Ikasle batek irakasle bat hil du Donibane Lohitzunen

2023-02-23

Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeo pribatuko 16 urteko ikasle batek 52 urteko irakasle bat hil zuen labankadaz atzo. Gaztelaniako eskolak ematen ari zela gertatu zen erasoa, baina ez dago argi nola. Lekuko batzuen arabera, ikaslea eserlekutik altxa, bizkar zorrotik labana atera, gelako atea blokeatu eta irakaslearengana gerturatu eta labana sartu zion. Beste lekuko batzuen arabera, mutila kanpotik sartu zen gelara erasoa egitera eta “ahots batek agindu dit erasoa” esanez. Mutila atxilotu egin zuten, erailketa egotzita. Gaur 15:00etan minutu bateko isilunea egingo da ikastetxeetan, dolua agertzeko.

Samin handia eragin zuen gertakariak eta ikasleei arreta psikologikoa eskaini zitzaien lizeoan bertan. Hainbat agintari hurbildu ziren atzo lizeora, besteak beste, Pap Ndiaye Hezkuntza ministroa, Olivier Veran Gobernuko bozeramailea eta Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektorea. Guztiek adierazi zioten babesa hezkuntza komunitateari eta elkartasuna familiari, ikasleei eta irakasleei. Emozioak partekatzeko eta harrera egiteko unea dela azpimarratu zuten, eta hor egonen direla laguntzeko.

 
 
Ikasle batek irakasle bat hil du Donibane Lohitzunen