Maddi Ane Txoperena: "Nola erran"

2023-03-17

Ez naiz hezkuntzan aditua, ezta gurasoa ere, eta ez dizuet nik erranen nola hitz egin haurrekin gai honi buruz; neronek ere ez baitakit, xuxen. Dakidana da izendatzen den hori, izan, badela —izena duenak izana du—; baina, kontrara, zerbait ez izendatzeak ez duela erran nahi hura existitzen ez denik. Izenik gabekoak ere, sarri, bai baitu izana.

 
 
Maddi Ane Txoperena: "Nola erran"

Joan den urteko martxoan karrikaratu nuen Ez erran inori nobela, umetan sexu abusuak pairatu dituen emakume bat protagonista duena: Lide. Eta batek baino gehiagok erran dit, liburua irakurrita zein gabe, gaia gogorra dela. Protagonistak haurra zela pairatutako sexu abusua kontatzen da lehendabiziko kapituluan, eta irakurle batzuek aipatu didate liburua itxi zutela irakurtzen hasi eta berehala. Normala da: gorputzak eta garunak —ez al dira gauza bera, funtsean?— mekanismo ugari dituzte gogorregiak zaizkigun gertakariei ihes egiteko. Lidek berak amnesia garai bat pasatu zuen haurtzaroan, abusua ahanzteraino. Zergatik? Bizilagun zuen erasotzailearekin pasatu behar zituelako arratsaldeak eta oporrak. Anitzez hobe —anitzez praktikoago?—, beraz, gertaturikoa ahaztea.

 

Ahazturaren kaxoiak ez dira beti betiko, ordea. Pitzadura bat agertzen da tarteka, eta urak egin dezake gainez; Lideri berari gaztaroan egiten dion bezala. Orduan hasten dira arazoak: nola azaleratu urteetan isilean mantendutakoa? Nola sinetsi gure umetako ni horri, eta nola egin sinesgarri bertzeen aitzinean?

 

Saia gaitezke liburua berriz idazten. Demagun Lideri, Donapaleuko ikastolan, azaldu ziotela zerbait sekretuak gordetzearen inguruan: ez dela ona gauzak norberarentzat bakarrik gordetzea; kontatzeko lagunen bati edo ahizpari. Edo aitamek esplikatu ziotela norbaitek gustatzen ez zaion zerbait egiteko eskatzen badio ezetz errateko eskubidea duela. Demagun, Mikeli —jada koxkorra izanik—, sexu heziketa egokia eman ziotela: hitz egin ziotela lasai ederrean sexualitateaz, eta azaldu ziotela onespenari eta botere harremanei buruzko zer edo zer. Are, sexu abusu bat egiteak gerora erasoa jasan duenarengan utz dezakeen aztarnaz mintzatu zitzaizkiola. Beharbada berdin gertatuko zatekeen erasoa, baina agian ez litzateke berdina izanen Lideren istorioaren bilakaera: ez dakit.

 

Guraso eta irakasle anitzek ez dute jakinen nola erran. Baina nik, badaezpada, proba eginen nuke.