Euskal kultur transmisioa berma dezala eskatu dute bostehun hezitzaile eta herritarrek

2023-04-25

Hogeitik gora kultur eragilek eta kolektibok EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren inguruko irakurketa kritikoarekin bat egin eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko atxikimendua adierazi dute hezitzaileek, hezkuntza eragileek eta herritarrek. 'Kulturgintzan.eus' weborrian eman dakioke dokumentuari atxikimendua.

 
 

Hainbat kultur eragilek eta kolektibok EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu, eta, euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, irakurketa kritikoa egin zuen iaz, baita irakurketa hori elkarrekin publiko egin ere (2022ko ekainaren 15ean eta abenduaren 10ean). Martxoaren hondarretan kultur eragileek sinadura bilketa hasi zuten EAEko Hezkuntza Legeak kultur transmisioa berma dezan eskatzeko, eta hilabeteko epean 500 sinadura bildu ditu eskaera-dokumentuak www.kulturgintzan.eus weborriaren bidez:

Kultura eragileen euren irakurketa kritikoa eta eskaera zabaltzeko bideo bate gin dute honakoa dieraziz: “Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria apirilaren amaieran edo aurreraxeago erregistratuko da, eta Legebiltzarrean eztabaida abiatzen den garairako, kultur eragileon artean egin dugun irakurketa kritiko horren aldeko atxikimenduak bildu nahi ditugu, aipatu Legebiltzarreko eztabaida horretara euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auzia eraman ahal izateko, ahalik eta babes handienarekin. www.kulturgintzan.eus gunean dugu irakurketa kritiko hori, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen berri ere”. Hik Hasi egitasmo pedagogikoa atxikimendu-kanpainaren sustatzaileetako bat da, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, Bertsozale Elkartea, Dantzan, Elkar Fundazioa, Editoreen Elkartea edota Euskaltzaleen Topagunearekin batera. 

Kultur elkarte eta eragileek  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean eta curriculum berrian euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzea ezinbestekotzat ikusten dute, “adierazi nahi dugu Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroa irakurri dugula, eta egiaztatu dugula ez dela bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza-eremu batzuetan ere”. Honako hauek dira irakurketa kritikoaren oinarrizko zutabeak:

• Kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa diziplina eta jardun eraginkorrenetariko bat da pentsamendu sortzailea elikatzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapenean laguntzeko, gizarte-kohesioan urratsak egiteko, kulturartekotasuna lantzeko, komunitatea(k) eraikitzeko, eta abar.

• Euskara eta bere kultura bereiziezinak dira.

• Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe.

• Euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bizi dadin ezinbestekoa da euskararen normalizazioa.

• Hezkuntza arautua euskarazko ekosistemaren ezinbesteko eragile da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardun behar duena, elkar elikatzeko (sortzaile, antolatzaile-bitartekari, hedabide, hezkuntza araututik kanpoko hezitzaile eta zaleekin batera).

• Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea.

• Euskarazko kulturgintzaren transmisioa euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina irakastearekin batera, kultur adierazpide ugariren praktikan trebatzea da, eta euskaraz sortzeko grina transmititzea

Oinarrizko abiapuntu horietatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroko hainbat alderdik kezka handia eragin diete eragileei eta sinatzaileei:

1. Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kokatzen kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko adartzat eta jakingaitzat.

2. Hezkuntza Legearen zirriborroan, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik.

3. Helburuetan ez dago euskal kulturari espresuki uztarturikorik.

4. Ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik.

“Gabezia horiek bete, eta euskararen eta bere kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak ezartzeko bidean”, eragileek jakinarazi dute proposamen zehatzak egiteko asmoa dute, “jada dokumentu batean bildurik ditugunak, eta Hezkuntza Sailari igorri dizkiogunak”.

Norabide horretan eragin ahal izateko, oinarri eta ikuspegi hauekin guztiekin bat egiten duten sortzaile, kultur eragile, irakasle, hezkuntza eragile eta herritarren atxikimenduak biltzeko kanpaina oraindik ere zabalik dago, “Hezkuntza Legearen zirriborroa Legebiltzarrean eztabaidatzen denean aldarrikapen hauek plazaratzeko ahalik eta babes handiena izan dezagun”.

Kultur eragile eta kolektibo sustatzaileak:

  • Ahotsenea
  • Aiaraldea Ekintzen Faktoria
  • Bertsozale Elkartea
  • Dantzan
  • Elkar Fundazioa
  • Euskal Editoreen Elkartea (EE)
  • Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE)
  • Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
  • Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
  • Euskal Herriko Trikitixa elkartea
  • Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE)
  • Euskaltzaleen Topagunea
  • EuskalPEN
  • Galtzagorri
  • Hik Hasi
  • Ibaia
  • Jakin
  • Lanartea
  • Musikari
  • Musika Bulegoa
  • Xabiroi