Hezkuntza eragileak ez daude ados matrikulazio prozesuarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2023-03-31

2023-2024 ikasturterako matrikulazio prozesuan berrikuntzak sartu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 urteko haurren onarpen prozesurako: diru publikoz lagundutako ikastetxe guztiek leku kopuru jakin bat gorde beharko dute haur zaurgarrientzat. Neurri honekin ikasleen banaketa orekatuagoa lortu nahi da.

Behin-behineko zerrendak argitaratu ostean, hezkuntza eragileek euren desadostasuna adierazi dute. EHIGEk aurretik adierazia zuen neurriak ez zitzaiela “oso eraginkorrak” iruditzen, eta argi daukate “neurri horiek ikastetxe publiko kohesionatuak lortzeko eta eskola publikoaren perimetroa handitzeko” ez dutela balio. EHIGEk dio Hezkuntza Saila ez dela araudia betetzen ari, “lekuak egon arren, barematzen ari direlako”. Hau da, eskola batzuetan lekua egon arren, beste leku batzuetara bideratzen ari direla salatu dute.

Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak ikasleen banaketa egiteko erabili diren irizpideen inguruko gardentasun falta salatu dute. Ikastolen Elkarteak ikastetxe guztiek matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen du, “eta hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko”.

Eragileek, haserrea adieraztearekin batera, familiei laguntzeko asmoa agertu dute, eta helegiteak egiten lagunduko diete.

Eragileek familiak helegiteak egitera bultzatu dituzte.

 
 
Hezkuntza eragileak ez daude ados matrikulazio prozesuarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan