Uri Ruiz Bikandi irakaslea, hezitzailea eta hezkuntza elebidunean aditua zendu da

2023-02-22

Atzo hil zen Uri Ruiz Bikandi irakasle, hezitzaile, ikerlari eta idazle durangarra, euskal irakaskuntzan arrasto eta ekarpen anitz utzita.

1970ean Iurretako ikastolako andereño izan zen, eta urtebete jardun zuen han, ikastola itxi zioten arte. Hurrengo bi urteetan geroago Bizkaiko Ikastolen Elkartea izango zeneko koordinatzaile izan zen eta gero Elorrioko ikastolara joan zen. 1979an Legutioko eskola publikoan hasi zen A ereduko ikasleekin. Geroago Hizkuntza eta literaturaren didaktika irakasle izana zen EHUn, Bilboko eta Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

Materialgintzan ere jardun zuen, 20 urtez (1994-2014) Graó argitaletxeko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko zuzendaritza Batzordeko kide izan zelarik.

Oroz gain, bigarren hizkuntzaren didaktika eta irakasleen prestakuntza izan zituen lan eta ikergai, eta ekarpen interesgarriak egin zituen arlo horretan. Hik Hasiren 67. zenbakian (2022ko apirilean) egindako elkarrizketan ama hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren jabekuntza prozesuez mintzatu zen, eta ahozkotasuna lantzeak duen garrantziaz ohartazten zuen.

 
 
Uri Ruiz Bikandi irakaslea, hezitzailea eta hezkuntza elebidunean aditua zendu da