Hik Hasi

hurbilekoak. buletina

Kaixo denoi!

Zer moduz? Dakizuenez, joan den ostegunean HIK HASIko bilera izan genuen. Zortzi lagun elkartu ginen eta guretzat, garrantzitsua da ahalik eta jende gehien elkartzea, guztion artean esperientziak elkartrukatu, kezkak eztabaidatu eta gure jarduna aberasteko. Ahalegina egin nahi genuke bilerak gehienentzat erosoak izango diren egunetan eta orduan egiteko, eta zuen iritzia zein den jakin nahi genuke. Guk, bi aukera ikusi ditugu: bilerak astegunetan izatea, baina jendea berandu arte lanean egoten denez, ordua atzeratzea (19:00etan egitea), edota, bilerak, larunbat goizetan egitea. Zuen erantzunak jaso nahi genituzke, guztion artean erabaki bat hartzeko. Bitartean, hementxe duzue joan den ostegunean izandako bileran atera ziren ideia nagusiak biltzen dituen akta.

Zuen zain geratzen gara, beraz. Mila esker eta ondo-ondo izan!

 

Camposen proposamen berrituak ez ditu hezkuntza eragileak asetu

Kritika gogorrak egin dizkiote sindikatuek eta hezkuntza eragileek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztu duen hezkuntza ereduen erreformarako lege egitasmo berrituari. Euskalduntzea baino, babes politikoa bilatzen duela iritzi diote, eta gogor salatu dute erreforma ezartzeko lau urteko epea proposatu izana.

 

Aldaketak hizkuntza ereduen erreformarako lege egitasmoan

Gaur arratsaldean aurkeztuko die hizkuntza ereduen erreforma berritua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuei eta hezkuntza eragileei, alderdi politikoekin egin duen moduan. Eragileen proposamenak aintzat hartuz, irailean aurkeztu zuten egitasmoan hainbat aldaketa txertatu dituzte.

Hik Hasi

Psikomotrizitate jardunaldiak MATRIKULA ITXITA!!

Psikomotrizitate jardunaldiak MATRIKULA ITXITA!!

Aurten, X. Hik Hasi Topaketak prestatzen ari gara eta ikasturtean zehar ere, hainbat jardunaldi antolatuko ditugu. Lehena, azaroaren 28an eta 29an izango da, DONOSTIAN eta DURANGON (Bai Durangokoa bai Donostiakoa BETETA DAUDE), hurrenez hurren. "Psikomotrizitate Praktika Haur Hezkuntzan: Pedagogia koherente baten bila" izenburupean egingo dugu jardunaldia eta gurekin izango da, besteak beste, Carles Font Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea.

 

Jarraipen handia izan du itunpeko ikastetxeetako grebak sindikatuen arabera

Atzo, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeen % 80 itxita egon zirela esan dute sindikatuek. Kristau eskoletan ikastoletan baino eragin txikiagoa izan zuen lanuzteak. Partaideren sareko ikastoletan greba erabatekoa izan zen, eta gainerako eskola pribatuetan gorabeheratsua: Gipuzkoan eta Bizkaian % 70 inguruk egin zuten greba eta Araban, % 50ek. Hezkuntza Sailak bestelako datuak eman ditu eta horien arabera, ikastetxeen % 48k eta irakasleen % 40k egin zuten greba atzo.

Hik Hasi

KUBArekin elkartasuna

Udan izandako urakanek sortutako kalteei aurre egiteko laguntza behar du Kubak, eta Hik Hasik, urtarrilean hara goazenez, bertara eramateko eskola materiala bilduko du. Zehazki, Enrique Barona Goi mailako Institutu Pedagogikora (irakasle eskola) eramateko materiala bilduko dugu: arkatzak, boligrafoak, errotulagailuak, koadernoak (100), disketeak, CDak eta pen-drive-ak. Kubarrekin zuen elkartasuna adierazi nahi baduzue, eskertuko genizueke materiala gure bulegora ekartzea edo bidaltzea. Mila esker!