Kontsultak: teknologia berriak

2023-05-11

Gure inguruan 12 urterekin ematen zaie seme-alabei sakelakoa. Guri goizegi iruditzen zaigu. Ikertu ote da zein adin den gomendagarria haurrek sakelakoa izan dezaten? 

Amaia Arroyo Sagasta: Ikerketa terminoetan ez dut adinaren inguruko azterketen berri izan. Gurasoen pertzepzioari buruzkoak, haur edo gazteen hautemateari buruzkoak… bai, baina ez adina modu objektiboan eta isolatuan aztertzen duenik. Eta horixe da, nire ustez, interesgarriena eta ondoriorik garbiena: adina, berez eta modu isolatuan, ez litzateke aldagai edo arrazoi nagusia izan behar, sakelako telefonoa noiz eman erabakitzeko orduan. Jakin badakigu, 12 urte erreferentzia gisa hartuta, ez daudela bi haur berdin. Eta ez naiz ari gustuez edo interesez; heldutasun-mailari buruz, hain zuzen ere.

 
 
Kontsultak: teknologia berriak

Gailu propioek (tabletek ere bai, baina batez ere sakelako telefonoek) munduarekin dugun harremana guztiz aldatzen dute. Pentsatu gauza bat: berdin al gaude autobusaren zain sakelakoarekin edo gabe? Oso desberdina da. Munduaren pertzepzioak garrantzia hartzen duen horretan, heldutasun maila oso garrantzitsua da (zenbat denbora pasatzen dugun konturatzeko, adibidez, edo aukerak/arriskuak baloratzeko). Egin beharreko galdera hauxe izango litzateke: nire 12 urteko seme/alaba nahikoa heldua al da heldutasun hori maneiatzeko?

 

  • HEZITZAILEON ROLA

Irakasle bezala etsipenak jota nago. Gure DBHko ikasleak ikaragarri abilak dira teknologia berriekin, eta gu beti joango gara haien atzetik. Zein da irakasleon egitekoa hainbeste dakiten ikasleen aurrean?

NIRE USTE APALEAN, oro har, ez dira hain abilak digitalki, ez teknikoki, ez erabileran: emailak ongi idaztetik hasi, informazioa bilatzetik igaro eta eduki digitalen kudeaketaraino. Dena den, hori baldin bada zure pertzepzioa, horri buelta emateko aukerak bilatu beharko lirateke, ezta? Adibidez, zergatik ez dugu ikastetxean mentoring programa bat martxan jartzen? Zuek haiei gai batzuen inguruan ikasten lagundu eta haiek zuei alderdi digitalean garatzeko bideak eskaini: guztiok irabazten irtengo zinatekete. Askotan kexatzen gara haien inplikazio edo ekimen faltagatik; agian, horrelako aukera bat emanez gero, haien gaitasun horiek garatzen jarraitzeko aukera eskainiko diegu, baita guri ikasten laguntzeko ere. Ziur nago Tik Tok izugarriak egiten lagunduko dizuetela eta zuek haiei informazioa bilatzeko gakoak eskainiko dizkiezuela. 

  • JAIOTZETIK DIGITALAK

Gure haurrak ez direla “natibo digitalak” eta teknologietan hezi egin behar ditugula irakurri dizugu, baina nondik hasi? Guk ahalik eta pantaila gutxien eskaintzen dizkiegu haurrei, soilik telebista eta sakelakoa argazki batzuk edo bideo batzuk ikusteko. Jokorik ez (6 eta 8 urteko haurrak ditugu). Egiten duguna heztea baino gehiago, kentzea dela iruditzen zaigu… Nola hezi?

OSO GALDERA INTERESGARRIA da. Heziketa baldin bada gure apustua, argi dago muga batzuk jartzeko irizpideak izan nahi ditugula. Baina egia da: “kentzea” ez da heztea. Horregatik, apustua elkarrekin ikastea eta partekatzea izan daiteke. Horrek esan nahi du pantailen aukerak arakatzeko eta modu osasuntsu batean erabiltzeko gurasoak eta seme-alabak elkarrekin aritu daitezkeela: bideojokoak, filmak, zerbait egiten ikasi… aukerak mugagabeak dira! 6 eta 8 urtekoek aukera asko eskaintzen dituzte, helduokin gauza berriak eta zirraragarriak egiteko prest agertzen direlako. Ideia zoro bat botako dizuet: adimen artifiziala denon ahotan dabilen honetan, zergatik ez dugu zerbait sortzen hori erabilita? Irudi benetan ikaragarriak sor daitezke HotSpot-ekin eta sortutakoa eskuz egiten saiatu. Edo hainbeste gustatzen zaien film horren beste amaiera bat asmatzeko eskatu eta gero etxean antzeztu… Sormenak eta elkarrekin egiteko gogoak eman diezagukete giltza elkarrekin teknologiarekin gozatzeko eta erabilera egokiak eta hezitzaileak proposatzeko.

  • SAKELAKOA MUGATU

Gure haurrari sakelakoa emateko garaia iritsi zaigu. Adin txikikoa izanik, sarrera mugatua izan beharko luke hainbat gunetara, baina nola egin dezakegu hori teknikoki? Gomendagarria al da?

KONTUAN HARTU beharreko hainbat gauza daude hemen, izan ere, sakelakoa emateak aurretiko prozesu bat izan beharko luke. Hau da, bidelaguntza bat: haurrak gurasoen presentzia izan beharko luke sakelako propioa izan aurretik. Horrela, erabilera egokian hezi dugun bermea (edo behintzat saiatu izana) izango dugu. Dena den, autonomia emateko momentu hori amildegi modura bizi dute guraso askok eta normala da kontrolatzeko nahia izatea. Erantzuna zaila da zuen haurrak zenbat urte dituen jakin gabe, ez baita berdina 9 urteko haur bati sakelakoa ematea edo 12ko bati (beti ere, aipatutako bidelaguntza eskainita). Teknikoki kontrola izatea nahi izanez gero, aukera bat izan daiteke aplikazioak instalatzen ez uztea (zeuek izatea kontua eta pasahitza). Android telefonoetan Google-n aukera Family Link da, baina badira beste aukera batzuk: Qustodio, FamilyTime, Kaspersky SafeKids, Norton Family, Locategy, Mi Sereno: Control Parental, SecureKids, Kids Place… Gehienek erabili daitezkeen aplikazioak kontrolatzeko aukera eskaintzen dute, baita pantaila denbora mugatzeko aukera ere. Dena den, gogoratu heziketa digitala eta bidelaguntza direla autonomia modu seguruan garatzeko bermerik onenak.