Euskal maisu-maistren garbiketa Gerra Zibilean eta Frankismoaren hasieran

1996-03-01
 
 
Ez goaz hemen hezkuntzaren funtzio politikoa aztertzera. Bai, ordea, hezkuntza, boterea eta ideologiaren arteko harreman estuen berri emango digun gertakari historiko bat azaltzera: euskal maisu-maistrek frankismopean jasan zuten zapalkuntza berezia edo "depurazioa" hain zuzen.

Eskola da gizarteak duen akulturatze edo sozializatze prozesu ororen tresna nagusia. Eskolaren bidez egituratzen da gizarte berria: eskolak hezitzen ditu belaunaldi gazteak garai-garaiko nagusi diren jokamolde kultural, ideologiko zein moraletan: eskolaren bidez, azkenik, desegiten dira nazioak eta kulturak. Edota berpiztu.

Agintari frankistek ongi zekiten "Espainia berria" eraikitzeko premiazkoa zela eskola. Horregatik, biziki saiatu ziren tresna ideologiko ahalmentsu hura eskuratzen. Helburua bikoitza zen: batetik, aurreko eskola sistema birrindu eta kutsu errepublikarra zuten elementuak erabat "garbitzea" eta, bestetik, nazional-katolizismoan oinarritutako "eskola berria" inposatzea. Maisu-maistren garbiketa edo depurazioa hezkuntza politika honen barruan kokatu behar da.

Gerra sortu eta ondorengo egunetan hasiko dira irakaslegoaren aurkako lehen salaketak, lanpostua uzteko bapateko aginduekin batera. Estatuak argi utzi nahi du garbiketa operazioa "zigorrezkoa" ezezik "prebentziozkoa" ere badela. Beraz maisu-maistra orok, inolako salbuespenik gabe atxikimendua egiaztatu beharko du.

Depurazio irizpideak finkatzera datoz Burgosko Gobernuak 1936ko azaroan eta abenduan emandako dekretuak. Hauen arabera, probintzi bakoitzean "Comisiones Depuradoras" izenekoak eratuko dira maisu-maistrak depuratzeko. Hiru motatako zigorrak ezarriko dituzte:

a) Ezkertiar edo "Frente Popular"eko militante den oro bapateko kargutik botatzea.

b) Leku aldaketa, gainontzekoentzat. Euskal probintziei, ordea, "aparteko tratamendua" merezi zutenez, arau bereziak aplikatuko zaizkie. Hona zer dion 1937ko apirileko aginduak: "Como la siembra de nefastas doctrinas tuvo apoyo en la enseñanza y la extensión e intensidad del mal ha tenido caracteres de extrema gravedad en procedimiento de depuración y rehabilitación del personal de los establecimientos docentes, tiene que ostentar caracteres distintos de los aplicados en otras provincias liberadas de la esclavitud marxista".

Garbiketa politikak eragin itzela izango du euskal maisu-maistrengan. Horren lekuko ditugu ondorengo datu hauek: Gipuzkoan, esaterako, 1936ko irailetik abendura bitartean, irakaslegoaren % 48a kargutik apartatu egin zen, % 36a Hego Euskal Herritik bidali, % l7 tokiz aldatzera behartu, % lla behin-behineko soldatarik gabe geratu zen eta % 51a baino ez zuten berretsi. Guztira, kolektiboaren erdia zigortu egin zen. Bizkaiari dagokionez, 64 maisu-maistratatik (auzo-eskoletako irakasleak hain justu), % 60a kargutik bota zuten, % 5a euskal probintzietatik at bidali zuten, % 6a soldatarik gabe utzi eta % 24a tokiz aldatzera behartu zuten. Beraz, Bizkaian ere maisu-maistren gehiengo handi batek batezbesteko zigorra jasan behar izan zuen.

Depurazioaren azken helburua ez zen ordea maisu-maistra "kutsatuak" edo susmagarriak zigortzea, '"pozoinaren" arriskua irakaslegoaren gorputik behin-betirako ezabatzea baizik. Horretarako, funtzionari berriak sortu behar ziren. Baina nondik atera? Hasteko, eskoletako hutsuneak Errejimenaren konfiantzazko maisu-maistrek beteko dituzte,"ex-combatientes, ex-cautivos, miembros de la extinguida Corporación del Magisterio, huérfanos de guerra e hijos de asesinados, Cruzados de la enseñanza" eta antzekoek. Bide batez, maisu-maistrak nazional-katolizismoan doktrinatuko ziren. Politika honen arabera, euskal eskola gehienetan kanpotik ekarritako maisu-maistra erdaldunak ezarriko dituzte, hauetako asko euskararen etsai amorratuak. Bestalde, bertako irakasle "garbituei" agintearekiko beldurra eta errespetua hezurretaraino sartuko zaie eta, ondorioz, errejimenaren esanetara erraz makurtuko dira. Eta ez makurtu bakarrik. Hainbat eta hainbat irakaslek, aurreko ideiei uko eginez, zapalkuntzan partaidetza aktiboa ere izango du.