HIK HASIk ikerketari lekua egingo dio Udako Topaketa Pedagogikoetan

2023-06-01

HIK HASIren Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditugu Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Bertan izan dira Beñat Amenabar, EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa, Esti Amenabarro, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultateko irakaslea eta ikerlaria eta Ainha Azpirotz HIK HASIko kidea. Berrikuntza garrantzitsu bat dakarte aurtengo topaketek, ikerketari leku egingo zaio campusean mintegi ireki batean. EHU eta HIK HASI elkarrekin Bigarren Hezkuntzako irakasleen arteko harreman pedagogikoei buruzko ikerketa egiten ari baikara. Horrez gain, 30 ikastaro izango dira, punta-puntako gaiekin, neurohezkuntzari buruzko euskarazko ikastaroaren gisan edo Lehen Hezkuntzako eraldaketa pedagogikoa egiteko tresnak eskaintzen dituztenak.

Ikusi aurkezpen bideoa.

Izen-ematea zabalik dago ekainaren 15a arte.

 
 
HIK HASIk ikerketari lekua egingo dio Udako Topaketa Pedagogikoetan

Beñat Amenabar  EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak EHUren eta HIK HASIren arteko elkarlana nabarmendu du aurkezpenean. Urtero bezala, bi erakundeek elkarlanean egingo baititugu Topaketak. Gainera, elkarlan hori aurten urrats bat aurrerago joango da, EHU eta HIK HASI elkarrekin egiten ari garen ikerketari leku egingo baitzaio campusean. 

Esti Amenabarro  Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultateko irakaslea eta ikerlariak aurkeztu du Udako Topaketetan protagonista izango den ikerketaren funtsa: Hik Hasi eta EHU DBHko irakasleen arteko harremanei eta haien izaera pedagogikoari buruzko ikerketa bat egiten ari gara. Irakasleen arteko harremanek arlo pedagogikoan duten eragina aztertzea da helburua eta ondotik, harremanak eta jarduera pedagogikoa hobetzeko proposamenak egitea. Bigarren Hezkuntzako irakasleek eguneroko jarduna burutzeko unean harremanen gainean dituzten kezkak, dilemak, zailtasunak, pozak eta ametsak jaso nahi izan dira ikerketan. Irakasleen artean sortzen diren harremanak ezagutzea da erronka; harremanek eskolako gainerako prozesuak antolatzen dituzte eta, aldi berean, eskolako klima ezagutzen lagundu. Irakasleen ongizatea eta zaintza erdigunean jartzea ezinbestekoa da”.

  • Bigarren Hezkuntzako ikerketa mintegia
  • Neurohezkuntza euskaraz
  • Lehen Hezkuntzako eraldaketarako tresnak
  • Montessori, neurosia, Scape Roomak, euskara, euskal kultura, dislexia, heriotza, yoga, antzerkia...
  • Ikusi aurkezpen bideoa
  • Izen-ematea zabalik ekainaren 15a arte: www.hikhasi.eus/formazioa

Ainhoa Azpirotz HIK HASIko kideak adierazi du orotara 31 ikastaro izango direla aukeran; "horietatik hamar ikastaro gurasoentzako propio ere pentsatuak dira  30 ikastaro horien artean, ardatz garrantzitsu bat Lehen Hezkuntzan egiten ari diren eraldaketa pedagogikoan sakontzeko tresnak eskaintzea izan dugu, ikastetxe asko jauzi pedagogikoa egiten ari diren honetan eraldaketan lagunduko duten punta-puntako hainbat ikastaro eskainiko ditugu. Horien artean nabarmentzekoa da, Neurohezkuntzari buruzkoa. David Castrillo, Neurohezkuntzan aditua eta Iruñeko Mendigoiti ikastetxeko ikasketa buruak Neurohezkuntza: nola ikasten du garunak? Izeneko ikastaroa eskainiko du. Gaiaz eta euskaraz, aurrez aurre ikasteko egoten diren aukera urriak kontuan izanda, garrantzitsua da ikastaro hau nabarmentzea. Neurozientziak, eta hau pedagogiara aplikatuta, neurohezkuntzak erakusten digu garunak (haurrak, pertsonak) nola ikasten duen. David Castrillok dioen bezala, “Garunari esker ikasten dugu. Hezkuntzan, ordea, organo nahiko ezezaguna da eta irakasleok, orokorrean, bere funtzionamenduai buruzko jakintza eskasa dugu. Hori hobeto ezagutzeak, garrantzi handia du”. Leslie Hart-en hitzak aipatzen ditu Castrillok: “Garuna ulertu gabe esperientzia pedagogiko bat diseinatzea, esku bat konprenitu gabe eskularru bat diseinatzea bezala da”. Horren harira, azken urteetan jaiotako diziplina berri bat dugu neurohezkuntza. Ez da metodo bat, hezkuntzarekiko begirada berri bat baizik, pedagogia eta psikologiako jakintzei garunaren funtzionamenduari buruzkoak batzen dizkiona. Diziplinarteko ikuspegia du beraz, eta helburu nagusia zientzian oinarritutako kultura bat sortzea da, erabaki bat hartzeko garaian ikerketetan eta ebidentzia enpirikoetan oinarrituz. Egun, teknologien aurrerakuntzei esker, garunari buruzko jakintza gero eta handiagoa dugu eta David Castrillok nabarmentzen duenez, irakasleok arintasun nahikoa izan behar dugu horrekiko interesa adierazteko eta jakintza berriak bereganatzeko, hezitzaileen lana hobetzeko asmoarekin".

Azpirotzek adierazi duenez, punta-puntako gaiei buruzko ikastaro gehiago ere izango dira: "Iera Arrieta irakasleak ikasleen motibazioa eta interesa pizteko emango duen Escape room digitalak eta fisikoak sortzen izenekoa adibidez. Aipamen berezia egin behar diogu, baita ere, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekan aipamen berezia jaso zuen ikastaroak: Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez, Imanol Alvarez eta Garikoitz Moyak eskainiko dutena".

Lehen eta Bigarren Hezkuntzaz gain, etapa guztietarako ikastaroak izango dira topaketetan, "baita beraz Haur Hezkuntzarako ere, besteak beste: Haurtzaroan bidelagun Montessori ikuspegitik, Haurnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez edota Neurosiaren prebentzioa bizitzaren hasieran."

 

 

  • Uztailaren 3an, 4an eta 5ean izango dira Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak.
  • Donostiako EHUren HEFA  fakultatean izango dira ikastaroak.
  • Urtero sare guztietako eta Euskal Herriko osoko 400 hezitzaile inguru biltzen dira Udako Topaketetan.

 

 

 

1_ “Bidelagundu”: hezitzailearen jarrerak eta esku-hartzeak haurraren autonomiaren garapena eusteko. Alvaro Beñaran
2_ Neurohezkuntza: nola ikasten du garunak? David Castrillo
3_ Neurosiaren prebentzioa bizitzaren hasieran. Ane Ablanedo
4_ Pintura, buztina eta mugimenduaren bidezko espresioa. Benjamin Barandalla.
5_ Mugak jarri autoestimua zainduz. Nerea Mendizabal
6_ Haurtzaroan bidelagun Montessori ikuspegitik. Maite Ruiz
7_ Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez. Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya
8_ Heziketa eta astrologia psikologikoa. Iraultza pedagogiko bat. Izaro Susperregi
9_ Heriotzaren lanketa. Patxi Izagirre eta Ane Izagirre
10_ Dislexia: Ikasleen porrotari aurrea hartzeko identifikazio eta esku-hartze goiztiarra (RTI eredua eta IDU: Ikaskuntzaren diseinu unibertsala)

11_ Entrenamendu mentalaz eta ametsak aztertuz zoriontsu! Urko Arozena
12_ Euskara bereganatzea Haur Hezkuntzan: erabilera, ahozkotasuna eta familiekin elkarlana. Maddalen Aristegi
13_ Irakasle berritsuak Lehen Hezkuntzan: erabilera bermatu eta ahozkoaren lanketa garatu. Arrate Gisasola
14_ Nerabeei hizkuntza-sozializazioan laguntzearen erronka: erabilera, gaitasuna eta jarrerak. Iñaki Eizmendi
15_ Sormenean hezi, kulturan bizi. Gotzon Barandiaran, Ihitz Iriart, Iratxe Retolaza
16_ Sortuz eta sortuz, kontatu. Ixabel Agirresarobe
17_ Lanketa pertsonala. Ainhoa Gorostidi
18_ Zaintza guneak: norbera zainduz, bestea zaindu. Eider Zuriarrain
19_ Yoga eta kontzentrazio teknikak eskolan. Marina Pintos
20_ Izan, pentsatu, sentitu, egin. Ikasturte amaierako larrialdi botikinetik, oreka mantentzeko gakoetara. Haritz Azkue
21_ Neuroludokinestesia. Aitor Zenarruzabeitia
22_ Antzerki teknikak: hezkuntzarako tresna pedagogikoa. Esther Uria
23_ Familiaren eta eskolaren arteko elkarlana ikuspegi sistemikotik. Larraitz Mendizabal eta Aitziber Esnaola
24_ Zuzendaritzarako begirada eta baliabideak. Iñaki Arana eta Iratxe Vazquez
25_ Pedagogia Sistemikoa. Oinarrien ezagutza eta irakasleentzako baliabideak eta tresnak. Saionara Barrena eta Naiara Jimenez
26_ Escape room digitalak eta fisikoak sortzen. Iera Arrieta
27_ Matematika eskuetan, goazen jolastera! Izaskun Baro
28_ Jolastokia: gune pedagogikoa? Txusma Azkona