SAN JOSE DE CALASANZ, ikastetxe publikoa, Donostia (Altza): Ohitura eta baloreak lantzen

1996-03-01
Hezkuntzako irakaste-ikaste prozesuan ez da motibazio faltarik, are eta gutxiago Donostiako Altza auzoko San Jose de Calasanz ikastetxean, non txikitatik erakusten ari diren ohiturak eta baloreak lantzen.

Ikastetxeak hortzak garbitzeari, frutak dastatzeari eta litxarkeriaren prebentzioari gogotsu ekin dio, bertako irakasleak eredu direlarik.

Batzuetan astuna egiten bada ere, egunero esketx berdina errepikatzen baita, egite mekaniko horrek ohitura, kontzientzia eta hausnarketari bidea zabaltzen die.

Ekintza hauek 3 eta 12 urte bitartean lantzen dituzte eta ohitura hauen helburua osasuna txiki-txikitatik zaintzea litzateke.
 
 
Eskolaurrean osasun hezkuntza

1. HORTZAK GARBITZEA: 3 urtetik 5 urtera. Derrigorrez eta egunero egiten da. Hortzak garbitu aurretik hartu duten janariaz galdetzen zaie, izenak ondo esan ditzaten eskatuz (txitxi ordez xerra, adibidez), eta multzokatu, bereizi eta horri buruz ere hitz egiten da.

Dauzkagun bideo eta diapositibak erakutsiz ere lantzen dugu arlo hau, beti ere elikadura osasuntsua defendatuz.

2. FRUTA: Hamabostero, asteazkenetan, gariko fruta ekarrarazten diegu eta jolastordu aurretik multzokatu, aztertu, dastatu eta fruta jatearen garrantziaz mintzatzen gara. Ondoren fruta hori jan egiten dute. Ekintza hau Haur Hezkuntzako guztiek burutzen dute.

3. LITXARKERIARIK EZ. Urtemugak ospatzeko ekartzen dituzten janarien artean, azukre gutxi daukaten janariak ekarri behar dituzte. Ekintza hau umeekin eta familiekin lantzen dugu. Gurasoak kurtso hasierako bileretan inplikatzen ditugu, eta beraien laguntzaz eskolan (eta ahal bada kanpoan ere bai) hainbeste gozoki ez jatea lortzen dugu.

EKINTZEN HELBURUA:

Ohitura osantsuak ezarri txiki-txikitatik, honela, aurrerantzean, barneratuak izan daitezen.

NOIZTIK?: Aurtengoarekin zortzi ikasturte daramatzagu ekintza hauek burutzen.

GURASOEN ERANTZUNA:

Ados agertzen dira, gogotsu parte hartzen dutelarik. Beraien esanetan, haurrek bost urtera heltzen direnean, etxean ere ildo horretatik jarraitzea eskatzen dute.