar dugun gaiari buruzko oinarrizko kontzeptuak aurrez lantzeko”. 

Bestelako gaitasunak lantzeko ere balio du webguneak: Marra-marra eta Kokotxokoa ataletan, esate baterako, marrazkiak eta eskulanak osatzeko baliabideak eskaintzen dira. Kokoak eta beste hainbat izaki dira eskulan horietako protagonista: Mae, Io, Ur, Lamia, Tartalo, Olentzero, Galtzagorriak, Mari, Euskal Herriko mozorroak, naturako elementuak, zenbakiak, animali xelebreak…

Joko interaktibo honek euskarazkoa izateaz gain, badu beste ezaugarri berezi bat, oso arinak dira eta ez dauka inor “engantxatzeko” asmorik: “Gure helburua haurrek apur bat jolastu ostean pantaila itzali eta arkatzarekin marraztera gonbidatzea da; edo gai bat landu eta ondoren benetako mundura pasatzea”. Era berean, kokoak.eus webgunean biltzen diren egitasmoko sorkuntza guztiak doan eta inolako daturik bildu gabe jokatzeko eta materiala jaisteko aukera dago.

 

 

'Kokoak.eus'

 

Egileak: 

Eider Eibar ilustrazioez arduratu da, baina berarekin izan dira Iskander Sagarminaga, Josu Cobelo, Ana Galarraga, Zuri Alvarez eta Mikel Iraurgi Maeiour garatzeko.

 

Nori zuzendua: 

3-10 urte bitarteko haurrei.

 

Atalak: 

- Maeiour webjokoa.

- Kokojokoa webjokoa.

- Kokotxokoa: Kokoak ezagutzeko eskulanen atala.

- Marra-marra marrazki bilduma.

- Irudikosk bideo-bilduma.